Zortzi urte amiamokoen bisita jaso gabe gehiegitxo izan dira Zanbranako herritarrentzat, eta esku hartu behar izan dute. Udaberriaren enbaxadorearen zeharkaldiak faltan botatzen dituzte, eta zorionaren hegaztia herrira erakartzeko ondo antolatutako estrategia bat martxan jarri dute.
"Berreskuratu nahi dugu Zanbranan 1989. urtean sortu zen ideia bat. Zikoinaren Eguna ospatu zuten urte horretan, eta plataformak kokatu zituzten elizan eta herriko siloan, amiamokoak erakartzeko", azaldu du Adrian Gonzalo Ingurumen zinegotziak. Gainera, hegazti maitatuak animatzeko, bizilagun bat zikoinez mozorratu zen, eta kalejira bat egin zuten herrian zehar, txistulariekin. "Biologo bat ere kontratatu zuten, habiak ondo kokatzeko eta arriskurik ez egoteko", gaineratu du Gonzalok.
Estrategiak funtzionatu zuen eta bi bikote erroldatu ziren herrian. "Oso animalia maitatuak ziren, herriko plazara jaisten ziren eta zizareak jaten zituzten euria egiten zuenean; futbol zelairaino ere oinez joaten ziren...", gogoratu du zinegotziak. Ordutik, urtero, oso garaiz iritsi dira Zanbranara zikoinak, San Blas egunaren inguruan, puntual.
"Berreskuratu nahi dugu Zanbranan 1989an sortu zen Zikoinen Eguna"
Zoritxarrez, 2014ko egun garratz batean, habietako baten emea ez zen Afrikatik iritsi, beste habi baten arrautzak txitatzen ari zen bikotearen arra elektrokutatuta hil zen, eta errunaldia galdu zen, emeak ezin baitzuen hogeita lau orduz inkubatu. Ordutik, Zanbranan beste hainbat herritan bezala, ez dituzte amiamokoak ikusi.
Aurten, berriz, udalaren, jai batzordearen eta Aloya Alaia elkarte kulturalaren artean, Zikoinen Eguna antolatzea erabaki dute, maiatzaren 4an, modu sinbolikoan amiamokoei deiadarra egiteko. Elkarteari okurritu zitzaion 1989ko jaia berreskuratzea, askok ez dutelako bizi izan. "San queremos jaia da, azken finean", aitortu du zinegotziak.
Maiatzaren 4an, beraz, zikoinez mozorrotuko dira Zanbranako gazteak eta umeak, Aloya Alaia elkarteak tailerrak egingo baititu umeei amiamokoen mozorroak egiten irakasteko. Halaber, arratsaldean, herri kirol parte hartzaileak, dantzaldia eta musika izango dituzte, eta txosna ere jarriko du jai batzordeak. Tokiko ekoizleen merkatua antolatzeko asmoa ere badute, inguruko herrietako jendea bertara hurbiltzeko.
Zikoinak erakartzeko itxaropena dute Zanbranan. "Berantevillan eta Miranda Ebron, esate baterako, zikoinak daude herriaren erdian, eta Zanbrana herri lasaia da. Arazoa izan daiteke jatekoa aurki dezaketen ekosistemak desagertzen joan direla; eta hegaztientzat errazagoa da Gardelegin jatekoa aurkitzea eta Gasteiz inguruko herrietan, Arkautin edo Salburuko hezegunean, habiak egitea".
Otsailaren 3an, sanblasetan, zikoinek Zanbranan habia egiten badute, hegaztiak erakartzeko jaia beharrean ongi etorri jaia ospatuko dute zanbranarrek.
Erroskilak, kordoia, dantzak eta txerria
San Blas eguna da otsailaren 3a, eta neguari lotutako ospakizun tradizionalen asteari hasiera ematen zaio. Laster izango dira Santa Ageda –otsailaren 5ean– eta baita inauteriak ere. Eztarriko gaixotasunen abokatua izateagatik ezaguna da San Blas, baina artilezko kardatzaileen, pikapedreroen eta igeltseroen patroi ere bada. Leku batzuetan, haize bortitzen arriskuetatik babesteko ere eskatzen da laguntza (bi kandela bedeinkatu elkarren artean gurutzatuz), eta otsoak abereengandik urruntzeko. Euskal Herrian, San Blas hartzarekin ere lotzen da, naturaren birsortzea eta neguaren ondoren esnatzea irudikatzen duen animalia totemiko gisa. Normalean, garai hauetan hartza lozorrotik ateratzen da, eta gertaera hori gogoan izango dute, adibidez, Kuartangon. Bada, gure artean sanblasak oso ospetsuak dira Laudion, Paganosen, Dulantzin eta Legution. Kukutxe elkarteak 30 urte daramatza San Blas azoka eta jaia antolatzen Laudion, eta makina bat gosete arindu dituelako aukeratu zuten bere garaian txerria jaiaren protagonista gisa. Terentzio XIV.a izango da aurten protagonista, eta Aldai plazan izango da azoka, 10:00etatik aurrera. San Blas egun handia da ere Paganosen, eta bizilagunek San Blas eguneko mezaren ostean, plaza nagusian, Txulalai dantzatzen dute. Araba osoan bezala, Sanblaseko erroskilak jaten dituzte Legution eta Dulantzin, eta kordoia jartzen dute lepoan, bederatzi egunez, eztulik ez edukitzeko.