Eskola garraioa astelehenean itzuliko da

Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 14:00
Gasteizko hainbat guraso elkartek deitutako mobilizazioa, ostiralean. ALEA

Hezkuntza Sailak eta garraio enpresek akordioa erdietsi dute astelehenetik aurrera ikastetxe publikoetara joateko autobus zerbitzua bermatzeko. Bi aldeek "ahalik eta egonkortasunik handiena" bilatuko dute hurrengo ikasturterako.

Astebete pasatxo igaro da ikasturtea hasi zenetik, baina Arabako eta Bizkaiko milaka ikasle eskolara joateko autobusik gabe izan dira, Hezkuntza Sailaren eta garraio enpresen arteko gatazkaren ondorioz.

Atzo, ostiralean, ehunka lagun mobilizatu ziren Gasteizen, Ikasbidea eta Aldaialde ikastetxeetako guraso elkarteek deituta. Halaber, azken egunetan mobilizazio eta protesta ugari izan dira Arabako herrietan, eskola garraioaren falta salatzeko; besteak beste, Aiaraldean eta Añanan.

Baina azkenean, larunbat honetan Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Hezkuntza Sailak akordioa lortu du garraio enpresekin, irailaren 18tik aurrera autobus zerbitzua normaltasunera itzultzeko. Astelehenean eskola garraioko ibilbide guztiak bere horretara itzuliko dira, eta enpresek aurreko ikasturtean eskaintzen zuten zerbitzu bera emateri ekingo diote berriz ere, baldintza ekonomiko berberetan.

Horrez gain, bi aldeek adostu dute "eskola garraioaren egoera aztertzea eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak egitea". Zentzu horretan, 2024/2025 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak bete gabe geratu diren ibilbideen lizitazio prozesu berri bat abiatuko du laster, "ahalik eta egonkortasunik handiena emateko milaka ikaslerentzako funtsezkoa den zerbitzu bati".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide