Francisco Galdos (Gasteiz, 1947) Arabako txirrindularitzak eman duen izen handietako bat da. 1967an lehen lasterketan parte hartu zuen, zaletu bezala, eta 1969. urtean KAS taldean profesional bezala hasi zen. 1980an bizikleta utzi zuen arte 11 Frantziako Tour hasi zituen, eta lau aldiz amaitu zuen hamar lehenen artean. Hiru asteko lasterketetan erregulartasun handia erakutsi zuen: Italiako Giroan 2. eta 3. izan zen, eta Espainiako Vuelta ere 2. amaitu zuen. 1977ko uztailera atzera egin behar da Tourra Arabako hiriburuan izan zen eguna gogoratzeko; bertatik bertara bizi izan zuen Galdosek.
Nola izan zen etxean amaitzea Tourreko etapa bat?
Egia esan, ez dut egun horretako oroitzapen handirik. Gogoratzen dut Jose Nazabal taldekideak ihes egin zuela, beste birekin, eta irabazi zuela. Helmuga gogoratzen dut; asteburua zen, eta jendetza joan zen Zumarren Hiribideko helmugara. General Alava hotelera joan ginen gero, eta… Suposatzen dut emaztea etorriko zela, baina ez dut gogoratzen. Eta hurrengo egunean Frantziara bidean berriro.
Nola ari zara bizitzen aurtengo Tourraren aurreko asteak?
Harrigarria da nola ari diren hiria prestatzen, ene…
Gaur egun txirrindularitza jarraitzen al duzu?
Bai, bai. Telebista aurrean alabak oparitutako bizikleta estatiko bat dut, eta bertara igotzen naiz azken kilometroak txirrindulariekin batera egiteko.
Laborari familia batean jaio zinen, Lasarten. Kirolerako zaletasunik zegoen zure inguruan?
Ez bereziki, nik dakidala…
Zure izeba batek Gasteizko Maratoi Erdia egiten omen zuen.
Nire izeba oso berezia zen, bai. 90 urte baino gehiagorekin hil zen, eta 70 urte pasatxo zituela Gasteizko Maratoi Erdia egin zuen. Oinez hasi, eta oinez amaitu zuen. Aitaren arreba zen. Langara Ganboako baserri batean jaio ziren, eta, urtegia egin zutenean, Lasartera mugitu ziren, aitonak erositako etxe batera. Gerora jakin izan dut berak edoskitu ninduela; amak esne gutxi omen zuen; izebak nire adineko alaba bat zuen, eta esnea soberan zuenez, ba… Izaera handiko emakumea zen! Agian bertatik ere jaso nuen zerbait.
Txirrindularitzarekin harremana berandu hasi zenuen, ia adinez nagusi zinenean.
Hamahiru urterekin fraidetara bidali ninduten, Zornotzara, lau urtez. Nik ez nuen nire bizitza fraide bezala ikusten, baina ikasteko balio izan zidan. Futbola oso gustuko nuen, baina ikaskide batek txirrindulari kromo asko eman zizkidan. Kromo horiek zerbait eragin zidaten. Bizikleta bat nuen, normala; lagun batekin, igandean, arrosarioaren ostean, Zaldiaranetik gindoazen bizikletan Mirandaraino; oraindik gogoratzen dut sentitzen genuen askatasun sentsazio hura. Baina txirrindularitza lasterketen mundua urruna zitzaidan.
"Lasterketan ondo kokatzeko araua erraza zen: Merckx ahalik eta gertuen izan"
Noiz lortu zenuen zure lehen errepideko bizikleta?
Zornotzako ikastetxetik itzuli nintzen uda hartan, 1968an. Tailer batean lortu nuen, Garaje Abecia; 4.500 pezeta balio zituen (27 euro inguru). Non lortu behar nuen diru hori nik? Ba saltzaileak nigan konfiantza izan, eta larunbat batean eman zidan, ezer ordaindu gabe. Aurrerago aitak dirua lortu, eta ordaindu zion.
Eta lehen lasterketa?
Bizikleta lortu eta hurrengo asteburuan izango zen, Dulantzin. Arratsaldean zen lasterketa, baina goizean joan nintzen lagun batekin. Dortsala eta urdaiazpiko ogitarteko bat erosteko adina diru eraman nuen. Bidoi bat esne eta gozokiak eraman nituen, bidean jateko. Lasterketa gogorra zen, bi zatirekin: Opakua igotzen zortzigarren egin nuen, eta Azazetatik Dulantzirako bidean aurretik nituen lau txirrindulari aurreratu nituen, baina Azazetatik jaisten kolpe itzela hartu nuen. Dulantzira heldu nintzenean bi errepide ikusten nituen, eta lau zuhaitz bi zeuden lekuan lau (barre egiten du). Eta hori izan zen urte horretan egin nuen lehen eta azken lasterketa!
Hurrengo urtean, baina, meritu gehiago egin zenituen goi mailako talde batean aritzeko.
Arabako Itzulian izan zen, bai. 1968ko abuztua zen. KASeko zaletuen taldeko sei txirrindulari zeuden, eta Dalmacio Langarikak, KAS taldeko zuzendaria zenak, bertatik bertara jarraitu zuen lasterketa. Gasteiztik Laudiorako bidean ihesaldi bat sortu zen, KASeko lau txirrindularirekin, eta beste birekin, ni barne. Bada, zulatu egin nuen gurpila. Denbora asko eman genuen aldatzeko! Bakarrik jarraitu nuen iheslarien atzetik, baina atera zidaten denbora tarteari eutsi nion. Hor ezagutu ninduen Langarikak.
Ezagutu, eta gogoratu.
Hala da, bai. KASeko txirrindulari horiek Mexikoko Olinpiar Jokoetara joan ziren bertatik gutxira, eta, nola KASeko zaletuen taldean apenas geratzen zen txirrindularirik, Langarika nirekin gogoratu, eta deitu ninduen. Zelako ilusioa! Kontraturik ez, baina bizikleta eman zidaten…
Aldaketa handia sumatu zenuen bizikleta horrekin?
Hegan egitea bezalakoa zen hori. Bakarrik zihoan! KASen sartu aurretik Zeus markako bizikleta bat nuen. KASeko mekanikari batek aztertu zuen, Urkiolako igoeran zortzigarren egin nuenean. Harrituta geratu zen: pedalierra guztiz gogortuta zuen! Pentsa, beraz, zer izan zen bizikleta garbi eta txukun batekin ibiltzea! Eta ez hori bakarrik… Lasterketetan mekanikari bat zegoen, masajista bat… Oraindik gogoratzen dut Carmelo Uriak, talde profesionaleko masajistak, tratatu ninduenean. Urte horretan KASekin egin nituen bi lasterketak irabazi nituen, zaletu bezala.
Eta horrek profesionaltasunerako bidea ireki zizun, 1969an.
1968. urtean, omenalditxo bat egin zigutenean, Dalmacio Langarikak esan zidan: "Profesionaletara pasa nahi al duzu?". Zelako galdera hori! Eta hor hasi nintzen profesionalekin, 21 urterekin. Lehendabiziko Tourra egin nuen 22 urte bete berri nituela. Baina garai hartan soldadutza egin behar izan nuen.
Eragozpen handia izan al zen?
Ez nuen ohiko moduan egin, egia esan. Militarrak argi utzi zidaten: lasterketetan parte har nezakeen, baina galdutako egun guztiak berreskuratu beharko nituen gero. Arakan hiru hilabete egin nituen, eta Gasteizera etorri eta gutxira baimena eman zidaten. Otsailean lasterketak hasi ziren, eta ez nintzen gelditu. Irailean itzuli nintzen, kontuak egitera. Tenientea zorrotza zen, baina oso ondo portatu zen nirekin. Soldadutzan 30 pezetako (0,18 euro) soldata jasotzen genuen hilean, baina niri ez zidaten ezer eman. Horren truke, nolabait esateko, bete ez nituen egunak egiteaz salbuetsi ninduen teniente horrek.
"Hiru kuloterekin egin genuen Tour guztia, egunero hoteletan garbituta"
Profesionaletan uneko handienen kontra lehiatu zinen: Merckx, Pulidor, Ocaña, Van Impe, Gimondi…
Merckxen lehen urtea nirea ere izan zen… Anquetilekin ere egon nintzen, haren azken urtean. Dauphine Libereko erlojupekoan nire atzetik atera zen; 30 kilometro baino gehiago zituen. Helmugarako bi kilometro falta zirela harrapatu ninduen, nik nire aurrekoa harrapatzen nuen bitartean. Anquetilen ondoan jarraitu nuen helmugaraino, parez pare; aurretik sartzen utzi nion, errespetuagatik.
Profesional ibilbide gehiena KAS taldean egin zenuen, 1979. urtean desagertu zen arte. Kelmen egin zenuen azken urtea, erretiratu aurretik. Aldaketa handia izan al zen?
Oso handia. Garai horretan erretiroan pentsatzen hasia nengoen, eta gaur egun Dolomiti jatetxea dagoen lekua erosten hasia nintzen. Tristea izan zen KAS taldearen agurra. Azken unera arte ez ziguten ezer esan. Horrez gain, okerreko bidetik sartu nintzen Kelmen; ez nengoen bereziki indartsu.
Nola ikusten duzu gaur egungo txirrindularitza? Zeintzuk dira ezberdintasun nagusiak?
Irteeretara gerturatuz gero argi ikusten da: autobus handiak, mekanikariak, babesleen kotxeak… Zenbat bizikleta eramaten dituzte? Duela lau hamarkada ez zegoen halakorik. Hiru kuloterekin egiten genuen Tour guztia; egunero garbitzen genituen hoteletan, eta, badana askatzen zenean, atximur beldurgarriak ematen zituen… Beste aldaketa handi bat pedalak dira; uhalekin lotzen genituen zapatak bertara, eta arriskutsua zen erorikoak zeudenean.
Elikadura ere zerbait aldatu da urteekin?
Ez zen arraroa goizeko seietan gosaltzea, etapa luzeak zirenean. 1969ko azkenaurreko etapak 329 kilometro izan zituen. Halakoetan gogoz gosaltzen genuen: kafesnea, okela, arroza… Anoa postuetan arroz pastela, platanoa, sagarra zurituta eta halakoak ematen zizkiguten. Etapa oso luzea bazen oilasko izter bat ere aurki zenezakeen poltsan. 1977rako belgiarrak eta hasi ziren elikadura gehiago zaintzen: gosaltzean zereal batzuk, lau gaileta… Guk haien lepora barre egiten genuen. "Nola egingo dituzu 250 kilometro hori hartuta!". Bada, hori omen zen bidea.
Txirrindulari batek lasterketan duen informazioa ere handia da: potentzia, entzungailuak zuzendariaren aginduak jasotzeko…
Ez nintzen bereziki azkarra izan etapak irakurtzen jakiteko. Enrique Martinez de Heredia taldekideak oso ondo egiten zuen hori: non kokatu; ze unetan; zeharkatuko genuen herriren batean obrak zeudela, eta aproposa izan zitekeela eraso egiteko… Ez genuen kilometroak zenbatzeko gailurik ere. Zure kaxa antolatzen zinen, eta, noiz edo noiz, zuzendariak zerbait esaten zizun. Lasterketan ondo kokatzeko, baina, arau sinple bat zegoen: Merckx ahalik eta gertuen izan. Gaur egun watt-ei buruz hitz egiten entzuten ditut aurkezleak, eta ez dut argiegi zer den. Beste txirrindularitza bat zen ordukoa…
Zer zentzutan?
Gerrilla guda bat zen. Ondo zegoenak aurrera egiten zuen, eta tropelak ez zuen ihesaldirik baimentzen; ihesaldi batek aurrera egiten bazuen muturreraino borrokatzeagatik zen.
Gauza asko aldatu direla agerikoa da; 1969ko Tourrean batez besteko abiadura 35 kilometro ordukoa zen, eta 2022an 42 kilometro ordukoa.
Txirrindularien prestaketa da gehien aldatu den gauzetako bat. 80 kilometroko entrenamendua egiten nuenean asko zen, eta 150 kilometro urtean bitan egiten nituen. Gaur egun 280 kilometro egitera heltzen dira batzuk, egunero! Are gehiago, Dalmacio Langarikak ia ez zigun entrenatzen uzten, pentsaera hori zuelako.