Astebeteko grebari ekin diote itunpeko ikastetxeetako langileek

Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 18:00

Gasteizko mobilizazioaren hasiera, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: ELA

Sindikatuen arabera, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen %70 baino gehiagok bat egin du lehen greba egunarekin, urriko lanuzteen jarraipena gaindituta. Hitzarmena berritzeko negoziazioak "aurrerapausorik gabe" jarraitzen du.

Grebara itzuli dira gaur EAEko itunpeko hezkuntzako langileak, urrian eta abenduan ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitutako zortzi greba egunetako laugarrenean. Aste honetarako deitutako bost lanuzteetako lehenengoa izan da gaurkoa.

Sindikatuen arabera, langileen %70ak baino gehiagok babestu du gaurko lanuztea, apirilaren 25eko zein urriko hiru greba egunetako jarraipena gaindituta. Kristau Eskolaren arabera, berriz, jarraipena %17,33koa izan da Araban.

Guztira, irakaskuntzako zein beste arloetako 9.000 langile inguru daude grebara deituta, 130.000 ikasle biltzen dituzten Gizarte Ekimeneko itunpeko 200 ikastetxetan. Arabaren kasuan, 30.000 ikasle inguru dituzten hogei bat ikastetxetako 1.500 langile dira, Kristau Eskola, IZEA eta Egibidekoak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan egindako kalejira, pikete, ekintza zein manifestazioetan 5.000 langile inguru bildu dira, sindikatuen datuen arabera.

Greba deialdiaren helburu nagusia da 2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena "lehenbailehen" berritzea. Sindikatuek gogora ekarri dutenez, aurreko hitzarmena hamar urtez berritu gabe egon zen, eta 29 greba egun egin zituzten berria lortzeko.

Negoziazioa, "aurrerapausorik gabe"

Oraingo negoziazio prozesuaren azken bilera azaroaren 27rako deitu zuten patronalek, azken mahai negoziatzailetik bederatzi hilabete igarota: "Mobilizazioek behartutako mahai horretara, ordea, ez zuten inolako proposamenik ekarri", kritikatu dute sindikatuek. Halaber, Hezkuntza Sailarekin abenduaren 5ean egindako bilera ere "aurrerapausorik gabe" amaitu zela salatu dute.

"Aurreko gatazkaren bide beretik ez joateko borondatea adierazi dugu, eta hitzarmena lehenbailehen adostea ahalbidetuko duten proposamenak mahaira ekartzeko eskatu diegu patronalei", azaldu dute sindikatuek, ohar bateratu batean. "Hezkuntza Sailari ere gatazkaren irtenbidean esku har dezala galdegin diogu".

Hitzarmen berriari begira, sindikatuen aldarrikapen nagusiak dira, besteak beste, lan zamak arintzeko neurriak, hobekuntzak sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat, KPIa bermatzeko soldata igoerak, lanpostuak mantentzeko neurriak eta Lanbide Heziketako irakasleen lan baldintzak hobetzea. Horrez gain, euskara zein berdintasun planak garatzea eskatu dute, bai eta lan osasuna bermatzeko eta, bereziki, arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere.

ABENDUKO MOBILIZAZIO EGUTEGIA

Lehenengo greba egunean, Gasteizen, ikastetxeetako pikete informatiboak eta 11:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatutako manifestazioa izan dira ekintza nagusiak.

Datozen egunetarako askotariko mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek: asteartean, kotxe karabana Mendizabaletik eta elkarretaratzea San Viator ikastetxean; asteazkenean, piketeak ikastetxeetan eta manifestazio bateratua Bilbon; ostegunean, piketeak ikastetxeetan eta elkarretaratzea Egibideko Jesus Obrero ikastetxean; eta ostiralean, piketeak ikastetxeetan eta manifestazio bateratua Bilbon.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago