Rober Gutierrez

"Mendizorrotza betetzeko lan handia egin beharko litzateke gaur"

Anakoz Amenabar 2024ko ots. 9a, 06:00

Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkarteak Gasteizen duen egoitzan. Argazkia: ALEA

Bai Euskarari kanpainako estadioetako ekitaldiarekin eman zion hasiera Rober Gutierrezek 25 urtez luzatu den etapari, eta beste aro bati ekingo dio orain, aurrerantzean ere euskalgintzari lotuta. Garai berrietarako, euskararen biziberritzean, epe ertain eta luzerako adostasun eta akordio zabalak galdegin ditu.

Kontseiluan lehendabizi, eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari moduan gero, 25 urteko etapari amaiera eman dio Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970) urtarrila amaitzearekin. Erabakia hartu zuenetik "atzera begira" izan dela aitortu du, maila profesionalean eta pertsonalean izan dituen aldaketak gogoan. "Alor profesionalari dagokionez, izugarria izan da urte hauetan egin dugun guztia, ibilbidean izan ditugun lorpenak; proiektu eta lankidetza guztiekin geratzen naiz".

Euskalgintzaren beste adar batean ari zinen Bai Euskarari proiektuan hasi aurretik, ezta?

AEKn aritu nintzen sei bat urtez euskara irakasle, eta beste ardura postu batzuetan gero, Gasteizko koordinazioan edota Korrika lantaldean. Orduan hasi ziren Kontseiluaren sorreraren inguruko urratsak egiten, Euskararen Unibertsoa jardunaldiak ere 1997an, eta ikusi zen nazio mailako erakunde bat sortzeko asmoa zegoela euskalgintza trinkotzeari begira, baina baita maila sozialean eta politikoan eragiteko ere. Bai Euskarari kanpainarekin batera, bost estadioetako ekitaldia antolatzen hasi ziren, eta Arabako antolaketarako ardura eskaini zidaten. Kontseiluaren lehendabiziko mugarri garrantzitsua izan zen ekitaldi hori, 120.000 pertsona batu zituena, izugarrizko ekimena izan zen; kontuan izan zer teknologia genuen orduan,  sekulakoa izan zen bost estadioak aldi berean konektatzea satelite bidez, egitura berbera zuen ekitaldia antolatzea eta ETBn emateko grabatzea. Jende askoren lana behar izan zuen.

Mendizorrotza beteko ote zen zalantza zegoen?

Bai, noski. Gogoan dut hemen Gasteizen egin genituen aurkezpen prentsaurrekoetan kazetariak nahiko eszeptiko zeudela. Nola? Mendizorrotza bete behar duzuela? Eta aldi berean konektatu? Ez zuten horretan gehiegi sinisten. Aurreikuspenak bete egin ziren azkenean, eta jende pilo bat geratu zen estadio guztietan sartu ezinik.

Gaur erraz beteko litzateke?

Gaur egun, lan handia egin beharko litzateke. Ekimen askoren ondorioa izan zen kanpaina hura. Batez ere, maila sozialean eragitea zen kanpaina honen xedea, eta ondo planifikatutako prozesu bat izan zen. Aldeko baldintza ugari zegoen kanpaina hura ondo atera zedin: euskalgintzaren babesa, garaiko alderdi politiko eta zenbait komunikabideren babesa... Gaur egun, baldintza horiek ematen dira? Ziurrenik, euskalgintza barruan ez dago halako kanpaina bati heltzeko nahikoa gaitasun, eta laguntzen ez duten beste baldintza batzuk ere baditugu.

Erosoegi ote gaude?

Gaur egun ere badaude militanteak, badaude aktibistak, lagun asko dago oraindik jarrera hori mantentzen duena eta halako helburu bat lortzearren borrokan ari dena, baina ziurrenik duela 25 urte askoz nabarmenagoa zen hori. Gizartearen aldetik askoz presio handiagoa zegoen. Oso eroso bizi gara gaur, bai. Grazia egiten didate change.org moduko kanpainek; ematen du halako sinadura bilketa bati esker emaitzak lortuko direla, eta hori da gaur egun aktibismoa zentzu askotan. Horrekin oso kritikoa naiz. Kalera atera behar da, gure eskubideengatik borrokatu behar dugu.

"Gasteizko Udalean eta Arabako Aldundian oso periferikoa da euskararen gaia"

Bai Euskarari Ziurtagiria izan zen hurrengo mugarria?

