Eskola garraioaren inguruko gatazka markatzen ari da ikasturtearen hasiera. Garraio enpresek Hezkuntza Sailari egindako plantoak milaka ikasle utzi ditu ikastetxera joateko eta handik itzultzeko autobusik gabe, joan den ostegunetik. Egoera horren aurrean, protestari ekin diote Etxaurren Ikastolako familiek, zerbitzuaren faltak "egunerokotasuna jasanezina" egiten duela salatuz.
Bestalde, eskola garraioari lotutako beste arazo bat sortu da Ribabellosako (Erriberabeitia) eskolan, Unamunzaga ikastetxean. Izan ere, bertako familien bitartez ALEAk jakin duenez, ikastetxeko garraio ibilbide baten ikasle kopurua murriztu egin da, eta, beraz, autobusaren ordez taxi bat jarri diete. "Horra arte dena ondo", argitu dute.
Familiek azaldu dutenez, arazoa da ibilgailu horretan doazen sei haurrak —horien artean, 2 urteko bat, 3 urteko bat eta 5 urteko beste bat— zaintzailerik gabe doazela. Eskola garraio ibilbide seguruak arriskuan lelopean, astelehenetik aurrera pankartak jarri dituzte ikastetxearen ate nagusian, konponbide bat eskatzeko.
"Beste ibilbideetako bat ere arriskuan dagoela heldu zaigu, eta laster gainerakoekin jarraitzeak ez gaitu harrituko", ohartarazi dute eragindako familiek. "Zerbitzua berriro aldatzea pentsatzen ez badute, laster hainbat ekintza programatzen hasiko gara protesta gisa. Guztioi enpatikoak eta solidarioak izatea eta bat egitea eskatzen dizuegu", gaineratu dute.