Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, eta gehiengo sindikalaren babesarekin, greba feminista orokorra egin du gaur Arabak "zaintzak erdigunean" jar daitezen eskatu eta zaintzaileei "merezi duten aitortza" egiteko. Grebak jarraipen zabala izan du goizean, ehunka lagun atera baitira herrialdean.
Goizeko bostetatik informazio piketeak deituta zeuden, besteak beste, Mercedes, Michelin, Tuvisa edo Txagorritxu aurrean, eta istiluekin hasi da eguna zenbaitetan. Michelinen, esaterako, lantegiaren atarian egindako protestan, Ertzaintza oldartu egin zaie sarrera oztopatzen ari zirenei, eta bi emakume atxilotu ditu "desordena publikoa" egotzita; eguerdian aske geratu dira bi lagunak.
Herrialdean zehar, gainera, hamaika izan dira protesta ekintzak. Gasteizko piketeak, esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan elkartu dira, eta Utzi zaintza pribatizatzeari pankarta erraldoi bat eskegi dute. Gorbeialdeko piketeek, bestalde, eserialdia egin dute Gorbeia merkataritza guneko sarrera blokeatuz, zaintza publikoaren aldeko mezua zabaldu dute Guardian (Arabako Errioxa) eginiko elkarretaratzean, eta Agurainen Sallurtegiko erresidentziara eraman dituzte elkartasun keinuak. Mendialdean erresidentzia publiko bat eskatu dute, eta Aiaraldean, besteak beste, Tubacex aurreko piketeekin piztu dute greba eguna.
Elkartasun kazeroladak ere egin dira auzoetan eta etxeetan. Langile askok ez dute grebarako eskubiderik, eta horiek ikusarazteko elkartasun piketeak antolatu dituzte; zenbait lekutan, besoko laranja jantzita zeramaten langileak grebalariak agurtzera atera dira. "Pertsonen zaintzaz ari gara eta zaintzak ezin dira gelditu. Hauek ere ikusarazi nahi izan ditugu eta grebara batzeko modu anitzak bilatu nahi izan ditugu. Zaintzaileak zaindu behar ditugu!", adierazi dute mugimendu feministatik.
"Aski da!"
Ekitaldi nagusien artean, Deriba ibilaldi aldarrikatzaile eta politikoa izan da hiriburuan, zaintza eskubidearekin lotutako hainbat lekutatik egindako bidea. Zumakera kaleko Lanbidetik hasi eta Santiago ospitalean amaitu dute, ibilbidean greba feministako protagonistei ahotsa eman eta beraien aldarriak ikusarazteko.
Besteak beste, Gizarte Segurantzan aldarrikatu dute erretiro pentsio baxuenak dituztenen artean %80 emakumeak direla eta hori "sistema patriarkalaren ondorio" dela. "Aski da! Bada garaia emakumeok erretiro garaira iristen garenean zaintza lanetan utzi dugun denbora, izerdia, esfortzua eta ekarpena errekonozitua izateko", gogoratu dute Deribaren amaieran, beste aldarrikapen batzuen artean.
Goizeko tartea bukatuta, herri eta auzoetako bazkariek hartu dute tartea. Arratsalderako hiru manifestazio izango dira Araban: 18:00etan, San Anton plazatik, Gasteizko manifestazio nagusia; ordu berean, Laudioko herriko plazatik, Aiaraldeko eskualdeko manifestazioa; eta, Lautadaren kasuan, 18:30ean Aguraingo San Juan plazatik abiatuko da eskualdeko mobilizazioa; Gorbeialdetik, Arabako Errioxatik eta Mendialdetik, berriz, Arabako hiriburuko manifestaziora joango dira.
ARGAZKI GALERIAK