Bost estadioetako kanpainaren ondoren, Kontseiluak ikusi zuen zabaltzen ari ziren ideia horien atzetik bazegoela babes sozial bat, gizartea prest zegoela konpromiso bat hartzeko eta euskararen aldeko neurri zehatzak hartzeko, eta hori errazteko ibilbide bat proposatu zuen. Bai Euskarari akordioaren prozesua abiatu zen, Euskal Herri mailako plan estrategiko bat, 25 sektore hartzen zituena. Inportanteena izan zen sektore horietako gizarte eragileek parte hartu zutela, prozesu sozial bat izan zen. Sektore bakoitzeko diagnostiko bat egin zuten parte hartzaileek, helburu proposamen eta ekintza plan batekin, eta hor kokatzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren sorrera. Planeko konpromisoak hartzen zituzten entitateak identifikatu ahal izateko mekanismo bat sortzea proposatu zioten Kontseiluari, eta 2000. urtean planaren diseinua bukatu zenean hasi ginen lanen ziurtagiriarekin.

Nolako ibilbidea egin du urte hauetan? Zer emaitza utzi ditu Araban?

Momentu honetan, guztira, 1.300 bat ziurtagiri daude, eta horietatik 180 bat Arabakoak. Horiek dira modu iraunkor batez garatzen ari direnak eta maila bat akreditatu dutenak. Kopuruei begiratuta oso txikia da, baina oro har Euskal Herriari begiratuta %1era ere ez da iristen euskara plan batean sartuta dauden enpresak. Kopuruak horiek dira; oraindik horrela gaude.

Zailtasun asko dago enpresetara heltzeko? Konpromiso zaila ote da askorentzat?

Zaila ez da. Ziurtagiriarekin guk bide hori errazten diegu; tresnak eskaintzen dizkiegu gutxieneko planifikazioa antolatu eta urtean zehar planifikazioa egin ahal izateko. Faktore asko daude, ordea. Motibazio ugari egon daitezke, baina administrazioari begiratzen badiogu, adibidez, enpresei ez zaie eskatzen gutxieneko betekizun bat hizkuntzaren kudeaketari dagokionez, eta horrek eragingo luke. Sistema oso bat behar dugula uste dut. Hemen alor honetan hainbat aktore ari gara lanean, enpresa, zuzendaritza eta langile artean, eta aztertu beharko litzateke zein den epe ertain eta luzera begirako ikuspegia, eta zehaztu beharko lirateke zeintzuk diren bakoitzaren betebeharrak. Horrela errazago litzateke enpresa munduan eragitea. Bestela, bitartean, batzuek euren borondatez zerbait egingo dute, eta gehienek ez; ekimenak izango dira han eta hemen, baina beti izango dira ekimen isolatuak.

Administrazioarekin nolako elkarlana izan da?

Ibilbide honetan bolada onak izan ditugu eta beste batzuk ez hain egokiak.

Alderdiaren araberakoa izan da?

Uste dut pertsonen araberakoa dela gehiago. Ziurtagiria martxan jarri eta gero, Kontseiluaren barruan zazpi urte egin genituen, eta 2007an sortu genuen Bai Euskarari Elkartea. Erabaki zuten ziurtagiriaren proiektua Kontseilutik ateratzea eta beste erakunde batzuekin partekatzea, alor sozioekonomikoan egin behar den lana ez baitagokio bakarrik euskalgintzari. Administrazioak ere baditu bere betekizunak, enpresek ere, sindikatuek... Orduan hasi ginen lehen harremanekin. Garai hartan nahi genuen alor sozioekonomikoari begirako erakunde makro bat, hainbat betekizun izan beharko zituena, eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu genion asmoa. Hiruko gobernuak –EAJ, EA eta EB– ez zuen halakorik nahi euskalgintzarekin, eta proiektua babestu beharrean, ideia "klonatu" egin zuten.Ondoren ere izan ditugu harremanak EAJrekin, Arabako Aldundiarekin esaterako, eta Lazarraga sariak moduko proiektuak beraiekin batera antolatu ditugu, adibide bat jartzearren. Gasteizko Udalarekin dugun hitzarmena, aldiz, Javier Marotoren garaian sinatu zen, eta BaraÒainen ere UPNrekin aritu izan gara. Gaur egun, Jaurlaritzarekin harreman ona dago, gainera, besteak beste, Bikain ziurtagiriaren barruan, Bai Euskarari ari da Harrobi diploma kudeatzen. Alegia, Bai Euskarari Elkartearen aldetik beti egon da elkarlanerako borondate bat, elkarlanak lortu izan ditugu, eta baita arrarotzat jotzen diren akordio horiek ere.

Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko asmoz, lurraldeko enpresen foroa antolatzen dute. Argazkia: Bai Euskarari Elkartea.

Ziurtagiriarekin batera, bide honetan hainbat egitasmo antolatu dituzue: Lansarean, Enpresarean, Lazarraga Sariak...

Elkartea 2007an sortu genuen, eta beste erakunde batzuk ere parte hartuko zuten egitura bat sortzeko enkargua jaso genuen, haiek ere proiektu honen kudeaketan parte hartzeko. Ziurtagiria bideragarri izatea lortu genuen, eta, batez ere, 2010etik aurrera, proiektu berriak jarri ziren abian. Ikusi genuen ziurtagiria duten entitate horiek behar batzuk dituztela, eta, neurri handi batean, bide honetan sortu ditugun proiektu guztiak bideratuta egon dira ziurtagiridunen behar horiei erantzutera. Ziurtagiridunek, adibidez, zailtasunak zituzten hornitzaile euskaldunak bilatzeko, eta Enpresarean proiektua martxan jarri genuen, mahai gainean jarriz euskaraz lan egiten zuten enpresa eta profesionalak; gaur egun azokak antolatzen dira bi urtetik behin, jardunaldiak eta foroak, telebista saioak... Euskaraz lan egiten duten profesionalen sare bat lortzen ari gara, eta eurentzat interesekoak diren gaiak lantzen. Momentu honetan adimen artifizialarekin ari gara, esate baterako; euskaraz oso gutxi dago horren inguruan, behar bat detektatu dugu, eta saiatzen ari gara horren inguruko enpresak identifikatzen eta lanketa guztia euskaraz egiten. Enpresen finantziazioaren inguruan, nazioartekotzeaz, garapen iraunkorrerako helburuen inguruan... beste hainbatetaz ere aritu gara. Proiektuen artean, Lansarean lan ataria ere nabarmenduko nuke. Lan ataririk ez zegoen euskaraz, eta 2014an lortu genuen. Enpresek aukera dute beraien lan eskaintzen berri euskaraz emateko, euskaraz kudeatzeko eta hautagai euskaldunak topatzeko. Milaka erabiltzailerekin, 2023an inoizko daturik onenak lortu ditugu.

Alor sozioekonomikoaz harago, duela 25 urte baino hobeto dago euskara?

Bai, hobeto gaude. Ondo gaude? Ez dakit. Esango nuke oraindik ere lan ugari geratzen dela. Botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoen hortan, botilak zulo asko ditu eta ura galtzen du. Etengabe adabakiak jartzen joan behar dugu ur gehiago ez galtzeko, eta, era berean, botila hori betetzen jarraitu behar dugu. Orain dela 25 urte askok esaten zuten hezkuntza sistemari esker lortuko genuela herri hau euskalduntzea; urteak pasa dira eta ikusi dugu hori ez dela horrela. Gainera hezkuntza sistemarekin kezka dugu. Izan ditugun emaitzak ikusita, orain lege berri bat onartu dute eta horretan betikotzen ari dira orain arte nahi genuen emaitza eman ez duten formula horiek: ereduen sistemak hor jarraitzen du. Hori hezkuntzari dagokionez, baina beste alor batzuetan ere ikusten ari gara. Planifikazio egoki bat behar da, eta hori ez da behar bezala egiten ari. Ikus entzunezkoetara joaten baldin bagara, esaterako, ikusten dugu zer gabezi dagoen plataformetan...

Berria egunkariak eman du aste honetan datua: azken bi hilabeteetan ETBk 86 film eman ditu gaztelaniaz, bakarra euskaraz.

Oso esanguratsua da. Erakunde publiko batek egiten duen kudeaketa desegoki baten ondorio da hori. Euskararen sustapenerako ere baliatu behar zuten tresna bat ikusten ari gara gaur egun ez dela helburu hori betetzen ari.

"Alor honetan eragile diren aktore guztiek landuko duten ekinbide bat behar da"

Euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzea helburu, 'Aroa' plan estrategikoa aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak.

Seguru asko ekarriko ditu hobekuntza batzuk. Baina niri urte hauetan tokatu izan zait administrazio diferenteen planetan parte hartzea, eta batzuetan deja vu sentsazioa daukat, bai planak egiten direnean eta baita balorazioak egiten direnean ere, ziklikoki errepikatzen direlako aurretik agertu izan diren helburuak eta balantzeak. Niretzat hori oso kezkagarria da. Epe ertain eta luzera begirako ikuspegi bat behar da, eta gehienetan administrazioetan epe oso laburrerako izaten dira, dagozkien lau urtera begirako planak egiten dira, askotan kontuan hartu gabe aurretik egin dena. Beharrezkoa da ekinbide bat alor honetan eragiten duten eragile guztiek landuko dutena eta horien jarraipena egin ahal izatea, eta plan hori garatzeko baliabideak behar dira. Hurrengo gobernuak lehentasunen artean izango ditu plan horretan zehazten direnak? Hala bada, ondo; bestela oso txikira jokatzen egongo gara, eta uste dut handira jokatu behar dela.

