Zaramaga auzoa biziberritzeko proiektuan jasota dagoenari jarraiki, etxebizitzen birgaitzea egiteko diru laguntzak onartu ditu Gasteizko Udalak. Orotara, 24 jabeen komunitate lotuko dira proiektuari, 358 etxebizitzatan. Aurkeztutako eskarietan deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla ikusi ondoren, aste honetan diru laguntzak onetsi dituzte.
Guztira 14,6 milioi euro inguru bideratuko dituzte. Hamalau jabe komunitatek erabaki dute igogailua instalatzea; beste hiruk kabinak aldatuko dituzte, eta hiruk irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, zero kota lortzeko obrak eginez.
23 eraikinetan energia kontsumoa %60 baino gehiago murrizteko lanak onartu dituzte. Lan horien kostuaren %70 diru laguntzen bidez berreskuratuko dute. Gainerako eraikinak, berriz, %45-60 arteko aurrezkia lortuko du, %65 arteko laguntzarekin.
Jaurlaritzak abiatutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planak jasotzen dituen jardueretako bat da hau; guztira, 31 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute 1960ko hamarkadako industrializazioan jaiotako auzoan.
Deskarbonizazioa helburu
Besteak beste, Europako Batzordeak bultzatutako Urbanew programan sartuko dute Zaramaga, "deskarbonizazioa bizkortzeko" eta energia berriztagarrien "integrazioa sustatzeko". Horretarako, "autokontsumoaren eta energia komunitate berriztagarrien" aldeko apustua egingo dute, baita udal eraikinetan ere.
Auzoa biziberritzeko plana udal gobernuaren "konpromiso estrategikotzat" jo du Maider Etxebarria alkateak. Haren esanetan, "hiri mailako birgaitzea eta berroneratzea" lortzeaz gain, "gizarte, kultura eta era guztietako biziberritzea" lortu nahi dute.