Zaintza Araba sortu dute, senideei laguntzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko urr. 29a, 09:00

Marixa Diaz de Arkaia eta Txaro Markinez, Zaintza Araba elkartekoak. Argazkia: E.U

"Edozein esparrutan eskaintzen den zainketa egokia dela bermatzea da gure helburua, egoitzetan, etxean, eguneko zentroetan, ospitaleetan.... Hori izango da gure eginkizun nagusia", argitu du Txaro Markinezek.

Zainketen gaiarekin sentsibilizatutako pertsona talde batek osatu du Zaintza Araba elkarte berria, Txaro Markinez kideak azaldu duenez. "Esperientzia dugu arlo horretan, eta guretzat zaintza publikoak eta duinak lehentasunezko afera dira". Zaintza Arabak herrialdean erreferente bihurtzeko asmoa du, "mendekotasuna duten pertsonei, senideei eta zaintzaren gaiak kezkatzen dituen pertsona guztiei laguntzeko". Lurralde historikoan antzeko lana egiten duten eragileak dauden arren, beharrezkotzat jo dute zaintzaren gaiaz soilik arduratuko den elkarte bat sortzea, "afera lehentasuntzat hartuta eta estrategia propio bati jarraituz", azaldu du Markinezek.

Zaintza Babesten Euskal Herria federazioan integratu da elkartea orain gutxi, beste eragileekin batera kalitatezko sistema publiko bat defendatzeko helburuarekin eta zaintza sistemaren "demokratizazioaren eta gardentasunaren alde" lan egiteko. "Edozein esparrutan eskaintzen den zainketa egokia dela bermatzea da gure helburua, egoitzetan, etxean, eguneko zentroetan, ospitaleetan.... Hori izango da gure eginkizun nagusia", argitu du Markinezek.

Senide batek laguntza behar duenean edo erresidentziara joaten den momentuan pertsona hori laguntzeko egon nahi dute, "momentu horretan geratzen zarelako pixka bat noraezean, ez dakizu zer egin, nora jo behar duzun, zer pausu egin behar duzun". Azaldu dutenez, une honetan, senide bakoitza ahal duen moduan bere arazoa konpontzen saiatzen da, baina egoera konplikatua da.

"Arabako egoera oso txarra da. Diputazioa saltzen ari da Etxean Bizi programa, baina guk esaten dugun moduan, etxean bizi eta etxean hil... Ahoa hitzez betetzen zaie, baina gero ez dute ezer egiten". Markinezek esan duenez, jende zahar asko dago bakarrik, etxean, ez dakiena laguntzak nola eskatu behar dituen. "Etxean bakarrik daude, eta ez dira gai tramite txikienak ere egiteko, etxera bazkaria eramateko zer egin behar duten, adibidez, edo horrelako gauzak. Eskerrak senideak dauden".

Salatu dute, halaber, adinekoen arreta eta zaintza ia osoa pribatizatuta dagoela herrialdean. "Berrehun plaza publiko sortuko dituztela esan berri dute, baina ez dira publikoak, zentro pribatuetan daude plaza horiek. Arabarren, adibidez, publiko bezala saltzen dute, eta, bai, plazak publikoak dira, baina kudeaketa pribatua da. Publikoak dira San Prudencio, Ajuria eta Samaniego, baina gehienak ez dira publikoak. Erresidentzia pribatuek nahi dutena da dirua irabazi, aberastu, eta hori lortzeko langileen plantillak murrizten dituzte", esan du Markinezek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago