Urriaren 24ko Gobernu Kontseiluan onartu du Eusko Jaurlaritzak Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea Babes Bereziko Kultura Ondare izendatzea, Monumentu multzoaren kategoriarekin. Ondorioz, ibilbidean trenbideari lotuta dauden zubiak, pasabideak, tunelak, geltokiak, biltegiak, tren-makinak, bagoiak eta bestelako elementuak legalki babestuta geratuko dira, eta hemendik aurrera horietako edozeinetan egindako esku hartzeek foru aldundiaren baimena izan beharko dute halabeharrez.
Hainbat esparrutan aitzindaria izan zen trenbide hau, Jaurlaritzak berak ohar batean azaldu duenez. Batetik, XIX. mendean eta XX. mendearen lehen erdian Espainian eraikitako trenbide luzeena izan zen. Bestetik, aurreneko trenbide elektrifikatuetako bat izan zen. "Europako trenbiderik onenen mailan" zegoela esan du Lakuak.
Trenbidea EAEko industria ondare "aparta" izateagatik eman diote aintzatespena. Balio historikoari dagokionez, ia 80 urtez martxan egon zela ekarri dute gogora. Horietan guztietan "eragin handia izan zuen lotzen zituen udalerri eta eskualdeen garapenean". Modu berean, azpimarratu dute oraindik kontserbatzen diren obra zibileko elementu eta eraikin asko ehun urte inguru dituztela.
MARTXAN EGON ZEN 80 URTEETAN TRENBIDEAK IZAN ZUEN BALIO SOZIALA AZPIMARRATU DU JAURLARITZAK
Izan zuen balio soziala ere aipatu dute, "eragin handia" izan zuelako erabiltzaile askoren eguneroko bizimoduetan. Gure lurraldearen kasuan, industriako langileek eta lautadako nekazariek sarritan erabiltzen zutela ekarri dute gogora
Arlo teknologikoan ere azpimarratu nahi izan dute trenico-k zuen berezitasuna. Besteak beste, tren elektrifikatuak "konplexutasun tekniko handiko azpiegitura" behar izan zuen, zeharkatu behar zuen orografia malkartsuaren ondorioz. Horren ibilbide luzea izanik, paisaia asko zeharkatu zituen, gaur egungo ibilbidea egiten dutenek lehen eskutik egiaztatu ahal duten moduan. Besteak beste, hiriak, industrialdeak, nekazaritza soroak edota meatzaritza guneak.
63,5 kilometro Araban
Gaur egun aldundiak trenbidearen zati handi bat Arabako ibilbide berdeen sarean sartuta du. Egitasmo horren bultzatzaile izan zen Kepa Menendez idazleak, berriz, La ficha 145 de Nuremberg eleberria partez girotua du trenico-ren ibilbide zaharrean. Bestalde, Antoñanan hiru bagoi zahar darabiltzate interpretazio zentro gisa. Trenbideari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, eskualdeko informazio turistikoa ematen dute bertan.
Orotara, trenbideak 140 kilometroko luzera izan zuen, eta Arabakoa izan zen, alde handiz, tarte luzeena: 63,5 kilometro, hamar udalerri zeharkatuz: Aramaio, Arratzua–Ubarrundia, Legutio, Gasteiz, Burgu, Iruraiz-Gauna, Dulantzi, Donemiliaga, Arraia-Maeztu eta Kanpezu. Beste 47 kilometro Gipuzkoan zeuden, eta gainerako 29,5ak, berriz, Nafarroan.