Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, epailearen erabakiaren ondoren, Juan Karlos Subijana Basauriko kartzelara (Bizkaia) itzuli da, bigarren graduan. Sarek mobilizatzeko deia egin du: ostegunean, 19:00etan manifestazio bat egingo dute, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.
Preso gasteiztarrak hemeretzi urte daramatza preso. 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten, Mansillatik (370 kilometrora), eta hirugarren graduan zegoen iazko abuztutik. Etxerat elkarteak "ezinegona" adierazi du, Subijanaren eskubideak urratu direlako: "Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko".