Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Indarberri sozietateak —Solariak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutakoa— Araban eraiki nahi dituen bi zentral fotovoltaikoentzako ingurumen baimenak onetsi ditu, baita ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpenak plazaratu ere.
Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 azpiegiturek 100 MWeko potentzia izango dute bien artean, bakoitzak 50 MWeko ahalmena izanik. Arratzua-Ubarrundia, Burgu eta Gasteiz udalerrien lursailetan eraiki nahi dituzte.
Sustatzaileen arabera, urtero 60.000 etxe inguru hornitzeko energia ekoitziko dute, eta funtzionamenduan dauden bitartean 1,5 milioi tona karbono dioxido isurtzea saihestuko dute.
Proiektuen aurka daudenek, ordea, azpiegitura horiek eraikitzeko balio handiko nekazaritza lurrak galduko direla salatu dute. Hain zuzen ere, une honetan, hirigintza elementuekin lotutako alegazio epea dago martxan.
"Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hauen onarpenak adierazten du bide onetik goazela energia garbi, berde eta iraunkorrean oinarritutako etorkizuna lortzeko", ospatu du Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak. "Euskadik ahalmen handia du eguzki-energia fotovoltaikoa garatzeko, eta guk, EEErekin eta lurraldearen babesarekin batera, aldaketa horretan parte hartu nahi dugu", gaineratu du Solariako zuzendari nagusi Dario Lopezek.