Oldarraldi judiziala ikusi dugu azken hilabeteetan, beste alde batetik, udaletako euskarazko jardunaren kontra...

Oso arriskutsua da, urteetan lortutako kontsentsu eta adostasun soziopolitiko batzuk puskatzera datorrelako oldarraldi judizial hori. Elikatu ditugun kontsentsu horiek ondo finkatu beharrean, urteetako ibilbide bat galzorian jar dezake horrelako erabaki judizial batek, eta batzuetan gizarte osoaren hizkuntza eskubideen gainetik jartzen dira pertsona gutxi batzuen lan eskubideak. Administrazio batekin aritzen naizenean nahi dudana da euskaraz eroso aritzeko aukera izatea eta ez eztabaidan ibili behar izatea leihatilan dagoenarekin. Administrazioak bermatu behar du euskarazko harreman hori bere hiritar guztiekin, eta hori zalantzan jartzen duen sententzia bat nire ustez oso kezkagarria da.

Enpresa eta profesionalen arteko elkarlana sustatzen dute Enpresarean ekimenaren bitartez. Argazkia: Bai Euskarari Elkartea.

Besteak beste, Geu elkartearen dinamizatzaile taldean ere ari zara. Nolako osasuna du euskalgintzak Gasteizen?

Uste dut momentu honetan Gasteizen dauden erakunde horiek bere eginbehar horri ematen diotela lehentasuna. Euskara Elkargunearen bitartez elkartu ohi gara, eta uste dut horrek laguntzen digula irudi osatua izaten. Auzoetan ere dinamika bat sortzen ari da eta hori ere oso aberatsa ari da izaten. Baina bereari heltzen dio bakoitzak, eta falta zaigu Gasteiz mailan koordinazio eraginkorrago bat izatea beste modu batez eragin ahal izateko hirian eta politika publiko horietan.

Gasteiz Antzokiaren zain jarraitzen dugu, bitartean...

Denbora gehiegi pasa da Izaskun Arrue kulturgunea irekiko zutela esan zutenetik, eta oraindik ere ez dakigu noiz irekiko duten. Kezka handiz bizi dut kontu hau. Pandemiaren ostean Oihaneder Euskararen Etxearen proiektua standbyn utzi behar izan zen kulturgune honi heltzeko, eta ikusten ari gara Oihanederren lortu zena ari dela pixkanaka erortzen. Lortu zen Gasteizko euskaltzale euskaldunontzat erreferentziazko bilgune bat izatea, kultur egitarau zabal eta aberats batekin, publiko guztientzat, eta azkeneko urte hauetan geratu gara erreferentziazko gunerik gabe, baina txarrena da ez daukagula B planik, ez daukagu beste bat bitartean, eta momentu honetan ez dakigu noiz zabalduko duten; galdetuta ere, udal talde politikoek ez digute esaten noiz zabalduko duten. Oso kudeaketa txarra egin zuen aurreko udal gobernuak, proiektu bat agindu zutelako eta ez dutelako gaitasunik izan hori behar bezala bete ahal izateko, eta udal gobernu berriarekin ere ez dakigu noiz zabalduko dituen ateak. Baina kezkagarriena da udaleko oposizioko taldeek ere ez dutela behar bezalako jarraipenik egin.

Baliabide nahikorik jartzen da?

Udalari eta Diputazioari begira, euskararen gaia oso periferikoa da. Bi erakundeetan ez dute lortzen euskara zeharlerroa izatea; politika publiko guztietan kontuan hartu beharko litzateke hala balitz, sail guztietan, bakoitzean aurrekontu batekin... baina ez da euskara kontuan hartzen, edo oso modu bazterrekoan. Zenbat diru bideratzen Gasteizko Udalak euskararen sustapenera? Oso portzentaje txikia da. Periferiatik atera eta zeharlerroa izan behar da politika instituzional guztietan.

Hemendik aurrera, etapa berrian ere euskalgintzari lotuta jarraituko duzu?

Zerbait garbi baldin badaukat da hurrengo lana nahiko nukeela Gasteizen izatea, kotxerik hartu behar ez izatea eta euskararekin lotuta egotea. Baina aitortu behar dizut uzteko erabakia hartu nuenetik horretan pentsatzen jartzen hasten naizenean ez dudala argi ikusten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago