Hori koloreak esanahi handia du txirrindularitzan. 1919tik Frantziako Tourreko kirolari onenak jantzi ohi du maillot horia. Are, beste lasterketa askok kolore hori bera aukeratu dute sailkapen nagusian lehen postuan dagoen txirrindularia adierazteko. Kolore horrek, baina, beste adar bat ere badu; Gasteizen sustraiak dituen bat. KAS taldearen kolorea da. 60ko eta 70eko hamarkadetan nazioartean ospea lortu zuen, unean uneko onenei aurre eginez, eta bi gurpilen gaineko kirola berritzen lagunduz.
1958. urtean hasi zen talde historiko horren bidea. Bi abizen egon ziren jaiotzaren atzean: batetik, Mariano Galarza, txirrindularitza sustatzailea, eta, besteak beste, Espainiako ziklo-kros selekzionatzailea; bestetik, Knorr familia, 1870ko hamarkadan Euskal Herrira heldu zen Roman Knorr Streiff garagardogilearen eta Pilar Ortiz de Urbina ondorengoak. Galarzak 1952an Boxing Ciclo Club sortua zuen, Ordizian. 1958an beste pauso bat ematea erabaki zuen, eta, horretarako babesle bila zegoela, Knorr familiarekin egin zuen topo. Akordioa lortu zuten, eta, horrekin batera, txirrindulari lasterketen kolorea aldatu zuten: Boxing-KAS taldea sortu zuten.
35 urte geroago, zaletu gehienek buruan dute arrabola horiaren maillotaren irudia
Ordurako, Knorr familiak El As gaseosa egiten zuen, eta, freskagarri berriak izendatzeko, gaseosari abizenaren lehen letra txertatuz atera zuten KAS. Produktu hori aukeratu zuten taldeari izena emateko. Hamabost kirolarik osatu zuten lehen talde hura. Hori koloredun maillotak, baina, hainbat lasterketa itxaron behar izan zituen; izan ere, maillot zuri eta urdinarekin egin zituzten lehen lasterketak, Boxing Ciclo Clubaren koloreak. Elastiko horia Espainiako Vueltan jantzi zuten, baita bertan lehen garaipena lortu ere; Fausto Izak ihes eginda sartu zen Bilboko helmugan, Gasteizen hasitako etapa irabaziz. Benigno Aspuruk 10. amaitu zuen urte horretan.
Dalmacio Langarikaren eskua
Urte bateko adostasuna eta gero, Boxing Ciclo Cluba eta KAS enpresa banandu ziren. Lehenaren ibilbidea gorabeheratsua izan zen, behar ekonomikoei ezin erantzuteagatik. Aldiz, freskagarrien taldeak aurrera jarraitu zuen, gero eta indartsuago. 1959. urtean Federico Martin Bahamontesek jantzi zuen KASen maillota, Tricofilina-Coppi taldeak utzita. Urte horretan Bahamontesek Tourra irabazi zuen, baina Espainiako maillota jantzita, Frantziako lasterketa selekzioka egiten baitzen. Ordea, KASentzat funtsezkoa den izen bat zegoen hor tartean: Dalmacio Langarika, garaiko Espainiako selekzioko zuzendaria.
Langarika 1961. urtean heldu zen KAS taldera, Espainiako Txirrindularitza Federazioa utzi ondoren. Bada, izen horrek baldintzatuko zuen Gasteizko taldearen bilakaera, baita, hein batean, txirrindularitza bizitzeko modua ere. Historikoki, izen handien arteko lehiak zabaldu du ilusioa zaletuen artean: Gino Bartali eta Fausto Coppi, Anquetil eta Pulidor, Bahamontes eta Loroño… Dalmacio Langarikak 1960tik aurrera lortu zuen zaletuak talde bateko koloreak jarraitzea; talde izaera izenen gainetik jarri zuen.
Hala ere, KASek talde bezala izen handia lortu bazuen, txirrindulari handiei esker izan zen. 1961ean Langarikak maila handiko kirolariak aurkitu zituen taldean. Batzuk profesionalera heldu berriak ziren, eta ibilbide luzekoak ziren beste batzuk: Francisco Gabikagogeaskoa Gabica, Eusebio Velez de Mendizabal, Antonio Karmany, Jose Segu, Angelino Soler… Urtez urte taldea hazi zen, fitxaketa handiekin, Julio Jimenezena kasu, 1964an. Etxetik gertuko lasterketetan maila erakutsi bitartean, nazioartean ezaguna bihurtu zen maillot horia. 1963an Frantziako Tourrera joan zen, gonbidatuta; liderraren maillot horiarekin ez nahasteko, koloreak irauli zituzten: elastikoaren enborra urdina izango zen, eta maukak horiak. Lau urte geroago Italiako Giroan parte hartzen hasi zen, eta, lasterketa horietan guztietan, talde indartsuaren irudia agerian utzi zuen. 1964an taldekako erlojupekoa irabazi zuen Tourrean, eta hurrengo bi urteetan talde onena bezala igo zen Pariseko podiumera. Espainiako Vueltan ere sarri izan zen talde onena, eta Giroan lehenengoz parte hartu zuen urtean ere talde onena izan zen.
Emaitza horiekin batera, KASeko txirrindularien garaipenak mantendu ziren. 1966ko Espainiako Vuelta taldearen nagusitasunaren adierazle da: sei etapa irabazi zituen, bakoitza txirrindulari ezberdin batekin. Horrez gain, urte horretan, taldekako eta mendiko sailkapena irabazteaz gain, sei txirrindulari sartu zituen hamar onenen artean: Gabika lehena, Velez de Mendizabal bigarrena, Carlos Etxeberria hirugarrena, Jose Antonio Momeñe bosgarrena, Valentin Uriona seigarrena eta Antonio Gomez del Moral zazpigarrena.
Belaunaldi aldaketa
60ko hamarkadaren amaieran KAS taldearen izena onenen artean sartu zuten txirrindulariak joaten hasi ziren. Taldeak apur bat nabaritu zuen aldaketa, baina ilusioak ez zuen etenik izan. Txirrindulari gazteak heltzen hasi ziren: batzuk beste talde batzuetatik fitxatuta, eta asko zaletuen taldetik profesionaletara igota. Azken horietako asko Mexikoko Olinpiar Jokoetara joandakoak ziren, 1968an: Jose Antonio Gonzalez Linares, Jose Gomez Lucas, Felix Gonzalez, Nemesio Jimenez, Santiago Lazkano eta Luis Zubero. Beste izen ezezagun bat zegoen, baina: Francisco Galdos, ibilbide luzerik gabeko, baina Dalmacio Langarikari atentzioa eman zion kirolaria.
Lehen urteetan emaitzak ez ziren heldu, baina ilusio handia zegoen taldearen gainean. Eddy Merckx izeneko gazte batek bigarren urtea zuen profesionaletan, eta ordurako erakutsia zuen bere maila eta garaipen gosea. Bada, KAS taldeak aurre egin zion hainbat lasterketatan. Ilusio hori fitxaketekin hausportu zuten. 1971. urtean Jose Manuel Fuente heldu zen; Merckxekin lehia estuak izan zituen, hurrengo urteetan. Belgikarrak aitortu izan du lan handiena eman zion txirrindularietako bat izan zela, baita KAS taldea ere.
Urtez urte, taldea hazi egin zen, fitxaketa handiekin, Julio Jimenezena kasu, 1964an
Urte horretan bertan Txomin Perurena ere heldu zen KAS taldera. Zendu berri den kirolariak babes aparta aurkitu zuen Gonzalez Linaresengan, tropelean heldutako etapetan esprintean irabazteko. Pieza guzti horiek elkartuta, Gasteizko taldearen beste urrezko aro bat hasi zen. Dozenaka etapa irabazi zituen etxean zein nazioartean. Itzuli handietan beti zuen kideren bat hamar onenen artean, eta, sarri, podiumean. Fuentek, bi urteko epean Vuelta irabazi, Giroan bigarren eta Tourrean hirugarren amaitu zuen. Lopez Carril, Galdos, Perurena eta Pesarrodona ere podiumera igo ziren itzuli handietan, beste lasterketa eta nazioarteko kriteriumak irabazteaz gain.
60ko hamarkadan bezala, banakako garaipen horiei talde izaera gehitu zitzaion. 1974. urtean, esaterako, hiru lasterketa handietan talde onenaren saria irabazi zuen. 1976an errepikatu zuen Tourrean, eta Vueltan, orotara, sei aldiz lortu zuen izendapen hori, 1972tik 1979ra arteko epean.
Agurra eta itzulera laburra
Errepideetan emaitza onak lortu bitartean, 1979an KAS enpresa Belgikara mugitu zen, eta, urte bat geroago, taldea desegin zuten. 1985. urtean Luis Knorrek eta Dalmacio Langarikak taldea berreskuratzeko lan egin zuten. Skil-Sem taldeko hirugarren babesle bihurtu zen, eta 1986an hori kolorea berreskuratu zuten maillotean, babesle nagusi bihurtuta. 1988ra arte iraun zuen proiektuak. Hein batean lortu zuten garai bateko ilusioa eta izaera berreskuratzea. Sean Kellyrekin, batez ere, garaipen handiak lortu zituzten. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak ere talde onena bezala izendatu zuen KAS 1986, 1987 eta 1988 urteetan. Ordea, Dalmacio Langarika 1985an zendu ondoren, 1988an Luis Knorr hil zen, eta taldea guztiz desagertu zen.
Ordutik KAS taldearen irudia txirrindularitzarako zaletuen buruan mantendu da. Are, enpresak oroitzapena bizirik mantentzeko ahaleginak egin ditu. 2021. urtean lau enbaxadore izendatu zituen, hainbat lasterketatan Gasteizko talde historikoaren koloreak eramateko: Joseba Beloki, Beñat Intxausti, Saleta Castro eta Ibon Zugasti. Enpresaren ahaleginak alde batera utzita, zaletu askoren buruan garai bateko taldearen ahogozo ona agerikoa da. Taldea desagertu eta 35 urte geroago, txirrindularitzarako zaletu gehienek buruan mantentzen dute arrabola horiaren maillotaren irudia.