Julian de Zulueta y Amondo XIX. mendeko esklabista arabarraren historia "gertutik ezagutzeko asmoarekin", Irati Antiak hainbat lagunekin kolaboratu du Azukre Beltza izeneko erakusketa prestatzeko. Ekimenak bi zutabe ditu. Batetik, azukrebeltza.eus webgunea osatu dute. Bestetik, azaroaren 22tik abenduaren 22ra Gasteizko LABE espazioan zabalik egongo den ikus-entzunezko instalazioa egingo dute. Bertan, "esperientzia murgiltzaile" bat proposatuko dute.
"Julian de Zulueta XIX. mendeko esklabista bat izan zen, eta bere historia azukrearen eta pertsonen komertzioen artean gurutzatzen da", iragarri dute antolatzaileek. Webgunearen bitartez "Zuluetaren bizitzan murgiltzeko aukera" emango diete bisitariei. Ikus-entzunezko instalazioaren bitartez, berriz, "XIX. mendeko pertsona esklabizatuen bidaiak, lan behartuak eta askatasun gabeziak" irudikatu ahalko dira. "Esperientzia honek hunkitu zein hezi egin nahi du, historiari, bidegabekeriari eta botereari buruzko hausnarketa bultzatuz", erantsi dute.
2022ko Gazte Sortzaileak beka jaso ondoren, eta Dinamoa sormen gunean egonaldi artistikoa egin ostean, Irati Antia artistak LABEn erakutsiko du prozesuaren emaitza. Harekin batera egon dira, besteak beste, Itziar Garaluce eta Aitor Garcia de Vicuña. Elkarrekin, erakusketaren irudia, soinua eta espazioa landu dituzte.