Akordioa eta greba bertan behera itunpeko hezkuntzan

Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 10:00

Itunpeko hezkuntzako langileen mobilizazio bat Gasteizen. Argazkia: ELA

Astearte goizaldean, LAB izan ezik sindikatu guztiek sinatutako aurreakordioak amaiera eman dio Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebari. Besteak beste, %16ko soldata igoera eta lanaldia murrizteko neurriak adostu dituzte.

Astearte honetan, ELA, LAB, UGT, CCOO eta STEILAS sindikatuek 2024ko urtarrilean eta otsailean deitutako hamar greba egunetako seigarrena deituta zegoen EAEko itunpeko hezkuntzan, 2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena berritzeko negoziazio gogorren erdian.

In extremis, goizaldeko ordu txikiak arte luzatu den negoziazio mahaian, aurreakordioa sinatu dute sindikatu guztiek, LAB izan ezik (soldatak irakaskuntza publikoko langileekin parekatzen ez direla iritzita). Adostutako neurri nagusia %16ko soldata igoera da, bai eta lanaldi, lan karga zein ordu murrizketa ere. Goizean zehar sindikatuen kidegoek berretsi beharko dute akordioa, baina greba bertan behera utzi dute dagoeneko, gaurtik aurrera, hamalau lanuzteren ostean.

Hitzarmen berriak 2021etik 2024ra bitarteko indarraldia izango du; beraz, 2025ean iraungita izango da berriz ere, eta sindikatuek eta patronalek negoziazioei berrekin beharko diete.

Guztira, irakaskuntzako zein beste arloetako 9.000 langile ingururi eragingo die lan baldintzen hobekuntzak, 130.000 ikasle biltzen dituzten Gizarte Ekimeneko itunpeko 200 ikastetxetan. Arabaren kasuan, 30.000 ikasle inguru dituzten hogei bat ikastetxetako 1.500 langile dira, Kristau Eskola, IZEA eta Egibidekoak.

Akordioaren gakoak

Sektoreko %58ko ordezkaritza duen ELA sindikatuak aurreakordioa babestu du, eta bere afiliatuek dagoeneko berretsi egin dute asanbladan. Sindikatuaren ustez, akordioak "hiru aldarri nagusiei" erantzuten die: "Erosahalmena bermatuko da, lan kargak arinduko dira eta lanpostuei eutsiko zaie".

Lan karga murriztearekin lotutako hobekuntzen garrantzia azpimarratu du ELAk, "ikasleei arreta hobea eskaintzeko denbora gehiago" suposatuko duelako, eta zenbait neurri nabarmendu ditu:

  • Lanaldien murrizketa: gutxienez ordubete irakasle eta etapa guztietan, eta beste ordu osagarri bat gutxienez izango dute irakasleek.
  • Haur Hezkuntzan: urtean 20 ordu gutxiago irakasleentzat, eta 38 ordu gutxiago laguntzaileek.
  • Hezkuntza Laguntzaile Espezialistak: 20 orduko murrizketez gain, ordu osagarri gehiago izango dituzte: hiru gehiago lanaldi osoan daudenek, bi lanaldi erdiarekin.

Enpleguari begira, birkokapen akordioa eta erreglamendua azpimarratu ditu ELAk, "neurri zehatz eta eraginkorrekin". Horrez gain, Hezkuntza Sailari birkokapen akordioa berritzeko eskaera egingo dio. "Neurri horrekin, haur kopuruen txikiagotzeari eta erretiroei erantzungo zaie, lanposturik suntsitu eta okertu gabe", ELAren arabera.

Lanbide Heziketari dagokionez, 19 ikasletik gorako praktika eskoletan bigarren irakasle bat gehituko da, eta, besteak beste, lantokiko formazioko hainbat esparrutan ikasleen jarraipena egiteko ordu gehiago bermatuko dira.

LAB, ekiparazioaren alde

Bere aldetik, aurreakordioarekin bat ez egitea erabaki du LAB sindikatuak, baldintzak irakaskuntza publikoko langileekin parekatzen ez direla iritzita (%18 eta %20ko igoerari uko egin baitzaio). Nolanahi ere, sinatu ez duen arren, bere oinarriekin baloratuko du aurreakordioa, behin betiko erabakia hartzeko.

"LABek ekainaren 1eko akordio laboralean adostu zituen enplegua mantentzeko neurriak jaso dira, eta lan zametan eta birkokapen prozesuetan aurrerapausoak daude", sindikatu abertzalearen ustez. "Langileen indarraren ondorioz patronalak mugiarazi ditugu, eta, azkenik, lan hitzarmen berri baterako oinarriak jartzen dituen proposamena aurkeztu da", aitortu du LABek.

LABek "greba eta mobilizazioetan parte hartu duten langileak" zoriondu ditu, eta "lan hitzarmenaren zein enplegua mantentzeko neurrien garapenean orain arte bezala era aktibo batean parte hartuko duela" berretsi du. Eta, azkenik, patronalei "akordioaren gauzatzean arreta berezia" jarriko duela ohartarazi die, "langileei dagokiena lortzeko borrokatuz eta hezkuntzako sare publiko bakar, propio eta deszentralizatua eskuratzeko bidean langile guztiei eskaintza integrala eginez".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago