Deskontuak mantenduko ditu BAT txartel arruntak

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 4a

2023ko deskontua mantenduko dute Gasteizko tranbiak eta Alavabusek. Argazkia: ALEA

Duela astebete deskontuak txartel pertsonalizatua zutenentzako soilik izango zela iragarri zuten. 

BAT txartel arruntarekin egindako bidaiek %50eko deskontua izaten jarraituko dute, momentuz, Gasteizko tranbian eta Alavabusen autobusetan. Hasiera batean deskontua soilik "txartel pertsonalizatuarekin" izango zela iragarri bazuten ere, atzera egin dute PSEk eta EAJk.

Duela astebete deskontua BAT pertsonalizatuarekin eta abonuentzat bakarrik izango zela iragarri zuten, eta horrek zalaparta eta ilarak eragin zituen Euskotrenek dituen bulegoetan. Gobernukideek asteazken gauean egindako bileraren ostean, aldiz, 2023ko prezioei eustea erabaki dute, bidaietarako txartel anonimoa izan ala ez. Hala izango da tranbian, behintzat; autobusetan, aldiz, "pizgarria" izango da txartel berezia, iragarri dutenez, baina oraindik ez da neurria indarrean sartu.

Garraio publikoa gehiago erabiltzen dutenak gehiago sarituko dituzte, Aldunditik gogoratu dutenez, oraindik xehetasunik eman ez badute ere; erabileraren arabera, %56ra arteko deskontuak iragarri dituzte Alavabusen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago