Islandian zehar oinez

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Fermandez de Ortega eta Iratxe Ayala 2022ko abe. 23a, 08:00

Islandia oinez zeharkatu dute Aitorrek eta Iratxek. / Aitor Fdz de Ortega.

"Guztira hamabost egun eta 378 kilometro izan genituen Islandia iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko; emozio eta ilusio uneak nagusitu ziren zeharkaldian"

Bizi garen mundu globalizatu honetan, abentura bat bizitzeko toki egokiak aurkitzea gero eta zailagoa da: gure planeta gainezka dago gizakion gure presentzia ez oso maiteagatik. Zorionez, oraindik ere, gutxiago izan arren, badira ezkutuko txokoak, zeinetan, garai ez horren urrun batean gertatzen zen bezala, txiki sentitzen garen, ezer gutxi izatetik hurbil, inguruan daukaguna gure aldean itzela baita.

Islandiak badauzka aurreko ezaugarri horiek guztiak. Alde batetik, populazio txikia: lau bizilagun kilometro koadroko, guztira 369.000 lagun, gehienak hego-mendebaldean, Reikiavik hiribuaren inguruan, metatuta. Hiriburuaz aparte, beste herri guztiak itsasertzean kokaturik daude, eta ez dira oso handiak. Barrualdea hutsik dago. Ideia argiago bat egiteko, nahiz eta uhartea Euskal Herria baino bost aldiz zabalagoa izan, hau da 103.000 km2, daukan populazioa hamar aldiz txikiagoa da. Beste aldetik, paisaiari dagokionez, badirudi beste planeta batean zaudela Europako beste herrialde batean baino. Horrexegatik, hain zuzen ere, NASAk astronautak Ilargira bidali aurretik, Askjaren ingurura eraman zituen, bertako ingurua eta Ilargiarena oso antzekoak baitira.

Pasaia txundigarriak deskubritu dituzte Islandian. / Aitor Fdz de Ortega.

Uharte honek metatzen duen beste ezaugarrietako bat da bere barruan dagoen basamortua, Europako zabalena, gure zazpi probintzien tamainakoa; beraz, penintsularen hegoaldean dagoen Tabernas izen handikoa baino zabalagoa. Baina Islandiakoa basamortu berezia da; izan ere, bertan eta zehar ez dira falta handiak bezain kementsuak diren glaziar ibaiak. Bestetik, geologiazalea izanik, uhartea bereziki interesgarria da, lurrikarak eta sumendi erupzioak inon baino ohikoagoak baitira. Bitxikeria moduan, munduko mendirik gazteenetarikoak Eyjafjallajokul sumendiak 2010ean sortu zituen izan zuen erupzioan. Aurreko guztia gutxi balitz bezala, beste zenbait herrialdetan ez bezala, gurea barne, Islandian ez dira lehenesten azpiegitura erraldoiak (hiper portuak, super autopistak edo trenbide itzelak); aitzitik, bertako azpiegitura nagusia da bi erraileko errepide txiki bat, uhartearen inguruan doana.

Zorionez, oraindik ere, badira txiki sentitzen garen txokoak, ezer gutxi izatetik hurbil

Uharte hau gozatzeko hainbat aukera dago; edonola ere, turista gehienek, auto bat alokatuta, uhartearen itzulia egiten dute, errepide bazterreko ikuskizunekin begiak asetzeko. Errepidetik gehiegi urrundu gabe, hamaika dira ikustekoak: urjauzi aunitz, geyserrak, fumarolak, ur beroak, glaziarrak, etxalde koloretsuak eta nonahi ikusgai bertako zaldi trinkoak, gure pottokarekin antza handia daukatenak. Badira turista ausartagoak; horiek noranahiko bat alokatu, eta barruko goi-lautadetara, Highlandesera, abiatzen dira. Multzo horren barruan, gehienek alemaniarrak, 4x4 ibilgailuak baino bunker itxurako kamioiak hautatzen dituzte, egokiagoak liratekeenak Paris-Dakar tankerako lasterketa batean. Edonola ere, eta, zorionez, bestelako aukerak ere badira, horien artean bizikleta! Duela zazpi urte, biok horren alde egin genuen, eta ez zitzaigun inoiz ere damutu, nahiz eta aurreko hogei urteetako udarik hotzena izan (tarteka 7 graduko tenperatura eta euria egun batean bai eta hurrengoan ere bai). Itzulia egiteaz gain, F 35 errepidetik joan ginen barrualdera; hori bai, 5 km orduko abiaduran, bidean ez baitziren gutxi zuloak, koskak eta baita kraterrak ere.

Azken aldi honetan euskal sena nagusitu zen, eta "Ayvalaostiapues oraingo honetan oinez izango da" esan ostean, motxiltzarrak bizkarreratu genituen. Reikiavikeko kanpinean tarte laburrean egonda, autobusa hartu, eta Husavik aldera abiatu ginen. Bidean geundela, nahiz eta uhartea jada ezagutu, autobusaren leihoetako kanpoko giro hitsa, hotza eta negukoa ikusita, "nork bultzatu ote gaitu abentura honetara?" behin baino gehiagotan pasatu zitzaigun burutik. Husaviken goi mailako deluxeko turisten moduan jokatu genuen: itsasontzi batean itsasoratu baleak ikusteko, eta ur epeletako igerileku batean murgildu ginen, bertatik bazegoen itsas-labarrak eta ozeanoa ikustea. Jarraian, autobus bat hartu, eta barruko epeltasun artifizialetik kanpoko giro natural bezain arrotz eta umelera jauzi egin genuen; Godafoss urjauzian, hain zuzen. Godafossek "Jainkoen urjauzia" esan nahi du. Toki honetan, kondairaren arabera, jatorrizko biztanleek muzin egin zieten euren sinesmen animistei, eta men egin zioten “Gurutzearen Inperioari”. Bertan egin beharreko argazkiak eginda, F 842 errepidera jo genuen, ia trafikorik ez dagoen lurreko bidera; lehendabiziko urratsetik faltan izan genituen gure bizikletak. Izan ere, barraskiloak bezala sentitzen ginen, soinean generaman pisu handia (nik 30 kg eta Iratxek 20 kg ondotxo pasata) eta gure abiadura motela aintzat hartuta. Horren zamatuta joatearen arrazioa hurrengo hau: hasierako hamaika egunetan ez zegoen jatekorik lortzeko aukerarik.

Guztira, 378 kilometro izan ziren Islandia iparraldetik hegoaldera zeharkatzen. /Aitor Fdz. de Ortega

Hasierako hiru egunak argitsuak eta epelak gertatu zitzaizkigun, baina, aldi berean, deserosoak, soinean generaman zama handiagatik; azken hori zela kausa, maiz ikusten genuen geure burua behartuta atsedenalditxoak egitera. Zorionez, zazpina kilo kendu ahal izan genuen soinetik, eta busez aterpe bateraino bidali. Oraingo horretan, gure salbatzailea Christian izeneko autobus gidaria, gure "mesias" partikularra. Jada arinago eta baikorrago, F 26 errepidean sartu ginen: bazirudien Marte zeharkatzen zuela. Errepide horretan zehar, trafikoa txikia zen, noranahikoek osatua; hottez gain, kontuz zeharkatu beharreko ibaiak -batzuk- eta gaueko haizea, ezin bortitzagoa: behin baino gehiagotan, barruan geundela, bazirudien gu eta denda batera urrunera bota behar gintuela. Hori horrela, egunaren amaieran kanpamendua antolatu aurretik, ezinbestekoa izaten zen inguruetako harriekin babestuko gintuen harresitxoa eraikitzea. Horrelako egoeretan, gure eguneroko bizitza samurretik urrun, gizakiok sentitzen dugu egiatan zer garen: gauza nimiño eta garrantzigabea, bere arau propio dauzkan eta beldurgarria zaigun inguru handia baten erdian.

Egunak, ia guztiak, bata aurrekoaren kopia gertatzen zitzaizkigun; izan ere, guztietan egitekoa oso antzekoa zen. Gauean zehar beratzen utzitako gatxak, "overnight oats", eta kafesnea gosaldu; eguerdian bazkaldu beharreko pasta termo batean sartu, eta, kanpamendua jasotakoan, ezohiko eskualde ilargitiar horietatik ibili lehenengo atsedenalditxoa egin arte. Fruta lehor puska batzuk janda eta indarrak berreskuratuta, egurdirarte etenik gabe ibili. Bazkalorduan, batzuetan toldo baten babespean, termoetako zopa beroa, ogi apur bat eta hestebetea jan ondoren, ibiltzen jarraitu gauean haizetik babesteko txoko egokia aurkitu arte. Jarraian, denda montatuta, negutegiko plastiko batez egindako portxe moduko batean eta egunean zehar ibiltzeko arropa erantzita eta egotekoa jantzita, une majikoa heltzen zen: gune txiki horretan sortzen genuen giro goxoa bai guk geuk bai erregailuak, eta tarte hori egokiena zen egunean zehar bizi izandako guztia baloratzeko. Eguna amaitzeko, behin gure neguko lumadun zorroetan sartuta, goxo-goxo, irakurtzeari edo irakurtzen ari ginena aipatzeari ekiten genion.

Astebeteko ibilaldi bizia eginda, Landmannalaugarrera heldu ginen. Toki hori uharteko txokorik ederrenetarikoa da, eta ezaguna da harkaitzen koloreen bizitasunagatik

F26 errepideari bizkar emanda, F881etik tarte batean ibili ostean, Laugafel izeneko txoko batera heldu ginen; egiazko eden txiki bat basamortuaren erdian. Bertan: hiru egurrezko etxola, Islandiako bandera erraldoia eta ur beroetako putzu ederra. Hori guztia esmeralda berde tartetxo batean, askoz zabalagoa zen inguru arre baten erdian; egun batzuetan haizeak gu harez eta hautsez ondo zipriztindu gintuenez, putzuetako ur epeletan murgiltzean Nirvanatik oso hurbil sentitu ginen. Aurrekoa gutxi balitz bezala, akanpatzeko gunean baziren mahaiak eta eserlekuak, egiazko luxua, oraingo horretan lurrean baino erosoago prestatu baikenuen afaria; hori bai, aire zabalean.

Hurrengo egunean, oasiari agur, eta F 26 errepidera itzuli ginen, baita errukirik eta etenik gabe asintzen gintuen hegoaldeko haizera. Bi egun pasata, berriz ere aterpe batera heldu ginen, Nydalur-era, hain zuzen ere; horixe da F26 osoan zehar dagoen aterpe bakarra. Bertan, dutxatzeko aukera izan genuen, baita eraikinaren barruan egoteko ere. Eta, garrantzitsuena, hortxe geneukan zain Christian gidariaren bitartez bidalitako janaria.

Astebeteko ibilaldi bizia eginda, Landmannalaugarrera heldu ginen. Toki hori uharteko txokorik ederrenetarikoa da, eta ezaguna da harkaitzen koloreen bizitasunagatik. Horrelako edertasunak, egun, turista saldoak erakartzen ditu, baina horrek alde positiboa ere badauka: negozio txikiak egotea. Zorionekoak gu garagardoa erostea izan baikenuen, horixe luxua! Txoko eder horretatik abiaturik eta Thorsmork izeneko bailara bitartean, Islandiako trekking ospetsuena doa, hiru eguneko ibilbidea. Ez dira gutxi atxikitzen zaizkion turistak, hori bai, gehienek dirutza ordainduta, enpresa batek euren zama gehiena eraman eta afaria eta lo egiteko etxola prest izateko egunaren amaieran. Guk bestela egin genuen: zama guztia gainean eta bi egunean.

Hainbat abentura egin dituzte elkarrekin Aitorrek eta Iratxek. / Aitor Fernandez de Ortega

Azken txanpa Thorsmorketik Skogafossera izan genuen; zeharkaldi liluragarrienetako bat izan arren, zoritxarrez, lehenengo mendilepora heldu bezain laster, ikuspegi epikoa bizkarrean utzi, eta gure aurrean patata purea baino trinkoagoa zen behelainoan murgildu ginen. Zorionez, ibilaldi hau eginda geneukan, bizikletekin joan ginenean, eta paisaia ederraz gozatu ahal izan genuen, oraingoan ez bezala behin mendiaren bestaldean, itsasertzerako bidean, urjauzi sorta izan genuen, zein baino zein ikusgarriagoa, eta azkena, Skogafoss izenekoa, egiatan paregabea uharte osoan eta gure helmuga.

Guztira 15 egun eta 378 km izan genituen Islandia iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko. Emozio eta ilusiozko uneak nagusitu ziren zeharkaldian; tartean, modu puntualean une batzuk zailago gertatu zitzaizkigun, hotz, haize eta inguruaren monotoniagatik. Gauza guztien gainetik, abentura eta erronka ederra izan zen guretzat, zeinetan biok osatutako tandema, erabat sinkronizatuta, oztopo oro gainditzeko gai izan zen: "sasi guztien gainetik".

Aitor Fernandez de Ortega eta Iratxe Ayala, mendizale eta bidaizaleak.

 

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago