Gau Beltza ospatzea asko gustatzen zaio Martini, baina aurten gauzak bestelakoak izango dira. Amama hil berri zaio, eta Martin ez dago, ez, ezer ospatzeko gogoz. Amamarekin egiten zuen errituaz oroitzen da gaztetxoa: biak udazkenean basora joaten zirenekoa, udazkenak emandako fruituak bildu eta horiekin mozorro bat egiteko.
Hau da Aitor Vinagret eta Nerea Ariznabarreta aktoreek landu duten Ama! Amama! Mamuak! antzezlanaren abiapuntua, eta azaroaren 14an estreinatzekoak dira Durangoko San Agustin antzokian. "Berbaro euskara elkarteko lagunek eskatu ziguten Gaba Beltza eta udazkena abiapuntutzat hartuko dituen antzezlana egiteko", azaldu du Vinagretek. "Kontzienteak izan behar gara gure arbasoek horrelako jaiak ospatzen zituztela: uztaren amaiera eta udazkenarekin zerikusia duen jaia".
Martin ez ezik, Maddi ere ezagutuko dugu. "Martinen adiskide honi udan ahizpatxo bat etorri zaio, eta berak ere ez du oso ondo eramaten jaiotza hau". Abiapuntu hauetan hasita, dolua zelan bizitzen den ikusiko dugu, eta, modu berean, Martini amamarekiko konexio hori topatzeko egindako ahaleginak biziko ditugu. "Durangoko antzezpenaz gain, eskoletara ere eramango ditugu. Gaba Beltzari lotuta egon arren, gure asmoa da udaberrian ere antzeztu ahal izatea", aurreratu du Vinagretek. Garaion Sorgingunean egon dira ideia garatzen. "Eskertu behar diegu eman diguten laguntza guztia. Itzela izan da".