Arabarron memoria

Gau Beltza: zer ospatzen dugu arabarrok?

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 08:50

'Gau Beltza' berrasmatzen ari dira, baita Araban ere. / Argazkia: TOPAGUNEA

Kalabazak hustu eta kandelak piztu. Sari edo ziri. Urriaren 31ren bueltan, Halloween ospatu beharrean, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzea gero eta hedatuago dago Euskal Herrian. Ohitura zaharrak berreskuratuz, urtez urte, jaia berrasmatzen ari dira, baita Araban ere.

Itzalitako Kalabazen Berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, dagoeneko erritual hauen berreskurapen edo berrasmatzean hasiak diren herrietako esperientziak jaso ditu azken urteetan Euskaltzaleen Topaguneak, Gau Beltza webgunean. Webgunea "aldi berean tresna eta gonbidapena" dela diote.

Proiektua 2019an abiatu zuten, "jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta", eta Gau Beltza antolatzeko baliabide kutxa prestatu zuten; aurten, gainera, bitartekoak eguneratu dituzte eta euskarri gehiago daude eskuragai. Pandemiak erabat baldintzatu du aurtengo hitzordua, baina segurtasun neurriak errespetatuz, ez dira faltako 2020an ere Arimen Gaua ospatuko duten lagunak.

Herriz herri, "bakoitzak bere izaera eta ezaugarriekin" antolatzea proposatzen duten arren, balore jakin batzuen inguruan "oinarri partekatua" sortzea gomendatzen dute, jaia "guztiona eta bakoitzarena" izan dadin: euskara, komunitatea, gazteak, iluntasuna, natura, berdintasuna, aniztasuna eta herri bakoitzaren izaera propioa, besteak beste.

Prozesua "modu parte hartzailean" antolatzea gomendatzeaz gain, aniztasuna, elkarlana eta zaintza sustatuz, ekintza komun batzuk ere proposatu dituzte: eske-errondak, mozorro eta makillaje tailerrak, kalabaza tailerrak, gaztain erreak, transmisio saioak, beldurrezko ibilbideak, kultur ekintzak edota beldurrak erretzeko ekintzak, adibidez.

 

Dokumentala

Gainera, Gau Beltza edo Arimen Gauaren inguruan sortutako dokumental laburra sareratu du Euskaltzaleen Topaguneak, urriaren 31n ate joka dagoen ospakizunerako beste hainbat baliabideren osagarri gisa.

 

Gau Beltzaren sustraiak historian

Hala ere, urtez urteko proposamenez harago, galdera batekin abiatuko dugu ibilbidea: noraino iristen dira Gau Beltzaren sustraiak? Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan ohi dira munduko kultura ezberdinen baitan. 

Barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek: urtearen heriotza, uztaren bilketa, hildako senideen oroimena… Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi du.

Urriaren 31ko gauan Halloween festa ospatzen da munduko herrialde askotan, hala nola, AEBetan, Kanadan, Irlandan edo Mexikon. Izen horrekin edo bestelakoekin.

All Hallows' Eve-n (Santu guztien egunaren bezpera) kontrakzioa da eta jatorri zeltarra du. Samhain ospakizun zeltarrari eta azaroaren 1ean ospatzen den Santu guztien egunari lotuta dago. Mendetako usadioa dugu batez ere, baina batzuen aburuz, oinarri erlijiosoak ere baditu.

Migrante irlandarrak izan ziren tradizioa Ipar Amerikara eraman zutenak. Hori dela eta, Ameriketatik "inposatzen" ari diren ospakizuna dela entzun izan dugu maiz.

 

Itzalitako kalabazen berpiztea Euskal Herrian

Hala ere, Euskal Herrian ere ohitura horrek biziraun du mendeetan zehar.

Kontrakoa dirudien arren, 2013. urtean Ahotsak.eus Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea atariak Halloween euskal ohitura zaharra artikuluan azaldu moduan, Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutako tradizioa da Euskal Herrian, eta oinarri-oinarrian, film amerikarretan ikusten ditugun irudietatik ez oso urruti.

Gaur egungo Halloween komertzialagotik desberdin samar, noski, baina funtsean jai berbera zen, kontakizunen arabera: gazte koadrilak elkartu, kalabazak edo arbiak hustu, kandelak barruan sartu, kalerik kale ibili beste batzuk beldurtuz... eta guztia ere heriotzarekin estuki lotutako giroan: arimak, fantasmak, hildakoak... 

