Adinekoen zaintza, kezka eta borroka iturri

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko urr. 29a, 08:00

Azaroaren 8an, 9an eta 10ean, eta abenduaren 12an, 13an eta 14an greba egingo dute langileek. Argazkia: ELA

Azaroaren 8an, 9an eta 10ean eta abenduaren 12an, 13an eta 14an grebara deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek Arabako erresidentzia pribatuetako langileak. Soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa galdegin dituzte, sektoreak egun duen egoera "prekarioa" arintzeko eta zaintza lanak "duintasunez" egin ahal izateko.

Arabako adinekoen arretaren egoera "txarrez" ohartarazi dute erresidentzietan, etxebizitza komunitarioetan eta etxe partikularretan beharrean ari diren langileen ordezkariek eta adinekoen senideek ere bai. Egoera ez da berria, baina aurrenekoz, denen artean arazoari aurre egin, eta irtenbidea bilatzeko saiakera egin nahi dute. "Erresidentzien sare bat osatzeko bilerak izan ditugu Babestu eta Zaintza Araba elkarteekin, pentsionistekin eta mugimendu feministarekin", azaldu du Adrian Garcia ELA sindikatuko arlo soziosanitarioko arduradunak. Ondorioz, erresidentzietan eta etxez etxeko zaintzan dagoen egoeraren inguruko kontzientzia sortzeko asmoa dute. "Ikusarazi nahi dugu arazo hau denona dela, gizarte osoarena, gure alboko batek edo senide batek izan dezakeela erresidentziara joateko beharra, eta bermatu behar dugu arreta egokia eta duina izatea".

Kezka horren isla dira azken urteetan Arabako erresidentzietako, etxebizitza komunitarioetako eta etxez etxeko zerbitzuetan lan egiten duten langileen protestak eta antolatutako greba egunak. "Dena lotuta dago, lan baldintzak, ratioak, instalazioak… Erabiltzaileen bizi baldintzak negargarriak dira erresidentzia askotan, oso txarrak, eta hori zeharo lotuta dago langileen eta erabiltzaileen ratioekin", azpimarratu du Garciak. Aipatu duenez, sarritan, gerokultore (zaintzaile) bakar batek bi edo hiru ordutan hamar edo hamabi pertsona artatu behar izaten ditu: jaiki, garbitu, gosaria eman…

Hain zuzen, erabiltzaile bakoitzeko dagoen zaintzaileen "ratio baxua", "gehiegizko lanaldiak" eta soldata "urriak" dira sektorea azken hilabeteetan mobilizatzera bultzatu dituzten arazo nagusiak. Jessica Picatoste LABeko arlo soziokomunitarioko arduradunak gogoratu du Arabako egoitza pribatuetako langileek zortzi greba egun deitu dituztela urrian, azaroan eta abenduan, "patronalak lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatu duelako". Gaur, negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, egoitza pribatuetako patronalek sindikatuen –ELA eta LAB– aldarrikapen nagusiak ukatu dituztelako. "Patronalak erantzun du ez dituela onartzen gure aldarrikapenak, eta ezin dugu horrela jarraitu, egoera oso prekarioa da sektorean, negozio hutsa bihurtu delako zaintzaren lana". Picatostek aipatu du Araban erresidentzia pribatu asko daudela, eta gainera, aldundia gero eta plaza gehiago kontzertatzen ari dela. "Pribatizaziora goaz, eta horrek esan nahi du prekarietatea zabalduko dela, sektore bat negozio bihurtzen denean merkeen saltzen duenak irabazten du".

"Marra gorriak"

Euskal Autonomia Erkidegoko KPIaren araberako soldata igoera galdegin dute LAB eta ELA sindikatuek negoziazio mahaian, eta batez beste zaintzaile batek jasotzen duen mila euroko soldatatik 1.490 euroko oinarrizko soldatara pasatzea aurten. Hori eta berrehun orduko lanaldi murrizketa, "behintzat Bizkaian eta Gipuzkoan duten lanaldiarekin parekatzeko", esan du LABeko eledunak. Alta, patronalak jauzi handia dela erantzun die, "onartezina", eta proposatu du gerokultore-zaintzaileak 1.250 euroko oinarrizko soldata jasotzea 2026an, eta 2028an 1.340 euro. Lanaldia, berriz, 50 ordu jaistea planteatu du, 2028ra arte.

ELAko arduradunaren hitzetan "lotsagarria" da patronalaren proposamena. "1.490 euroko oinarrizko soldataren aldarrikapenean ez dugu amore emango". Bizkaian, adibidez, hori kobratzen zuten orain arte, eta aurten kopuru hori igotzea lortu dute. "Azken eskaintza da. Hori baino gutxiago ez dugu onartuko", azpimarratu du Garciak, eta gogoratu du, gainera, erresidentzia pribatuetan lan egiten duten 26 kategorietatik 14 daudela lanbidearteko gutxieneko soldataren azpitik.  "Borondate kontua da, baina patronalak oso eroso daude, ez daude prest negoziatzeko".

Ildo beretik hitz egin du LABeko arduradunak: "Badakigu jauzi handia dagoela egungo baldintzekin alderatuta, baina ezinbestekoa da jauzi hori egitea. Soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa marra gorriak dira", ziurtatu du.

Beldurra eta mehatxuak salatu dituzte

EAEko hiru herrialdeetan erresidentzia pribatuen patronalak berdinak badira ere, oso agerikoa da Araba eta Bizkaia zein Gipuzkoa artean dagoen soldaten eta lan baldintzen arrakala. "Patronalak ia berdinak dira hiru herrialdeetan baita Andaluzian ere. Multinazionalak dira kasu askotan eta funts putreak ere sartzen ari dira sektorean", esan du Garciak. Ezberdintasun nagusia da plantilla txikiagoa dagoela herrialdean. "Araban 1.200 lagun gara, eta Bizkaian, aldiz, 6.000". Gainera, beste bi herrialdeetan urte luzez daramate protestak egiten eta herrialdeko hitzarmen kolektiboa  lortu dute. "Guk lau urte daramatzagu kalean, eta beste herrialdeetan 10 edo 15 urte daramatzate borrokan. Bizkaian, hirugarren hitzarmena sinatu dute orain, eta Gipuzkoan bigarren hitzarmena. Badute ibilbide bat eginda, eta langileek badute kontzientzia hori. Hemen kontzientzia pixkanaka sortzen ari gara".

Araban langile gutxiago izateak eta sektorearen "prekarietateak" markatu dute ekainetik hona egin dituzten greba egunen jarraipena. LABeko arduradunaren arabera, "gehienak emakume migranteak dira, oso sektore feminizatua da gurea, eta jakina, greba egiteko beldurra dute. Gainera, hilabetean mila euro bakarrik kobratzen baldin badituzu, egun bat edo bi greba egitea zaila da. Kostatzen da sektorea mobilizatzea", aitortu du. Garciak gaineratu du erresidentzietako enpresen aldetik mehatxuak daudela. "Mehatxuak etengabekoak dira. Langileei eta senideei mehatxu egiten diete, eta beldur dira gurekin kalean agertzeko", esan du.

Horretaz gainera, greba eskubidearen urraketak ere aipatu dituzte sindikatuetako arduradunek eta administrazioak ezarri dituten "gehiegizko" zerbitzu minimoak. Azaldu dutenez, kasu askotan lanaldiaren ehuneko ehunera iristen dira zerbitzu minimoak, erresidentzietan oso ratio txikiak daudelako. "Batzuetan langile bakarra dago, gerokultorea, eta ez du eskubiderik greba egiteko".  Enpresen aldetik ere greba eskubidearen kontrako neurriak hartu direla salatu du ELAk: "Erresidentzietako ekipo teknikoak inoiz egiten ez dituen lanak egiten ditu, greba egunetan jendea deitu dute lan egitera, ratioak mantendu dituzte, eta egin behar ez diren lanak egitera behartu dituzte langileak. Salatu egin dugu aldundian eta lan ikuskaritzan ere, baina ez dute erantzun".

Erakundeen ardura

Arabako Foru Aldundiaren aldetik, Gorka Urtaran Gizarte Politikako foru diputatuak mezua bidali zion patronalari hilaren hasieran: "Arabako egoitza pribatuetako langileen lan baldintzak nabarmen hobetu daitezke. Bizkaian eta Gipuzkoan ematen direnen oso azpitik daude. Langileek ezin dute estatuko hitzarmenak ezartzen dituen soldata baldintzekin jarraitu", adierazi zuen foru diputatuak.

Halere, hitzez haratago jarrera proaktiboagoa eskatu diote sindikatuek. "Diputazioak beti hitz politak esaten ditu, –esan du ELAko arduradunak– baina ez du ezer egiten. Patronalari belarritik tira egingo ziola esan zuen, baina ez du presionatu. Patronala ez da eseriko gurekin, ez badugu amore ematen. Mahaia blokeatuta dago erabat, eta diputazioak ez badu esku hartzen horrela jarraituko dugu", esan du Garciak.

"Hitzekin bakarrik ez dugu ezer egiten", berretsi du LABeko arlo sozio komunitarioko arduradunak. "Aldundiak egin behar duena da patronala gutxieneko baldintzak igotzera deitu eta gurekin negoziatzea. Ezin da egon hainbesteko aldea hiru herrialdeen artean. Zerbitzua eta adinekoen arreta funtsezkoak baldin badira, zergatik ez dute  behar bezala baloratzen?", galdetu du.  

Erlazionatuak

Zaintza Araba sortu dute, senideei laguntzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 29 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago