Atzo Gasteizen eta Arabako toki askotan triskantza ugari eragin zituen txingor ekaitzaren ostean, kalteen ebaluazioak eta garbiketa lanak abiatzeko eguna izan da gaurkoa. Gasteizen, Maider Etxebarria alkateak eta Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak aurreratu dute garbiketa "lehentasun" izango dutela, batez ere pilatutako hostoek estoldak estali ez ditzaten. Modu horretan, berriro ekaitza sortuz gero, ahalik eta ur pilaketa gutxien sortzea nahi dute. Jaurlaritzak ostiral arratsalderako abisu horia ezarri duela ezagutarazi du gaur goizean, lehen orduetan euskal kostaldean beroagatiko abisua baino ez zuten arren.
Etxebarriak "ulerkorrak izateko" eskatu du, atzokoa "aparteko" fenomenoa izan zela argudiatuta. Gogora ekarri du 2009ko uztailean izandako antzeko fenomenoa; orduan ere, txingorrak triskantza andana eragin zuen, batez ere auto eta teilatuetan.
Konponketa lanei ekiteko, elurteetan erabiltzen den ereduari eutsi diotela iragarri du alkateak: funtsezkoak diren zerbitzuetarako sarrerak garbitzen ari dira aurrena, hala nola osasun zentroak, ospitaleak era zerbitzu publikoak. Diotenez, ondoren beste guneetan hasiko dira garbiketa lanak. "Teknikarien taldeak adierazi digutenez, egunak beharko ditugu normaltasunera itzultzeko", ziurtatu du alkateak.
Gurtubaik azaldu du suhiltzaileek 200 abisu inguru jaso zituztela atzo, eta "gehienak unean bertan" artatu zituztela, "larritasunaren arabera". Udaltzaingoak ere lau orduko tartean 300 dei inguru jaso zituen, egun normal batean jaso ohi dituzten deien halako lau.
Soroetan izandako kalteak
Ekaitzak bereziki hiriburuan arazo handienak eragin dituen arren, Arabako beste leku askotan ere izan dituzte kalteak. Horietan, gauden urtaroan aintzat hartuta, kezka handiena nekazaritza sektorean egon da, batez ere jasotzear den zerealean eta bestelako laboreetan. Diputazioak gaur aurreratu du foru teknikariak kalteak neurtzen ari direla, eta Gasteizen eta bertako kontzejuetan "eraginak" identifikatu dituzten arran, "neurri handiagoan edo txikiagoan" Lautadan, Mendialdean eta Añanako zenbait lekutan kalteak ikusi dituztela. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak aurreratu du "aparteko diru laguntzak" abiatuko dituztela datozen egunotan.
Diputazioaren arabera, ekaitzak ez du "kalte aipagarririk" sortu errepideetan, Bastidatik gertu ez bada. Suhiltzaileen lanari dagokionez, diputazioak dio batez ere Arabako Errioxan izan dutela jardun nagusiena, zenbait lokaletatik ura atera behar izan dutelako.