Txirrindularitza hiruki baten moduan uler daiteke, elkarri lotuta dauden hiru erpinekin; elkarri elikatzen diotenak. Batean txirrindularitza lasterketak daude, eta gazteenak formatzen dituzten eskolak. Beste erpin batean txirrindularitzarako zaletuak daude, batzuk bide bazterretan txalotzen, eta asko bi gurpilen gainean errepideak betetzen. Hirugarren erpinean bizikletaren industria dago. Euskal Herrian hirurek indar handia dute, baina azkenaren garrantzia itzalean geratu izan da sarri. Izan ere, ibilgailuak ekoizteaz gain, lasterketak sustatzen garrantzi handia izan dute historian.
Euskal Herrian bizikletaren industriarentzat hiri esanguratsurik badago Eibar da. Armagintzaren sektoreak pisu handia izan du bertan. Ordea, Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, sektorea krisian sartu zen: batetik, gehiegizko ekoizpena zegoen; bestetik, nazioartean armagintzari mugak jarri zizkioten pistolen salmentan. Etorkizuna beste arloren batean bilatzeko asmoarekin, 1920ko hamarkadatik aurrera enpresa asko bizikletak egiten hasi ziren. Antza, armak egiteko makineria eta bizikletak egiteko behar zena nahiko antzekoak ziren, eta hori baliatu zuten birmoldaketa egiteko.
Euskal Herrian hiru enpresa izan ziren erreferente: BH, Orbea eta GAC
Enpresa horien artean urteetan Euskal Herrian erreferente izan ziren hiru zeuden: BH, Orbea eta GAC. Ez dago argi zein izan zen pausoa ematen lehena, baina guztiek lagundu dute txirrindularitzak Euskal Herrian dituen sustraiak ureztatzen. Orbea da hiruren artean zaharrena. 1840. urtean sortu zuten Orbea Murua anai-arrebek: Juan Manuel, Mateo, Casimiro eta Petrak. Pistoi zein kartutxodun errebolberrak eta pistolak egin zituzten, hasieratik. Ordea, beste bi enpresetako bat izan zen lehena bizikletak egiten.
Iturri batzuen arabera, BH izan zen bizikleten produkzioan murgildu zen lehena. 1909 eta 1910 bitartean Domingo, Juan eta Cosme Beistegi anaiek enpresa hasi zuten, Mauser estiloko pistolak egiteko. BH izendatu zuten, Beistegi Hermanos gaztelerazko izenaren siglekin. Enpresa horrek 1923an merkaturatu zuen lehen bizikleta, enpresaren esanetan, helburu batekin: eibartarrei garraiobide "azkarra, erosoa eta merkea" eskaintzeko.
Beste iturri batzuek GAC-i aitortzen diote lehena izaten bizikletagintzara pasatzeko erabakia. Francisco eta Manuel Garate anaiek, Francisco Anituarekin batera, arma enpresa sortu zuten 1948an; Garate, Anitua y CompaÒia izendatu zuten: GAC. Iturri batzuen arabera, lehen bizikleta 1915ean egin zuten, baina, beste batzuk 1925era atzeratu zuten data. Dena delakoa, BH eta Orbearekin batera, industriaren adar berri hori hauspotu zuten hurrengo hamarkadetan.
Ekoizle, babesle eta sustatzaile
Askotariko bizikletak egin zituzten hiru enpresek. Herritarren beharrak asebetetzeko herritik mugitzeko gailu gogorrak egin zituzten, baita txirrindularitza kirol moduan disfrutatzekoak ere. Ordea, haien produktuei oihartzuna emateko bide bila hasi behar zutela antzeman zuten, eta, ohiko publizitateaz gain, bide berriak urratu zituzten. Orduan hasitako lanen ondorioak gaur egunera arte heldu dira.
GACek, esaterako, 1926an GAC Txirrindularitza Kluba sortu zuen. Ekoizten zituen produktuak ezagutarazteko modua izan zitekeela hausnartu zuten. Gerora Eibarko Txirrindulari elkarte izatera pasatu zen, eta, izen horrekin, San Juan Sari Nagusia antolatu zuen, Eibarko Kirol Elkartearekin batera. 1932an Errepublikako Sari Nagusia egiten hasi zen, eta Espainiako Gerrak haien jarduera eten zuen arte mantendu zuten; lasterketa hori Espainiako Vueltaren aitzindari gisa hartzen da. Horrez gain, Bizikleta Eibartarra lasterketa antolatu zuen, urtetan, Euskal Herriko Itzuliarekin bat egin zuen arte.
GACek sustatutako lasterketa horietako batzuetan Orbea eta BH izan ziren, talde bana babestuz. Besteak beste, Luciano Monterok Orbea taldearekin irabazi zuen 1932ko Errepublikako Sari Nagusia eta Espainiako txapelketa, eta, BH kide zela, Julian Barrenderok 1936eko Errepublikako sari nagusia eta Frantziako Tourreko mendiko sailkapena irabazi zuen BH taldeko kide zela. Horrez gain, nazioarteko txirrindulari profesional askok haien bizikletak baliatu zituzten haien lorpenetan. Gustaaf Deloor txirrindulari belgikarrak, besteak beste, Espainiako Vueltaren lehen bi aldiak irabazi zituen. Hein batean, gaur egunera arte mantendu da. BH Burgos taldea UCI Pro Team kategorian lehiatzen da, eta Euskaltel Euskadik Orbea bizikleten gainean zeharkatzen ditu errepideak.
Luciano Monterok Orbearekin irabazi zuen 1932ko Errepublikako Sari Nagusia
Horrela, hiru enpresa horiek haziz joan ziren. Espainiako Gerra amaitu zenerako Orbeak mila langile zituen, eta, urte bakarrean, 50.000 bizikleta egiten zituen. Haztearekin batera, produktua hobetzen joan ziren, egun ohikotzat jotzen diren aurrerapen teknologikoak egiten. Gurpil ganberak bizkarrean lotuta eramaten zituzten txirrindularien gaia atzean utzi, eta, bizikletatik jaitsi gabe, garapena aldatzeko modua txertatzen hasi ziren: bizikleta arinagoak, erosoagoak…
Luze hartuko luke garapen hori guztia azaltzeak, baina, funtsean, enpresa bakoitzak bere bidea jarraitu zuen Eibarretik kanpo, hazten jarraitzeko. Orbea kooperatiba bihurtu, eta Mallabiara (Bizkaia) mugitu zen; BHk Gasteizera mugitu zuen ekoizpena; eta GAC Abadiñon (Bizkaia) ezarri zen. Mugimendu horiekin batera, merkatuaren gorabeherak direla eta, batzuk beste arloetan saiatu ziren. GACek eta Orbeak, besteak beste, motordun ibilgailuak egiten hasi ziren. Merkatuan mantentzeko ahaleginak ahalegin, guztiek ez zuten lortu denboran mantentzea: GAC 2003an desagertu zen.
Hiru handien itzalean
Orain arte aipatutako hiru enpresa handiek arreta gehien hartu arren, bizikletak egiten zituzten lantegi asko izan dira Euskal Herrian. Luis Iriondok, adibidez, akordioa lortu zuen Frantziako Terrot enpresarekin Gasteizen ziklomotoreak egiteko. 1940ko hamarkadaren amaieran hasi ziren, baina Frantziako enpresa 1960ko hamarkadan itxi zuten; Iriondok ez zuen etsi, eta izenean aldaketa bat egin ondoren ziklomotor, motor eta bizikletak egiten jarraitu zuen Torrot izenarekin. Gasteizen bertan, apur bat beranduago, Eusebio Velez de Mendizabal KAS taldeko txirrindulari eta zuzendari ohiak Mendiz bizikleta marka sortu zuen, egunera arte mantentzen dena.
Bizikletez gain, horiek egiteko osagaiak egin zituzten Euskal Herriko enpresa askok. Horien artean izen bat nabarmendu da historian: Zeus. Ikerketa lan handia egin zuen, Campagnolo markarekin parez pare lehiatuz. Are, haien bizikletak ere egin zituzten, eliteko txirrindulariei bideratuta. Zeus enpresak osagai gehienak egin arren, beste enpresa batzuekin harremanetan jarri ziren hobetzen jarraitzeko. Besteak beste, Altsasuko ekoizle batzuen bazkide bihurtu ziren, eta horien koadroak ere baliatu zituzten. Nafarroako enpresa hori Razesa zen, Miguel Indurainek lehen Tourra irabazteko erabili zuen bizikletaren egilea, besteak beste.
Euskal Herriko enpresek elitezko txirrindularitzan erdietsitako lorpenak, baina, ezin du itzalpean utzi paraleloan eman zen historia; bizikleta erabiltzaile guztiek memorian gordetzen dituzten bizipenak. BH California, Bolero, Gacela; Orbea Deba, Susy…; Torrot Cross MX; GAC Motoretta… Zerrenda amaiezina egin daiteke haur, nerabe eta nagusiek hamarkadaz hamarkada erabilitako bizikleten izenekin: lanera edo eskolara joateko, aisialdirako... Hainbat ganbaretan gordeta egongo dira, baina sarri ikusten dira horietako batzuk kaleetatik, 1920ko hamarkadatik armagintzatik urrundu, eta kanoiei bi gurpil jarriz hasi zen industria horren oroigarri.