Eskola garraioko enpresen eta Hezkuntza Sailaren arteko tirabiren ondorioz, Araba eta Bizkaiko 10.000 ikasle inguru eskola garraiorik gabe geldituko dira bihar, irailaren 7an, ikasturteko lehen egunean. Izan ere, zerbitzu hori eskaintzen duten enpresek planto egin diote Eusko Jaurlaritzari.
Garraio konpainiek Hezkuntza Sailaren azken aginduaren aurkako helegiteak aurkeztea erabaki dute gaur egindako bileran. Joan den astean, lizitatu gabeko ibilbideetan jardutera behartzeko nahitaezko betearazpen agindua ezarri zuen Jaurlaritzak; horrela, enpresa bakoitzak joan den ikasturtean egindako ibilbideetan zerbitzua ematea bermatu nahi zuen.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ohartarazi zuen enpresa horietako batzuen artean jardunbide "susmagarriak" eta "ez zilegiak" atzeman dituztela, prezioak itunduz eta puztuz, eta lehiaketa publikoetara ez aurkeztuz. Oraingoz, Hezkuntza Sailak Lehiaren Euskal Agintaritzaren esku utzi du auzia, eta, "delitu zantzuak" ikusita, salaketa jarriko du Fiskaltzan.
Praktika horien ondorioz, aurtengo ibilbideen %31 bakarrik daude lizitatuta (467 ibilbidetatik 387 hutsik gelditu ziren urte hasieran), eta alde nabarmenak daude lurraldeen artean: Gipuzkoan ibilbideen %98 bermatuta dagoen arren, Araban soilik %17 bete da eta Bizkaian ez da lizitaziorik egin.
Errentagarritasuna
Garraio konpainiek argudiatu dute Eusko Jaurlaritzak aurreko ikasturteetan baino baldintza ekonomiko "okerragoak" ezarri dituela aurtengo lehiaketa publikoan, "errentagarritasuna arriskuan" jartzeraino. Gainera, ziurtatu dute Hezkuntza Sailaren aginduari men ez egiteko eskubidea dutela, eskola garraioa "ez delako funtsezko zerbitzu bat".
Horren aurrean, Jaurlaritzak aurreko ikasturteko baldintza berberetan jardutea eskaintzen die, hau da, 2021/2022 ikasturtearekiko %24,1eko igoerarekin. Aldi baterako irtenbide bat izango litzateke hori, plegu berriak lizitaziora atera arte. Hala ere, neurriaren ziurgabetasuna salatu dute enpresariek, ikasturtearen erdian beste enpresa batek lehiaketa irabazteko arriskua dela eta.