Ehunka alegazio Statkraftek Aramaion eraiki nahi duen zentral eolikoaren aurka

Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 18:00
Aramaixo Bizirik-en elkarretaratzea, Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

Aramaixo Bizirik herri plataformak 400 alegazio inguru aurkeztu ditu multinazional norvegiarra Aramaio eta Eskoriatzako mendietan sustatzen ari den zentral eolikoa geldiarazteko asmoz.

Euskal Herria Bizirik plataformak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari 4.000 alegazio aurkeztu zaizkiola jakitera eman duen egun berean, Aramaixo Bizirik herri plataformak jakinarazi du ehunka alegazio aurkeztu dizkiotela Statkraften proiektu eolikoari.

Zehazki, 400 herri alegazio aurkeztu dituzte Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan. Dokumentuetan, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari eskatu diote, hitzez hitz, "proiektuaren informazio azterketa ez onartzea, interes orokorrekotzat ez deklaratzea eta ingurumen inpaktuaren adierazpen negatibo bat egitea".

Alegazioen arabera, multinazional norvegiarrak Durakogain, Ganborralde eta Asentsiomendi batzen dituen mendilerroan kokatu nahi duen proiektu eolikoak Aramaioko eta Debagoieneko biztanleengan zein biodibertsitatean eragingo lituzkeen kalteak "zenbatezinak" dira.

Statkraftek 200 metroko zortzi aerosorgailu jarri nahi ditu martxan, eta orain arte EAEn proiektatu den zentral eoliko handiena izango litzatekeela ohartarazi du Aramaixo Bizirik plataformak. "Zarata, eguzki izpiek hegalekin talka egitean eragindako itzal intermitenteak, biodibertsitatearen galera atzeraezina eta eremu naturalaren suntsiketa ekarriko du, Aramaio eta inguruetako paisaia guztiz itxuraldatuz", ohartarazi dute.

Zentral eoliko horren eraginez, 782 hektarea baso eta mendi industrializatuko lirateke, eta sortutako elektrizitatea Abadiñon sareratuko litzateke, Besaidetik barrena joango litzatekeen 15 kilometroko goi-tentsioko ebakuazio linearen bitartez. "Horrek guztiak landa eremuaren pobretzea ekarriko du, eta denon bizi kalitatean eragin larria izango du, gutxi batzuen interes ekonomikoaren alde, berdez jantzi nahi duten trantsizio energetiko urgente baten aitzakiaz".

"Beste eredu bat"

Aramaixo Bizirikek "beste eredu baten aldeko apustua" egin nahi du, "klima larrialdiaren testuinguruan". Eredu hori, besteak beste, tamaina txiki eta ertaineko berriztagarrien instalazioetan oinarrituko litzateke, "tokian tokiko elektrizitate beharrak asetzeko, jadanik degradatuta edo antropizatuta dauden eremuak lehenetsiz".

Haien ustez, makro-proiektuek ez dute "inondik inora" CO2 emisioen murrizketarik bermatzen. "Are gehiago, eraikuntzarako beharrezkoak diren material kantitate handiek aztarna ekologiko itzela dute", kritikatu dute.

Azkenik, Aramaixo Bizirikek "bihotzez" eskertu die alegazioak sinatu dituzten herritarrei eta beraien babesa erakutsi duten eragile guztiei. "Hausnarketarako eta adostasunerako denbora gabe, inposaturiko zentral eolikoaren proiektua gauzatu ez dadin lanean jarraituko dugu, benetako trantsizio energetiko justu baten alde", ohartarazi dute.

Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan entregatu dituzte alegazioak. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide