Protestak ugaritu egin dira eskola garraioaren faltagatik

Erredakzioa 2023ko ira. 14a, 16:06

Ribabellosan protesta zaratatsua egin dute Unamunzaga ikastetxeko familiek. Ostiralean, 18:00etan, elkarretaratzea deitu dute Ikasbidea Ikastolako Iturribero Guraso Elkarteak eta Aldaiaberri Guraso Elkarteak (Aldaialde).

Aiaraldetik Añanara zabaldu dira gaur eskola garraioaren protestak. Ribabellosako Unamunzaga ikastetxean kontzentrazio zaratatsua egin dute, eta Langraiz Okan ere ikastetxeko atarian mobilizazioa egin dute. Halaber, ostiral honetan, kontzentrazioa deitu dute Arabako ikastetxe publikoetako hainbat guraso elkartek. 18:00etan izanen da elkarretaratzea, Andre Maria Zuriaren plazan.

Eskola garraioa bertan behera uztea Zanbrana, Santa Cruz del Fierro eta Venta herrietako ikasleak Ribabellosara joatea "larriki" oztopatzen ari dela salatu dute. "Zanbranako udalerrian eskola garraioaren zerbitzua eten izanak zailtasun larriak ekarri ditu ikasle asko eta haien familientzat". Gainera, Lantarongo garraio linean zaintzailearen figura kentzeak kezka handia sortu du. "Zaintzaileak garraio zerbitzuaren funtsezko parte dira, eta erabiltzaile gazteen eta kalteberenen segurtasuna eta ongizatea bermatzen dute. Zaintzaile faltak beharrezkoak ez diren arriskuak sortzen ditu, eta antsietatea sortzen du gurasoengan", azaldu dute. Kaltetutako familiek garraio zerbitzuaren arazoari aurre egiteko berehalako neurriak hartzeko eskatu diote Hezkuntza sailari eta autobus enpresei. "Gure seme-alaben hezkuntza eta segurtasuna ez dira arriskuan jarri behar funtsezko zerbitzu horien faltagatik", esan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide