2023. urtearen amaieran, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak iragarri zuen deskontu progresiboko sistema ezarriko zuela Alavabus eta Eskualdeko Garraioko lineen txartel arruntaren prezioan. Hasiera batean %56ko deskontua aurreikusi zuen Aldundiak, horretarako txartel pertsonalizatua izateko baldintzarekin.
Joan den astean, berriz, atzera egin eta BAT txartel arruntak (anonimoak) deskontuak mantenduko dituela iragarri zuten Euskotrenek eta Aldundiak; hau da, %50eko deskontua izaten jarraituko dutela Gasteizko tranbian eta hiri autobusetan zein Alavabusen autobusetan.
Astearte honetan pauso bat harago joan da Jon Nogales diputatua buru duen sailak: deskontu progresiboko sistema are gehiago hobetuko dute Alavabus eta Eskualdeko Garraioko lineen txartel arruntaren prezioan, eta BAT txartel pertsonalizatua duten ohiko erabiltzaileek %72rainoko hobaria izango dute.
"Horrela bete egiten dugu Espainiako Gobernuak berriki onetsitako %30eko deskontua eransteko eta foru zerbitzua ohiko joan-etorrietarako erabiltzen duten arabarrak saritzen jarraitzeko konpromisoa", aldarrikatu du Nogalesek. "Deskontu progresiboko sistema berria geratzeko iritsi da, foru garraioa gehien erabiltzen dutenei hobari gehiago emateko".
Zeintzuk izango dira deskontuak?
Sistema berriaren arabera, deskontu handiagoa izango dute garraio publikoa gehien erabiltzen dutenek, hileko bidaia kopuruaren arabera. Espainiako Gobernuaren %30eko deskontua erantsita, honako deskontuak izango dituzte BAT pertsonalizatuaren erabiltzaileek:
-
Hilean 1-20 bidaia: %62ko deskontua
-
Hilean 21-50 bidaia: %67ko deskontua
-
Hilean 51 bidaia edo gehiago: %72ko deskontua
Deskontuak automatikoki aplikatzen ari dira jada, urtarrilaren 1etik aurrera eta abenduaren 31ra arte. Izan ere, hileko bidaia kopuruaren araberako hobariaren zenbatekoa BAT txartel pertsonalizatuaren saldoan ordaintzen da, hurrengo hilabetean, txartela baliozkotzean.
BAT anonimoaren kasuan, erabiltzaileek otsailaren 1era arte itxaron beharko dute %50eko deskontu lineala (BARIK eta MUGI) izateko, baina 2025eko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da.
Nola pertsonalizatu BAT txartela?
BAT txartela doan pertsonalizatu daiteke tranbiaren bulegoan, Antso Jakituna kalean, bai eta Gasteizko autobus geltokian otsailaren 29ra arte irekita egongo den aldi baterako bulegoan ere. Erabiltzaileek Alavabus eta Eskualdeko Garraioko tarifa zein deskontuei buruzko zalantzak argitu ditzakete Foru Garraioaren Erabiltzaileentzako Arreta Integraleko Zerbitzuan (945 18 20 60) eta www.alavabus.eus web atarian.