Ekonomia zirkularrak eta birziklatzeak gaur egungo kontua diruditen arren, gizateria bezain zaharra da atzean dagoen oinarrizko kontzeptua. Mundu materialean bezala, mundu immaterialean ere gertatzen da ideien etengabeko joan-etorria, eta kontzeptu batek bestea estaltzen du.
Halloween ere horren adierazle bikaina da. Europa zaharreko mito paganoak urte luzez kristautasunarekin nahastu eta bateratu ziren. Irlandaren kasuan, AEBetara joandako migratzaileek eraman zuten arimen gaua kontinente berrira, eta azken hamarkadetan telebista zein merkatu ekonomiaren bitartez itzuli dira kontinente osora.
Baina, esan bezala, tradizioa inoiz ez da guztiz galdu, eta batez ere erlijioari lotutako datetan mantendu izan dira hainbat erritu. Garai berri hauetan, usadio horiek berreskuratu eta indar berri bat eman nahi izan diete hainbat eragilek, Gau Beltza kontzeptua berreskuratuz. Halako ahaleginaren atzean bost urte inguru darama Euskaltzaleen Topaguneak, eta gaubeltza.eus webgunean bildu dute orain arte bildutako eskarmentu gehiena. "2018an hasi ginen honekin, besteak beste, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzitako Itzalitako kalabazen berpiztea liburutik abiatuz", azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko kultur teknikari Ainhoa Luzek. "Ordudanik, gure asmoa izan da gau beltzaren inguruko usadioen berreskurapenari plaza bat ematea herrietan". Dioenez, erakundearen asmoa da herriari baliabideak ematea Gau Beltza herrietan berriro ere martxan jartzeko.
"HERRIETAN GAU BELTZAREN INGURUKO OSPAKIZUNEI PLAZA BAT EMAN NAHI DIEGU". AINHOA LUZ, EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA
Halako ekimenak Euskal Herrian soberan sustraituak egon direla azaldu du Luzek. "Hau ez da Halloween. Ematen du Ameriketatik ekarritako zerbait dela, baina hemen gure artean ere ospatzen zela ezagutarazi nahi dugu". Dioenez, Gau Beltza geldituta geratu zen, eta ez zitzaion jarraipenik eman. Hortaz, Topagunearen lana izan da berreskuratzearena, baina beste eredu batean oinarrituz.
"Lehen ez zegoen ez PlayStation ez horrelakorik. Gaur egun gure herrietan denda eta baliabide asko daude, baina lehen ez zen horrela. Hortaz, eskura zuten baliabideekin moldatzen ziren. Lurrak ematen zituenak tresna gisa erabiltzen zituzten: kalabazak, gaztainak, intxaurrak... garaiko produktuekin moldatzen ziren. Hein batean, orain egiten ari garena da lehenengo joko horiek berreskuratzea", nabarmendu du.
Herrian sortua
Elkartean oso argi dute zein den ospakizunari erantsi nahi dioten ikuspuntua. "Gure filosofia da herritarrengandik sortzea. Ditugun baliabideekin moldatzea, eta ez erortzea kontsumismoan. Adibidez, ez joatea mozorro bat erostera. Etxean baditugu arropa zaharrak, eta ez da zertan erosi mozorroa. Beste alde batetik, lankidetzan jardutea ere garrantzitsua da: herriko jendearen artean komunitate bat sortzea oso kontu polita da. Jai herrikoia izatea nahi dugu, eta ez izatea jai erraldoi bat".
Bost urteko lanaren ostean, herri askotan ekimenak garatu dituzte. "Gainera, herriek beren jai bezala hartu dute, eta, adibidez, beren kantu eskea sortu dute". Gauzak hala izanik ere, Luzek ohartarazi du badirela eragin handia duten beste faktore asko: sare sozialak, dendak, kontsumoa... "Horiek sortzen duten Halloween festa oso potentea da. Baina, azken finean, gakoa da hautu bat egitea; euskararen aldeko jaia egitea eta bertako jai bat izatea. Ez da erraza, baina herri askok horren aldeko apustua egin dute".
Bi munduen arteko muga lausoan galduta dauden arimei kandelekin bidea errazten zaien modu berean, Topaguneak ere formazio saioak prestatu ditu gaia lantzeko. Iaz egin zuten lehenengoa, eta aurten bigarrena egitera animatu dira. "Hezkuntza komunitateko kide eta kultur eragile askok parte hartzen dute. Oso arrakastatsuak dira, eta argi dago honetan interesa badagoela. Aurten 75 lagun inguru izan ditugu formazio saio horietan".
Bigarrena izanda, iaz ekimenak abiatu zituztenen adibideez baliatu ahal izan dira aurtengoan. "Beste herrietan egin dutena ezagututa, erraza da ideiak hartzea nork bere herrira eramateko", esan du kultur teknikariak.
Agurain beltza
Arabako txoko askotan Gau Beltzari buruzko ekimen andana egingo dituzte. Horietako asko umeei bideratuta egongo dira, baina badira ere publiko heldua helburu duten ekitaldiak. Horietako bat Agurainen egin dute, ACICSA Lautada Bizirik elkartearen eskutik. Eskualdean Sorgin Gauak antolatu dituzte, eta goiztiarrenak izan dira, hilaren 20an bertan hasi dituztelako ekimenak. Egun horretan Elezahar gaua antolatu dute, Erdi Aroko Araba elkartearen eskutik herrian zeharreko bisita gidatua eginez.
Ander Gondra arte historialari eta antropologoa oso pozik agertu da jasotako harrerarekin. "30 lagunentzako tokia zegoen, eta, esan zidatenez, apuntatuta zeuden lagunekin beste bi pase egin ahal ziren". Gehienak aguraindarrak izan arren, askok ez zituzten ezagutzen bisitan kontatutako anekdota gehienak.
Gondrak kontatutakoak ikusita, argi dago Agurain istorio beltzez beterik dagoela. Lehen geldiunean, 1564. urteari buruz hitz egin zien bisitariei. "Aguraingo historian urte garrantzitsua da hori, apiriletik hasita izurrite epidemia handia gertatu zelako, eta abuztuan herri osoa suntsitu zuen sute handi bat gertatu zelako". Erdi Aroko herria errautsetatik birjaio behar izan zela dio Gondrak. "Azken urteotan, gainera, sute hori berretsi ahal izan da Lazarraga eskuizkribuari esker, Juan Lazarragakoak suteari eskainitako bertso batzuk idatzi zituelako bertan".
"GAUR EGUN OSO MAKABROAK IRUDITZEN ZAIZKIGUN ELEMENTUAK ZEUDEN". ANDER GONDRA, ERDI AROKO ARABA
Ondoren, San Juan elizan azaldu zituen azaroaren 1ean eta 2an egiten ziren meza bereziak. "Horietan gaur egun oso makabroak iruditzen zaizkigun elementuak erabiltzen ziren. Aldare txiki bat jartzen zuten, argimutilekin eta giza hezurrekin. Arimen gaineko oroimena egiten zuten horrela", azaldu du. "Gero, udaletxera sartu ginen, bertan kartzela egon zelako. Agiri asko daude erabilera horien inguruan. Udaletxean bertan kontserbatzen da oraindik ziegan zegoen zepo bat".
Espetxetik ihesean
Hainbat orduz zepo horri lotuta egon ziren pertsonen gaineko anekdotak kontatu ostean, XVIII. mendean izandako feminizidio bati buruzko azalpenak eman zituen Erdi Aroko Arabako kideak. "Gizon batek emaztea hil zuen, eta tartean egon ziren ere amorante bat eta beste emakume bat. Hainbat hilabetez egon ziren Aguraingo kartzelan, eta ihesaldi bat antolatzen saiatu ziren ere". Halere, oso gaizki atera zitzaien kontua. "Ihes egiteko, aguazila eta haren alaba akabatu zituzten". Gainera, udaletxearen atean horren testigantza ematen duen gurutze bat dago. "Linterna batekin argiztatuz gero, 1750 urtea irakurtzen da. Urte horretan izan baitzen epaiketa".
Beste geldiune batean salutadoreei buruz hitz egin zuten. "Batez ere amorrua sendatzera dedikatzen ziren, beren listu edo hatsa erabilita". Azkenean, Santa Maria elizan, Juan Diaz de Garaio Sakamantekas-i buruz hitz egin zuten, bai eta XIX. mendeko beste krimen bati buruz ere. "Ostalari batek lagun bat akabatu zuen; polizia ikerketek ebatzi zuten gorpua erre egin zuela, eta errautsak kortan bota zituela". Angel Martinez Lagran izan zen hiltzaile hori, eta handik gutxira garroteak arima bihurtu zuen.