Solariaren proiektu fotovoltaikoak "legez kanpo" baimendu direla salatu dute

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 16a

Solariako teknikari bat zentral fotovoltaiko baten aurrean. Argazkia: Solaria

Eusko Jaurlaritzaren argi berdea lortu berri dute Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 zentral eolikoek. Oraindik izapidetzen ari den Lurralde Plan Sektorialak bi proiektuak debekatuko lituzkeela salatu du Eguzkik.

2023ko irailean ingurumen baimenak lortu ostean, Indarberri sozietateak —Solariak (%70) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%30) osatutakoa— Araban eraiki nahi dituen bi zentral fotovoltaikoentzako —Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2— aldez aurreko administrazio-baimena onartu du Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak.

Arratzua-Ubarrundia, Burgu eta Gasteiz udalerrien lursailetan eraiki nahi dituzten bi azpiegitura fotovoltaikoek 100 MWeko potentzia izango dute bien artean, bakoitzak 50 MW inguruko ahalmena izanik; guztira 180.000 eguzki-plaka baino gehiago izango dituzte; eta urtero 60.000 etxe inguru hornitzeko energia ekoitziko dute.

Orain, Indarberri sozietateak eraikitzeko administrazio-baimena eskatu beharko du sei hilabeteko epean, betiere proiektua dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpenera egokituz.

Lurralde Plan Sektoriala onartu gabe

Hala ere, Eguzki talde ekologistak ohartarazi duenez, Solariaren bi proiektuek hainbat arazo dituzte: alde batetik, panel gehienak "nekazaritza lursail emankorretan eta ureztatzeko lurretan" instalatu nahi dituztela; bestetik, hori "legez kanpokoa" litzatekeela gaur egun Eusko Jaurlaritzaren beraren ekimenez izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartuta balego.

Izan ere, indarrean dagoen EAEko Nekazaritzako Plan Sektorialak "balio agrologiko estrategiko handikotzat" jotzen ditu Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 proiektuen eraginpeko lursail gehienak. Hain zuzen ere, izapidetzen ari den LPSak espresuki debekatzen du parke fotovoltaikoak bertan eraikitzea.

"Hau eta beste proiektu fotovoltaikoen gainetik, Arabako lur emakorrak babestu egin behar dira. Are gehiago kontuan izanda panelak kalte egin gabe ezartzeko alternatibak badaudela; adibidez, lugorrietan edota industriaguneetako teilatuetan", aldarrikatu du Eguzkik. "Lur emankorrak galtzeak modu larrian eragiten die elikadura subiranotasunaren eta tokiko ekoizpen zein kontsumo katearen helburuei". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago