Bideoa: Patata lursail baten egoera Arbulu (Burgu) inguruan, ostiralean. Irudiak: Jon Fanega, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza zerbitzuko hazien ikuskatzailea.
Joan den ostegunean Araba astindu zuen txingor ekaitzaren tamaina dela eta, kalteen balorazioa hainbat egunez luzatu da, eta egunotan are gehiago larriagotu daiteke oraindik, gainezka ibili diren aseguruen eta perituen lanak aurrera egin ahala.
Oraingoz, Arabako landa eremuko nekazaritzaren sektoreak jasandako kalteari lehen zifra ofizial bat eman dio Agroseguro Espainiako Estatuko nekazaritzako aseguru erakundeen elkarteak: estimazioen arabera, kazkabarrak gutxienez 7.643 hektarea kaltetu zituen, 8.422 lursailetan banatuta. Nolanahi ere, zifra horrek soilik aseguratutako lursailak hartzen ditu kontuan. Elkartearen arabera, Araba izan da Estatu osoan ezbehar azalera handiena izan duen probintzia.
Patata lursailei dagokienez, uztaren %70ko kalteak aurreikusi dituzte. Hala ere, kaltetuenak zereal lursailak izan dira, hondatutako 6.793 hektarearekin: garia, oloa, garagarra edo zekalea ia erabat suntsituta geratu dira. Horrez gain, 382,23 hektarea mahasti (Arabako Errioxan), 223,81 hektarea barazki eta 201,83 hektarea erremolatxa hondatu dira. Zifrak baxuagoak diren arren, koltza, ekilore eta lekale lursailetan ere kalteak izan dira.
Lursailetan jasandako ondorioez gain, biltegietako estalkietan izandako kalteen ondorioz, txingorrak eta euriak biltegiratutako zereala kaltetu dute lurraldeko herri askotan.
Diru-laguntzak
Arabako eskualderik kaltetuena Lautada izan da, Gasteiz hiriburuarekin batera, bertan izan bizi izan zelako ekaitzaren kolperik bortitzena. Arabako Errioxan, zorionez, ekaitza zenbait udalerritara mugatu zen, bereziki Samaniego eta Bastidara, eta kalteak ez dira orokorrak izan. Halaber, harri-jasak Gaubea, Añana, Kuartango eta Izkiko Parke Naturalaren inguruak (bereziki, Arraia-Maeztu eta Apilaiz herrietan) ere indarrez kolpatu zituen.
Bere aldetik, Arabako Diputazioak ostiralean iragarri zuen lehen sektorearentzako ezohiko diru-laguntza sorta bat prestatzen ari dela. Hala ere, momentuz ez dago aurrekontu ofizialik. Laguntza horiek duela hilabete batzuk lehortearen eragina arintzeko martxan jarri zirenekin bat egingo dute.