Munduko hamaika txokotara helduko da Frantziako Tourra hurrengo egunetan, eta, horrekin batera, Raisa Alavak (Zuhatza, 1990) 110. ediziorako sortutako kartel koloretsua. Komikiak inspirazio iturri, Guggenheim museoa, Bilboko itsasadarra eta Parisko Garaipenaren Arkua ekarri ditu paperera, kolore eta mugimendu biziekin.
Aukera polita da ilustratzaile batentzat Tourreko kartela egitea, ezta? Pozik?
Egia esan, bai. Euskal Irudigileak ilustratzaileen elkarteak antolatutako lehiaketa bat izan zen, eta ez nuen espero irabaztea, sorpresa polita izan zen. Denek ezagutzen dute Tourra, eta uste dut balioko duela nire lana ezagutu eta ilustraziora gerturatzeko. Igarri dut dagoeneko jende askok ikusi duela, eta kolaborazio desberdinak egiteko proposamenak ere heldu zaizkit, beraz, oso pozik nago, eta ikusiko dugu aurrerantzean zer datorren.
Frantziako Tourrak izan duen kartelik koloretsu eta bizienetako bat izango da, beharbada...
Bai, koloretsua da, eta uste dut arriskatua ere badela. Normalean kiroletako kartelak serioagoak izaten dira, eta honetan benetan kalean bizi dena erakutsi nahi nuen, ohiko kartel serioen ideiarekin apurtu nahi nuen; uste dut halako txapelketa batek, izan Frantziako Tourra edo Itzulia, poztasuna dakarrela, giro alaia izaten dela, jai baten moduan ospatzen da, eta hori iradoki nahi izan dut. Faltan botatzen nuen poztasun hori karteletan.
"Azarorako izango da prest nire lehenengo komikia; amodio istorio bat izango da"
Badu komiki itxurarik, ezta?
Komikia asko gustatzen zait, eta bada nire lanerako inspirazioa. Asko gustatzen zaizkit, adibidez, Emil Ferris, Lale Westvind edo Chris Ware... Literatura ere oso inportantea da niretzat, asko irakurtzen dut, eta buruan irudiak sortzeko eta irudimena lantzeko oso garrantzitsuak direla uste dut.
Zure komiki propioa sortzea gustatuko litzaizuke?
Saiatu naiz aurretik, eta alde batera utzi izan dut, baina azkenean aurrera doa proiektua, eta laster izango dut esku artean nire lehenengo komikia. Azarorako izango da prest, Aia argitaletxearen eskutik. Amodio istorio bat izango da, oraindik gauza asko aurreratu ezin dudan arren... Zuri-beltzeko marrazkiak izango dira nagusi, kolorea duten beste batzuk tartekatuta.
Nolakoa izaten da lan prozesua?
Normalean paperean hasten naiz lanean. Eskuz marraztu ohi dut rotring batekin, atzetik zuzenketak egiten ditut arkatzez, eta eskaneatu egiten dut irudia. Digitalean koloreztatu egiten dut, eta beharrezko aldaketak egiten dizkiot. Halere, oso lan desberdinak izaten ditut, eta lanaren arabera ere aldaketak egon daitezke. Une honetan, aldizkari baterako marrazki bat, kartel bat eta bi horma-irudi egiten ari naiz; Donostia eta Belandiarako (Bizkaia) lanak izango dira. Egunero gauza desberdin batekin aritzen naiz.
Baloratzen al dugu ilustratzaileen lana?
Uste dut gero eta gehiago baloratzen dugula. Batzuetan sorpresak izaten dira, baloratzen ez dela uste duzunean agertzen da norbait benetan interesa duena... Nahiz eta oraindik falta den. Arteak badu positiboa den zerbait eta aldi berean kezkagarria dena; mundu guztiak eman dezake iritzia, eta mundu guztiak parte hartu dezake. Matematikari edo ingeniari baten lanean ez gara sartzen, ez ginateke ausartuko, konfiantza dugulako haiengan. Aldiz, artean denok uste dugu kriterioa dugula marrazki bat aldatzeko edo erraz iritzia emateko.
Hainbat hedabide ezagunetan kolaborazioak egin dituzu –The New Yorker, El País, New York Times, HBO... –. Zer gustatuko litzaizuke ilustratzea?
Orain arteko bidearekin jarraitzea gustatuko litzaidake, lan desberdinak egiten, ez daukat amets handiegirik. Beharbada disko baten azalerako ilustrazioa egitea gustatuko litzaidake, orain arte ez dut halakorik egin, eta, eskatzen jarrita, izan daiteke The New Yorker aldizkariko azala, adibidez...
Jarraituko duzu aurten Tourra?
Oraingo honetan bai, ikusiko dut. Oso gaizki geratuko naiz, baina, egia esan, ez naiz Tourzalea, kar-kar. Bizikletazalea bai, Bilbo eta Zuhatzatik mugitzeko asko erabiltzen dut...