Sare Herritarrak elkarretaratzea antolatu du asteazken honetan, azaroaren 8an, Andre Maria Zuriaren plazan, Juan Karlos Subijana etxera! Gradu erregresiorik ez! lelopean.
Urte hasieran bezala, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Juan Karlos Subijana Izquierdo Txanpi presoaren gradu erregresioa agindu du berriz ere, hirugarren gradua kenduta eta bigarren gradua berrezarrita. Epaileak Fiskaltzaren errekurtsoa onartu du, eta, beraz, preso gasteiztarra Basauriko espetxera (Bizkaia) itzuli behar izan da.
Subijana Basauriko Tratamendu Batzordeak proposatuta zegoen hirugarren graduko erregimenean. Euskal presoen eskubideen aldeko Sare Herritarrak gogora ekarri duenez, batzorde horrek du horretarako behar den erantzukizuna eta informazioa, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak hartzen du hirugarren graduaren inguruko erabakia.
Preso gasteiztarrak hemeretzi urte eta erdi daramatza espetxean. Gainera, Jaurlaritzaren ebazpenean jasotzen den txosten medikoaren arabera, osasun egoera larrian dago. Hainbat patologia larri direla eta, Justizia Sailak hirugarren gradua ematea erabaki zuen, etxean geratuta eta kontrol telematikoarekin.
Sakabanatze politikarekin amaitzeko prozesuaren barruan, 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten, Mansillatik (370 kilometrora), eta hirugarren graduan zegoen 2022ko abuztutik. 2023ko otsailean Basauriko kartzelara itzularazi zuen Auzitegi Nazionalak. Ondoren, hirugarren gradua berreskuratu zuen; eta orain, berriz ere, bigarren gradua ezarri diote.
"Atsekabea eta haserrea"
"Beste behin ere, espetxe ibilbidea, etxerako bidea eta birsozializaziorantz aurrera egiteko aukera oztopatu ditu Auzitegi Nazionalak", salatu du Sare Herritarrak. Bere "ezinegona" adierazi du presoen eskubideen aldeko mugimenduak, Subijanaren "eskubideak urratu" direlako erabaki horrekin.
"Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko", aldarrikatu du Sarek. "Atsekabea eta haserrea adierazi nahi dugu Juan Karlos Subijanaren kasuan ere salbuespenezko epaitegi honek hartutako erabakiarengatik. Salbuespenezko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoek etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea".
Azpimarratu dutenez, lege arruntak ez du esaten presoek beren zigorrak "azken egunera arte espetxe barruan" bete behar dituztenik. Sare Herritarraren ustez, "beste modu batzuk" aplika dakizkieke presoei kondena espetxeetako harresietatik kanpo betetzeko: "Hirugarren graduan, baldintzapeko askatasunean... eta, are gehiago kasu honetan, presoaren osasun egoera kontuan hartuta", aldarrikatu dute.
Halaber, Sarek kritikatu du "ulergaitza" egiten zaiola Fiskaltzaren helegitearen epaia jaso arte espetxera bueltatu behar izatea.
"Guk elkarbizitzari ateak irekitzen jarraituko dugu, eta horrelako erabakien aurrean, salbuespenezko espetxe politikaren atea behin betiko ixteko lanean jarraituko dugu", gaineratu dute. "Euskal gizarteari dei egiten diogu iraganera iraunarazi nahi gaituzten ateak itxiko dituzten giltzak eskuetan har ditzan eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezan".