Bost urteko prozesuaren ostean, larunbatean iritsi zen eguna: Ertzaintzak Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu zituen Gasteizen, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean ezarritako eta Auzitegi Gorenak aurten berretsitako lau urteko kartzela zigorra betearazteko. Bi gazte arabarrak Gasteizko Gobernu Militarrean agertu ziren arratsaldean, euren espetxeratzearen aurkako manifestazioaren aurretik.
Zelaia eta Barbado Zaballako espetxean daude jada, baina atxiloketaren ostean zabaltzeko bi bideo zabaldu dituzte igande honetan.
"Ziklo berri bat"
Horietako bat NAIZ hedabideak aurreratu du. Atxilotuak izan aurretik grabatutako bideo bat da, eta bertan bi gazteek "herri burujabea eraikitzeko borroka herritarrak abiatzera" deitu dute:
Galder Barbadori elkarrizketa
Beste bideoa elkarrizketa bat da, eta AIARALDEA toki komunikabideak Galder Barbado Bonillari duela hainbat hilabete eginiko elkarrizketa da, bideo osoa behin espetxean sartuta argitaratzea adostuta.
"Oso argi daukat nire militantziarekin jarraituko dudala", aldarrikatu du Barbadok. Gazte amurrioarrak hainbat gai ditu hizpide solasaldian: besteak beste, nola hasi zen militatzen, bere gaztaroan pairatutako errepresio kasuak, Aitor Zelaiarekin batera bizitako auziaren xehetasunak, poliziaren partetik jazotako kolaborazio eskaintzak...