Bai Euskarari elkartean Rober Gutierrezen lekukoa hartuko du Ibon Arrizabalaga de Mingok

Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 20:30

Rober Gutierrez, ezkerrean; eskuinean, Ibon Arrizabalaga de Mingo. Argazkiak: Bai Euskarari

Bai Euskarari elkartearen zuzendari Rober Gutierrez gasteiztarrak proiektua utzi du, eta Ibon Arrizabalaga de Mingo oriotarra izango da zuzendaria aurrerantzean.

Zuzendari berria du Bai Euskarari elkarteak: proiektua utzi du orain arte zuzendari izan den Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970), eta haren lekua hartu du Ibon Arrizabalaga de Mingok (Orio, 1973).

Gutierrezek 25 urte egin ditu Bai Euskarari proiektuan, alor sozioekonomikoan euskararen sustapenari eta kudeaketari erabat lotutako ibilbidea eginez. Lehenik, Kontseiluan; eta, ondoren, elkartea sortu zenetik zuzendari, hemezortzi urtez. Aurretik, AEKn euskara irakasle izandakoa ere bada. "Etapa berri bati" ekingo dio orain, elkarteak ohar bidez azaldu duenez. Besteak beste, Arabako Foru Aldundiaren Euskara Batzordeko kidea, Gasteizko Udaleko Euskara Elkarguneko ordezkaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Foroko kidea eta GEU Elkartearen talde dinamizatzaileko kidea izaten jarraituko du.

Elkartean egin duen ibilbideaz, lorpenez eta arantzez aritu da Gutierrez Bai Euskarari elkartearen webgunean argitaratutako elkarrizketa honetan.

Bestalde, Arrizabalaga de Mingo Arte Ederretan lizentziaduna da, baina beste esparru batzuk jorratu ditu bere ibilbide profesionalean. Azken hogei urteetan hezkidetza, sexu hezkuntza eta tratu onen kultura ardatz dituen Arremanitz kooperatibako kide izan da. Bai Euskarari elkartea zuzentzeko erronka "pozik" eta "arduraz" hartu du, elkarrizketa honetan azaldu duenez.

Bai Euskarari elkartea

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea da Bai Euskarari elkartearen helburua. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi zuten ibilbidea, eta lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari dira eskura jartzen. Proiektu propioak sortu dituzte, besteak beste: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan ataria, Euskaragileak, Elkarrengandik ikasiz solasaldiak...

Beste zenbaitetan, Bai Euskarari elkartea elkarlanean aritzen da beste eragileekin: Lazarraga Sariak, Euspot Lehiaketa, Beterri-Saretuz... Eta erakundeei ere zerbitzua eskaintzen hasiak dira, hala nola Arabako Enpresen Foroa, Euskara Langai eta abar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago