Alegazio oldea Lurralde Plan Sektorialari

Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 17:00

Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean, gaur. Argazkia: Euskal Herria Bizirik

Epea amaitzear dagoela, 4.000 alegazio baino gehiago jaso ditu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, hasierako onespena atzera botatzeko asmoz. Euskal Herria Bizirik plataformak milaka alegazio aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzan.

Maiatzean, Eusko Jaurlaritzak hasierako onespena eman zion Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS). Araban 42 kokapen aurreikusi dituzte: energia eolikorako 19 gune eta energia fotovoltaikorako 23 eremu; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan guztira 110 eremutan aurreikusi dute zentral eoliko eta fotovoltaikoak kokatzeko.

Alegazioak aurkezteko epea datorren astelehenean, uztailaren 24an, amaituko da. Azpiegitura handien aurkako Euskal Herria Bizirik plataformak elkarretaratzea egin du ostegun honetan Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean, eta bertan, alegazioen entregatze ekintzarekin batera, jakitera eman du gutxienez 4.000 alegazio aurkeztu dituztela askotariko herritarrek, elkartek, sindikatuek, udalek eta batzar administratiboek, LPSa atzera botatzeko asmoz.

Euskal Herria Bizirik-ek sustatutako herri alegazioa 3.500 herritar inguruk babestu dute, eta gainerako alegazioak modu batean edo besteak eragindako norbanako zein eragileen argudioak jaso dituzte. Alegazioen bitartez zein azken hilabeteetako mobilizazioetan, energia azpiegitura handiak eraikitzeko martxan dauden proiektuak bertan behera uztea eskatu dute.

Alegatutako elementu nagusien artean daude, besteak beste, plana izapidetzean antzemandako "irregulartasunak" eta ingurumen inpaktuari buruzko alderdi garrantzitsuak "aintzat ez hartzea", bai eta sortutako beste gatazka batzuk ere, hala nola planak lurraldearen antolamendurako gidalerroekin edota udal plangintzetan zein eskualdeko lurralde plan partzialetan natura ingurunea babesteari, korridore ekologikoak zaintzeari, biodibertsitateari, nekazaritza ekosistemak mantentzeari eta paisaiari dagokienez ezarritako helburuekin.

Aurkeztutako alegazio kopuru handiak "erantzun sozial zabala" agerian utzi duela uste du Euskal Herria Bizirik-ek, "nahiz eta Eusko Jaurlaritzak aurreko udal eta foru hauteskundeetako kanpainarekin batera atera zuen jendaurrera, herritarren parte hartzeari eta eragindako udalen eta aldundien erabakiari kalte egiteko ahalegin argian".

Arantxa Tapiak zuzendutako sailari "energia enpresa handietako eta inbertsio funtsetako interesen mesederako eredua bultzatzea" leporatu diote, "lurralde, gizarte eta ingurumen inpaktu handiak eraginez".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide