Iritzia

Vitoria Solar 1 makroproiektuak eragindako bizilagun baten gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Jose Javier Ruiz de Arkaute 2023ko ira. 29a, 18:00
Argi berdea lortu berri dute Solariaren Arabako bi proiektu fotovoltaikoek. Argazkia: PIXABAY

Aski da egia erdiak, ukazio absurduak, okultismoa, justifikazio errukitsuak eta presio lausotuak egiteaz! Hau idazten dut Solaria enpresa transnazionalak Arratzua-Ubarrundian gauzatu nahi duen Vitoria Solar 1 makroproiektuaren harira.

"Ingurumen, nekazaritza, kultura eta gizarte balio handiko eremua da Arratzua-Ubarrundia"

Gure udalerriak muga egiten du Gasteizekin, Uribarri Ganboa eta Urrunagako urtegiekin eta Debagoieneko eskualdearekin. Ingurumen, nekazaritza, kultura eta gizarte balio handiko eremua da, eta inguruko herritar asko joaten dira bertara, ekonomia, kultura, kirol eta aisialdi jarduerez gozatzeko. Gure udalerrian Arabako erreferentziazko ikastetxe bat dago, Ikasbidea Ikastola. Historikoki, kultura eta kirol jarduera ugari lotu dira harekin.

Arratzua-Ubarrundiak garrantzi handiko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera du (esnea, haragia, zerealak, proteaginosoak, oleaginosak, patata... ekoizten dira). Bizitegi erabilera garrantzitsu batekin uztartzen den jarduera horrek bere idiosinkrasia markatzen du, eta lurraldea egituratzen du. Azken batean, horrek guztiak gure udalerriko eguneroko bizitza irudikatzen du. Gisa horretako makroazpiegiturek hori guztia arrisku larrian jartzen dute.

Egunero hitz hutsekin bonbardatzen gaituzte: hala nola deskarbonizazioa, energia garbiak, elikadura subiranotasuna, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, belaunaldien arteko erreleboa, zero kilometro, "baserritik mahaira"... hitz hutsak, erakundeek errentagarritasun ekonomikoarekiko duten obsesioarekin indartzen duten errealitatearekin kontraesanean eta aurrez aurre baitaude.

"Egunero hitz hutsekin bonbardatzen gaituzte: deskarbonizazioa, energia garbiak, elikadura subiranotasuna, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea..."

Gure udalerrian inork ez dio erreparatu Vitoria Solar 1 makroproiektuaren berri eman beharrari, eta are gutxiago instalazio horrek zer ondorio itzulezin eta negargarri ekar ditzakeen aztertzeari; besteak beste, nekazaritzaren mundua ezaugarritzen duen oreka zailari dagokionez, edota gure udalerrian tamaina horretako makroproiektu batek gizartean eta bizikidetzan eragin dezakeen konfrontazioari zein ondorio larriei dagokionez.

Alde horretatik, uste dugu Uribarri Ganboako urtegia bera eraikitzean Arratzua-Ubarrundiak historikoki jasandakoak pentsarazten digu erabakiak beste era batera hartu beharko liratekeela: argudioetan oinarrituta, modu garden eta demokratikoan, planteatutako alternatibak aztertu ondoren. Ez enpresa handi baten egoitzan, udalerriko bizilagunek ezer jakin gabe.

Makroproiektu honek ez du zerikusirik ingurumen balioekin, eta are gutxiago hain kakaratua dagoen trantsizio energetikoarekin. Bere eraikuntzaren negozioarekin, funtsak erakartzearekin eta enpresa handien onurarako balio agrologiko handiko lurrak bereganatzearekin baino ez du zerikusia.

"Espero dut datozen belaunaldiek Arratzua-Ubarrundia gozatu, mimatu, zaindu eta bertan bizi eta lan egin ahal izatea"

Irtenbiderik ez duen gauza bakarra heriotza da, eta gaur egun heriotza zelatan dago gure udalerrian, makroproiektu hori gauzatzeko mehatxuarekin. Geldiarazi eta ezetsi egin behar dugu, oraindik bizia baitago.

Espero eta desio dut datozen belaunaldiek Arratzua-Ubarrundia gozatu, mimatu, zaindu eta bertan bizi eta lan egin ahal izatea. Gure lurraldeak bizirik eta aukeraz beteta jarraituko duen seinale izango da hori, gure aurrekoen lanari eta elkarbizitzari esker guk aurkitu dugun bezala.

Apalak, askeak eta independenteak izan gaitezen gure pentsamendu eta ideologietan, eta arduratsuak gure egintzetan.

Jose Javier Ruiz de Arkaute, Vitoria Solar 1 proiektuak eragindako bizilaguna (Arzubiaga) — Proiektu Honi Ez Arratzua-Ubarrundia

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide