Irati Antia

"Harrigarria da Zuluetak lortu zuen boterea eta inpunitatea"

Anakoz Amenabar 2023ko aza. 23a, 06:00
Labe espazioan izango da 'Azukre beltza' erakusketa, abenduaren 22ra arte. ALEA

Julian Zulueta Amondo esklabistaren historian bidaia egingo dute bisitariek 'Azukre beltza' esperientzia "murgiltzailean", Irati Antiak prestatutako webgunearen eta ikus-entzunezkoaren bitartez.

Julian Zulueta Amondo esklabista arabarrak Kuban egin zuen ibilbideari tiraka, Azukre Beltza erakusketa eta webgunea –azukrebeltza.eus– prestatu ditu Irati Antia (Gasteiz, 1994) diseinatzaile eta artistak. Gazte Sortzaileak bekaren bultzadarekin, eta Azpeitiko Dinamoa sormen gunean eginiko egonaldiari esker, kolonialismoaren inguruko proiektua aurkeztu du Labe aretoan. Abenduaren 22ra arte ikusi ahal izango da San Vicente de Paul kaleko gazte laborategian.

Arabar askorentzat oraindik ezezaguna izango da ziurrenik Julian Zulueta...

Bere izena ezaguna da bi jauregi, kale bat eta familiak egindako obrak ditugulako, baina beharbada atzean zer den ez dugu ezagutzen. Nondik dator diru hori guztia? Nik Kutxaratxas folk talde gasteiztarrak duen kanta bati esker ezagutu nuen; hor entzun nuen lehendabiziko aldiz "esklabista" zela, ordura arte beste aldea bakarrik ezagutzen nuen. Interesa piztu zidan horrek, irakurtzen hasi, eta gehiago jakiteko gogoa. Pertsonaiak berak sortzen du intriga hori egin zuen guztiagatik, eta nolabait gertukoa sentitzen dugulako.

Nor izan zen Zulueta?

Botere handia lortu zuen gizona izan zen, baina maila guztietan: ekonomikoa, politikoa, soziala... Kuban garai hartan pertsona garrantzitsua izatera heldu zen, baita Habanako alkate izatera ere, eta hango portuan itsasontzi gehien izan zituen pertsona. Baina, aldi berean, nondik dator botere hori? Ordurako ilegala zen negozio batetik: pertsonen trafikoa. Esklabu trafikoa abolitzeko ituna sinatu zuten 1817an Ingalaterrak eta Espainiak. Hark, ordea, beste bide batzuk bilatu zituen negozioarekin jarraitzeko, tartean Txinako esklabuekin. Honek erakusten du zer nolako boterea eta inpunitatea zuen garai hartan. Horrek harritu ninduen gehien historia arakatuta, zer nolako boterea izan zezakeen pertsona batek esku artean, eta inork ezer zalantzan jarri gabe.

"Erakusketak bisitaria inguratzea nahi nuke, historiak inguratzen gaituen modu berean"

Kuban izan berri zara Zuluetaren arrastoaren atzetik. Zer aurkitu duzu?

Habanan kale bat dauka. Harresia eraitsi zuten bera alkate zela, eta kaleari bere izena jarri zioten; gerora izena aldatu zioten, baina Zulueta izenez ezagutzen dute oraindik. Colonen (Matanzas) ere izan nintzen, Alava azukre lantegian, gaur egun Central Mexico deitzen dena. Eta inguru horretan denak dira "Zulueta", esklabuei bere abizena jarri zielako. Lantegiak bi urte darama geldirik, pandemiaz geroztik, baina beste azukre-findegi bat ere jarri dutelako gertu. Esklabuen barrakoiak izan zirenak ere hantxe daude, beraien etxebizitza bilakatu zirenak, eta  komunitatea bisitatzeko aukera izan nuen. Abuztuaren 21ean bisitatu nuen, Alaves Ausente eguna ospatzen dutenean, hain justu. 

Zulueta gogoratzen dute egun horretan?

Don Julianengatik egiten dute jai hori, kutsu erlijiosoa duena. Esklabuen ondorengoak elkartzen ditu, kanpoan bizi den jendea ere bueltatu egiten da egun horretarako. Aitzaki bat da elkartu eta zuhaitz baten inguruan Zuluetaren inguruko istorioak kontatzeko, negar egiteko, abesteko... Tras las huellas de nuestros ancestros izeneko proiektu handiago batetik sortu da jaia, memoria historikoa bizirik mantentzeko egindako lanaren barruan.

Oraindik 'Alava' hitza ikus daiteke gaur egungo Central Mexico azukre fabrikaren tximinia batean. Argazkia: I. Antia

Nolako lana egin dute memoria historikoari dagokionez?

Hain zuzen, proiektua abian jarri duen Eneida Villegas Zulueta ezagutzeko aukera izan nuen, Zuluetaren semeari titia ematen zion esklabuaren ondorengoa; gertu-gertutik kontatu zizkidan familiak pairatu zituen guztiak eta komunitate horretan memoria bizirik mantentzeko egiten duten lana. Sekulako lana egiten dute.

Nola gogoratzen du hango komunitateak Zulueta?

Harritu ninduen pertsonaiaz nolako irakurketa egiten duten. Alde batetik, Zuluetaren aginduz egindako torturak eta bestelako triskantzak kontatzen dizkizute, eta, beste alde batetik, politikoki zeukan indarra ere nabarmentzen dute, edo enpresari moduan zuen garrantzia. Beharbada hemen ez genuke pertsonaia horretaz ezer onik esango, eta han itzulinguruka ibili gabe hitz egiten dute. Egiten ari diren lanketaren parte ere badela uste dut.

"Guk ez dugu Zulueta zalantzan jartzen, eta Kuban ezin dute zalantzan jarri gabe bizi"

Gero eta gehiago dira gurean kolonialismoaz argi hitz egiten dutenak...

Contrapunto taldea daukagu Araban, esaterako, Zulueta eta beste kolonizatzaile batzuen inguruan egindako lanarekin. Eta interesgarria da, adibidez, Axier Lopezek idatzitako Gure heroiak lana. Ni ez naiz historialaria, eta hainbat lan izan ditut oinarrian, batez ere Eduardo Marrerok Zuluetaz idatzitako liburua. Kuriosoa da ikustea hemen oraindik Zulueta jauregiekin edo ondare aberatsarekin lotzen dugula, eta, aldiz, Kubako Alava fabrikan memoria berreskuratzeko egiten ari diren lana, pribilegio kontua ere bada hori, noski: guk ez dugu Zulueta zalantzan jartzen, eta beraiek ezin dute zalantzan jarri gabe bizi.  Erakusketa honekin hausnarketa piztea gustatuko litzaidake, eta gaia ezagutzen ez duenari beste geruza hau erakustea.

Nola ekarri hori guztia erakusketara?

Interpelatua sentitu naiz historia honetan, eta nire begirada eman nahi izan diot gaiari. Alde batetik, historia  jasotzen du erakusketak, dokumentu eta argazkiekin, webguneari erreferentzia eginez, eta, beste alde batetik, historia modu abstraktuago batean jaso dut; hainbat elementurekin jolasean, azukrea, kañaberak edota itsasoa tartean, espazio guztian eragiten duen egitura bat osatu dut. Helburua da bisitariak alde guztietatik zerbait mugitzen dela sentitzea, historiak berak ere alde guztietatik inguratzen gaituelako. Horretarako, artxiboko irudiak, han hartutako zenbait, soinuak eta elementu abstraktuekin egin dut jolas. Itziar Garaluze izan da batez ere irudiekin laguntzen eta aholkularitza lanean, eta Aitor Garcia de Bikuña soinuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide