2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak deskontu progresiboko sistema berria ezarriko du lurraldean. Sistema berriak %56rainoko hobaria ezarriko du Alavabus eta eskualdeko garraioko lineetarako txartel arruntaren prezioan.
Erabiltzaileek BAT txartel pertsonalizatua eduki beharko dute sistema berriaz baliatzeko. Orain arte bezala, tranbiaren informazio bulegoan egin ahal izango dute hori, Antso Jakitunaren kaleko 9. zenbakian, BAT txartel anonimo bat eta NANa aurkeztuta. Ordutegia 08:00etatik 19:30era izango da, astelehenetik ostiralera.
Gainera, 2023ko abenduaren 26tik 2024ko otsailaren 29ra bitartean, aldi baterako bulego bat jarriko dute Gasteizko autobus geltokian, izapide hori egin ahal izateko, astelehenetik ostiralera, 12:30etik 17:30era. Aurrerago xehetasun gehiagorekin azalduko dutenez, txartela pertsonalizatzeko puntu ibiltari bat egongo da Arabako herri nagusietan ere.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak eta Patricia Perez Mugikortasun Jasangarriaren zuzendariak prentsaurreko batean azaldu dutenez, Alavabus eta eskualde garraioko linea guztietan ezarriko da sistema berria, ibilbide luzekoetan izan ezik (Bilbo-Iruñea eta Bilbo-Logroño).
Zeintzuk izango dira deskontuak?
Sistema berriaren bitartez, bi tarifa politika bateratu nahi dituzte: alde batetik, deskontu linealean oinarritutakoa, erabiltzaile guztientzako hilean bidaia bat edo berrogei egiten dituzten alde batera utzita; bestetik, ohiko joan-etorrietarako foru garraioa erabiltzen dutenak saritzeko tarifa politika, denboran egonkorra, iraunkorra eta erakargarria.
Horren arabera, deskontu handiagoa izango dute garraio publikoa gehien erabiltzen dutenek:
-
Hilean 1-20 bidaia: %40ko deskontua
-
Hilean 21-50 bidaia: %48ko deskontua
-
Hilean 51 bidaia edo gehiago: %56eko deskontua
Euskal erakundeek kudeatzen dituzten garraiobide publikoetarako PSEk eta EAJk adostutako %20ko aparteko deskontua 2024ko abenduaren 31ra arte aplikatzea jasotzen da bide tarteen eskema horretan.
Nola erabili beharko da BAT txartela?
- 1. Erabiltzaileek normaltasunez erabiliko dute beren BAT txartel pertsonalizatua bidaiak %20ko deskontuarekin ordaintzeko.
- 2. Uneko hilabetea amaitutakoan, ibilbide guztiak zenbatu eta dagokion deskontu ehunekoa esleituko zaio txartela bakoitzari.
- 3. Automatikoki ordainduko da deskontuaren zenbatekoa, eurotan, BAT txartel pertsonalizatuaren saldoan, hurrengo hilabetean foru garraioko ibilgailuetan txartela berriro baliozkotzean.
BAT txartela pertsonalizatzea erabat doakoa da BAT txartel anonimoa izanez gero. Bestela, BAT txartelik izan ezean, 5 euroren truke eskura daiteke, 2 euroko saldoa barne; benetako kostua, beraz, 3 eurokoa da.
Jon Nogales Mugikortasun diputatua eta Patricia Perez Mugikortasun zuzendaria. AFA