Urteetan zehar ohitura ugari galtzen joan dira Euskal Herrian, hauek egiten zirela ere ahazteraino.

Baina Ahotsak atarian azaltzen zuten moduan, 1950. hamarkadara arte, gutxienez, Euskal Herriko eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen, nagusiei egindako elkarrizketetan baieztatu zuten moduan. 

Beranduago, 2018an, Itzalitako kalabazen berpiztea lan etnografikoan, urriaren 31ko iluntzean egiten diren ospakizun berriak aztertu eta jaso dituzte Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek.

Ikerketak erakusten duen bezala, Gau Beltza bertako ikuspegitik antolatzen hasiak dira jada herri batzuetan, ohitura zaharrak "gaurkotasunera egokituz" eta "bertako ikuspegi komunitarioekin" uztartuz. 

Herri bakoitzean abiapuntu ezberdina izan du jaiak: euskara elkarteak, guraso taldeak, kultur etxe eta liburutegiak, gazte-lekuak… Baina ekimen guztiek euskara izan dute ardatz, bai antolaketan eta baita ekintzetan ere.

Eta horrela zabaltzen ari da Gau Beltza Euskal Herrian. Berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten.

 

Eta Araban zer?

Araban ere antzeko testigantza batzuk jaso dira. Besteak beste, 2009. urtean, Oier Araolaza antropologo eta dantzariak, Halloween euskal festa bat da artikuluan, Arabako Errioxako lekukotasuna eskaini zuen:

"Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nire herria Arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)".

Aiaraldeari dagokionez, 2015ean, Aitor Aspuruk Aiaraldea atarian argitaratutako Halloween, jai arrotza Aiaraldean? artikuluan aipatzen zuen bezala, "Halloween jaiak ordezkatu ditu hemen zeuden ohiturak", Jose Luis Fernandez Zurbituren arabera. Adierazpen horiek egin zituenean, 70 urte zituen Artziniegako Etnografia Museoko kideak:

"Umeak ginenean, urrian, Domu Santu Eguna hurbiltzen zenean, baratzetara jotzen genuen eta kalabazak hartzen genituen. Goitik mozten genituen eta hustu ostean begiak eta ahoa egiten genizkien kandela barruan sartzeko. Frontoiaren aurrean zegoen horma baten gainean hiru jartzen genituen eta oso beldurgarria zen".

Artziniegarrak ez zuen gogoratzen zergatik egiten zuten: “Ziurrenik ume nagusiak ikusi genituen hori egiten eta kopiatu egin genuen”. 

Hala ere, Zurbituk uste zuen ohitura hori garaiari eta Domu Santu Egunari lotua zegoela: “Urte horietan herrian 4 argi zeuden eta iluntasunari eta hilerriari beldurra genien, bat-batean kalabaza horiek ikusteak eragin handia zeukan”.

Artikulu berean azaltzen zuen bezala, Artziniegaz gain, antzina kalabazak jendea izutzeko helburuarekin erabiltzen zirela dioten testigantzak jaso dira Aiaraldeko beste bazter batzuetan.

'Arimen Gaua' izenarekin ezagutzen dute ospakizuna Aiaraldean. / Argazkia: Aiaraldea

 

Izan ere, Anuntxi Arana Luiaondoko antropologoak antzeko pasadizoak berreskuratu ditu bere herrian zein Orozkon, baina hildakoekin baino, “beldurrak sorginetan zeukan sorburua”, Aitor Aspururen artikuluaren arabera.

Orozkotik atera gabe, gaztainaren uzta jaso ostean, herrian hildakoentzako meza egiten zutela gogoratzen zuen Felix Mugurutza ikerlariak, eta gaztainondoaren fruituak eskaintzen zizkiotela zendutakoei.

Aspururen idatzian, XVI. mendetik XIX. mendera arte, Domu Santu Egunean Laudioko zinegotziek karguak hildakoen aurrean, hilerrian, zin egiteko ohitura indarrean egon zela aipatzen da. Izan ere, Natxo Urkixo alkateak horren aztarnak topatu zituen udal aktetan.

Erlazionatuak

Arimak ere aitzakia izan bitez

Juanma Gallego 2023 urr 30 Araba

Gau Beltza, baina ez iluna

Juanma Gallego 2023 urr 30 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago