Luzatzen ari da EAEko itunpeko hezkuntzako hitzarmena (2021eko abendutik iraungita) berritzeko negoziazioa. Urriko hiru greba egunen eta abenduko astebeteko grebaren ostean, gaur protestara itzuli dira Kristau Eskola, IZEA eta Egibideko langileak. Oraingoan, lehenago akordiorik lortzen ez bada, hamar greba egun izango dira: gaur hasita, urtarrilaren 17an, 18an, 23an, 24an eta 25ean eta otsailaren 6an, 7an, 8an, 19an eta 20an.
Guztira, irakaskuntzako zein beste arloetako 9.000 langile inguru daude grebara deituta, 130.000 ikasle biltzen dituzten Gizarte Ekimeneko itunpeko 200 ikastetxetan. Arabaren kasuan, 30.000 ikasle inguru dituzten hogei bat ikastetxetako 1.500 langile dira.
Gaurkoan, jarraipena %65ekoa izan da sindikatuen arabera, eta %15ekoa Kristau Eskolaren arabera. Goizean goizetik, pikete informatiboak egin dituzte ikastetxeetan, eta 11:30ean manifestazioak egin dituzte hiriburuetan; Gasteizko kasuan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
ELA, LAB, UGT, CCOO eta STEILAS sindikatuen eta patronalaren arteko azken bilera atzo izan zen, asteartean, baina akordiorik gabe bukatu zen. Langileen aldarrikapen nagusiak dira, besteak beste, lan kargak arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzako hobekuntzak, KPIa bermatzeko soldata igoerak, lanpostuei eusteko neurriak eta Lanbide Heziketarako hobekuntzak, bai eta euskara, berdintasuna eta lan osasuna sustatzeko planak ere.
Argazkia: ELA
Ikastoletako akordioa, eredu
LAB sindikatuak lan hitzarmen berria erdiesteko aurreakordioa sinatu du ikastoletako mahai negoziatzailean. Orain, "Gizarte Ekimeneko mahaira eduki antzekoak ekarri behar direla" aldarrikatu du, langile publikoekiko "ekiparazioa eta lan baldintzen homologazioa" gauzatzeko neurriak adosteko; soldatari eta, bereziki, lan karga arintzeari begira.