Aldizkaria inprentara bidali orduko, Danubio ibaira bidean izango dira Aitor Fernandez de Ortega eta Iratxe Ayala bidaizaleak. Gasteiztik Nantesera autobusez joango dira, eta ostean, bizikletaz 4.300 bat kilometro egingo dituzte; Loira ibaia jarraituta lehenago eta Danubio ibaia ondoren, 40 egun baino zertxobait gehiago beharko dute deltara heltzeko. "Ibilbide ezaguna da, eta aldaparik ez da izango; beraz, bidaia honetan erronka txiki bakarra egunero gutxieneko distantzia betetzea izango da", gogoratu du Ayalak. Egunean 100-110 bat kilometro egitea aurreikusi dute.
Bizikleta gainean esperientzia handia dute, eta aurtengoa baino erronka zailagoak ere egin izan dituzte. Namibia bisitatu zuten iaz, eta, besteak beste, Madagaskar, Laos eta Islandian ere izan dira elkarrekin. Namibian, esaterako, bide egokia bilatzea ez zen horren erraza izan; asfaltatutako lehen mailako errepideak arriskutsuegiak ziren gehiegizko trafikoagatik, eta bigarren mailakoak hareatsuak, bizikletaz egiteko zailagoak. Egunean 80 bat kilometro egin zituzten orduan.
Interneteko blog desberdinak izaten dira informazio iturri nagusia horiek denak prestatzeko, beste lagun batzuen esperientziak, Fernandez de Ortegak esan duenez: "Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Perez de Nanclares bidaizaleek idatzitako artikulu bat izan zen Namibian erreferentzia, distantziak nola bete eta nondik jo erabakitzeko". Hilabete batzuk lehenago hasi ohi dira ibilbidea pentsatzen, eta zakutoak antolatzea izaten da azkeneko lana. Arropa ondo neurtuta daramate, baina normalean janari gehiegi, aitortu dutenez. "Gehiegitxo eramaten dugu. Noizbait pisatu izan dugu, eta 40 bat kilo neramatzan gainean". Zerrendak egiten dituzte, eta nahi baino luzeagoak izaten dira azkenean, beharrezko zira, plastiko eta denda artean. Libururik ere ez dute falta sekula, afaloste lasaietarako.
Baina nolako prestakuntza behar da bizikletaz halako bidaiak egin ahal izateko? Prestakuntza fisikoa baino gehiago, ohitura izatea garrantzitsuagoa dela uste dute biek. "Guk ez ditugu prestatzen bidaiak fisikoki, beste batzuek egiten duten moduan. Normalean bizikletan bizi gara, lanera bizikletaz goaz; egunero ibilbide txikiak izaten dira, baina bada ohitura bat". Kilometro gutxi batzurekin hasi, eta laster edonor haien antzeko abentura bati ekiteko prest izan daitekeela uste dute. "Lehenengo egunean hamar kilometro izan daitezke, hurrengoan hogei, poliki-poliki bete daiteke abentura. Denei esaten diogu erraza dela hau". Bere lehenengo ibilaldia Iparraldean egin zuela gogoratu du Ayalak, bost eguneko txango "erraz" bat.
"Erraza da bizikletaz bidaiatzea; prestakuntza baino, ohitura kontua da"
Iratxe Ayala, bidaizalea
Gehienetan bizikletaz egin ohi dituzte bidaiak, baina oinez ere egin dute baten bat. Duela bi urte Islandia zeharkatu zuten iparraldetik hegoaldera, oinez, eta esperientzia gogorragoa izan zen; aurreko batean bizikletaz bisitatu zuten uhartea. "Oso muturreko paisaiak dira Islandiakoak, oso basatiak, izugarri ederrak batzuetan, baina zenbaitetan aspergarri gerta daiteke oinez egiten baduzu, behin eta berriz paisaia bera delako", aipatu du Fernandez de Ortegak. "Norbaitek Marte bisitatzeko ametsa izan badu noizbait, Islandia izan daiteke aukera erraz eta merkea". Kezka nagusia janaria izan zen bidai hartan, hamasei egunetarako janaria bizkar gainean nola eraman kalkulatzeko lanak. "Argitasunak ere eragin handia du Islandian. Egokitu arte, lehendabiziko egunak zailak izaten dira".
"Guztiok gara beldur halako bidaia potente batekin; hori gainditu egin behar da"
Aitor Fernandez de Ortega, bidaizalea
Aurten, Danubio ibaiaren bazterretan biziko dute abentura. Etapa bakoitzaren ostean, basoan bilatuko dute lotarako lekua. "Bost egunean behin, gutxi gorabehera, kanpina hartzeko ohitura dugu. Beraz, oso merke egiteko aukera ere badago". Gauero, egunez egun bizitakoak jasoko dituzte eguneroko batean, eta akaso ALEAn irakurtzeko aukera izango da laster, Islandiako bidaiarekin egin zuten bezala, hurrengo bidaiarientzako pista ugarirekin. "Txandaka egiten dugu, batek afaria prestatzen duen bitartean besteak egunerokoa idazten du".
Oraindik beste dozenaka koaderno betetzeko txoko dituzte zain oporraldietarako, baina urtebeteko bidaia egitea ere ez dute baztertzen. "Gure ametsa urtebeteko eszedentzia hartu eta bidaia egitea litzateke. Ea noizbait posible den...".
Mota honetako bidaiak egiteari beldurra kendu behar zaiola uste dute, ahaztuko ez diren abenturak bizitzeko aukera ederra baita bizikleta gaineko esperientzia. "Guztiok gara beldur halako bidaia potente baten aurrean, baina hori gainditu beharra dago, probatu; konturatu orduko bidaian murgilduta egongo gara, eta uste baino errazagoa izango da".