Tourreko bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, 12:15etik aurrera, Mendizabalako aparkalekutik, eta Elorriaga-Arkautin kokatutako irteera ofizialaren bidean ondoko kale hauetatik joango da: Lasarteko Atea, Gaztelako Atea, Florida parkea (Cadena y Eleta), Prado, Andre Maria Zuriaren plaza, Mateo Moraza, Olagibel, Judimendi hiribidea, Valladolid eta Brusela Etorbidea. Hiriburutik Oreitiara abiatuko dira; Burgu, Dulantzi, Dallo, Gebara, Matura, Marieta, Landa, eta Santiagolarra zeharkatuko dituzte lasterkariak; eta Legutiora 11:24an sartuko da karabana; Kurtzetako portua igo ondoren, Aramaion, Ibarran, sartuko dira, 11:44ean, eta Gipuzkoako muga zeharkatuko dute.
Infografia: Aritz Martinez de Luna / ALEA
Hiriburuan, 08:30etik aurrera, erabat moztuko dute ibilbide osoan zirkulazioa, eta zenbait tokitan itxita egon daiteke aurretik, hesiak jartzeko. Zirkulazioa pixkanaka irekiko da, eta 17:00etan erabat irekita egotea aurreikusten dute. Madril kalea izango da, mugarik gabe, hiria hegoaldetik iparraldera igarotzeko ihesbide bakarra, Valladolid kaleko zubiaren azpitik zeharkatuz. Halaber, hiriko zenbait aparkaleku ere itxiko dituzte: Mendizabalako aparkalekua, ekainaren 29an, 22:00etatik aurrera; Mendizorrotzeko aparkalekua, ekainaren 30etik aurrera; eta Lasarteko Ataria kalekoa erabat itxiko da uztailaren 1ean, 14:00etatik aurrera. Disuasio-aparkalekuak jarriko dituzte egoiliarrek zein bisitariek beren ibilgailuak utzi ahal izateko, eta horiek erabiltzea gomendatu dute: Buesa Arenan, Lakua-Arriagan edo autobus-geltokian, besteak beste.
Txirrindularien irteera amaitu ondoren, udalak eta aldundiak animazio jarduerak antolatu dituzte hiri erdian.
Zein da Tourreko bizikletarik garestiena?
Txirrindularitzan, puntako garapen teknikoa erloju kontrakoan dago, eta hor pilatzen da dirutza. Iazko Frantziako Tourra baino pixka bat geroago merkaturatu zuten Pinarello Bolide F da aurtengo bizikletarik garestiena. 14.000 eta 34.865 arteko prezioa du markaren web orrian. Horrez gain, litekeena da txirrindulariek Princeton Carbonworken gurpil pare bat erabiltzea; joku bat ere beharko dute, eta errepideko bizikletetako Dura-Ace R9200 da ziurrena. Osagai horietatik harago, badaude gehitu behar diren beste osagai batzuk: GP5000 S TR neumatiko kontinentalak, Fizik Transiro Mistica KIUM aulkitxoa, katearen lubrifikatzailea eta kamerarik gabeko bihurketa. Guztira: 46.320 euro.
Zenbat balio du Tourrean parte hartzeak?
Frantziako Tourra munduko hirugarren kirol ekitaldirik ikusiena da, 190 herrialdetan ematen dena. Berehalako bultzada ekonomikoa ematen dio hiriari, txirrindularitza zaleek hotel, jatetxe eta denda turistikoak beteko dituztelako. Mozkin hauek ez dira doakoak, noski. Edozein lasterketa handiko etapa bat hartzeko kostuak oso altuak dira. Hala, Frantziako Tourra antolatzen duen Amruy Sport Organisation (ASO) erakundearen eta EAEko administrazioen arteko hitzarmenak hamabi milioi euroko kostua izan du, hiru urtetan ordaintzekoa. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak aurrekontu erdia ordainduko dute. Bizkaiko Aldundiak bi milioi euro, eta gainerako lau milioiak Arabako eta Gipuzkoako administrazioen kontura joango dira.
Kuboetan, oraina eta geroa
Uztailaren 4ra arte, Gasteizko Probintzia plazan, zabalik dago Araba, txapeldunen lurraldea erakusketa; sei kubo handik osatzen dute, eta Frantziako Tourrean parte hartu duten txirrindulari arabarrei omenaldia egiten die: Eusebio Velez de Mendizabal, Francisco Galdos, Joseba Beloki, Alvaro eta Igor Gonzalez de Galdeano eta Mikel Landa ageri dira, besteak beste. Erlojuaren kontrako lasterketan eta errepidean txapelduna den Lourdes Oiarbide txirrindulariak ere tarte bat du bilduman. Erakusketa Arabako txirrindularitzaren orainaz ari da, baina baita etorkizunaz ere, lurralde osoan banatutako hogei txirrindularitza eskola eta klub baino gehiagori esker.
Eklair horiak, gozogileen partetik
Arabako Gozogile eta Gozogile Artisauen Elkarteak txokolatearekin eta gozokiarekin egindako eklair berezia prestatu du, Tourraren bueltan, lasterketa gozatzeko. Aparteko ukitua eman nahi izan diote pastel tradizionalari gozogile arabarrek, eta fondant zuriarekin, limarekin eta limoiarekin "kolore hori ikusgarria" lortu dute, lasterketaren kolorea hain zuzen. Halaber, KAS taldearen garaian inspiratu dira pastela betetzeko. Luis Lopez de Sosoaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, "gogoan dut korrikalariek arroz-pastelak enkargatzen zizkigutela beti, eta horregatik sortu dugu guk arroz chantilly krema bat", eta horrekin bete dute choux pastel tradizionala.
Milaka ikurrin espero dira kaleetan
Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Kutxabankek euren logoak jarri dituzte Frantziako Tourrerako atera dituzten 60.000 ikurrinatan. Ikurrinaren behealdean ipini dituzte logotipoak: Euskadi Basque Country, EITB eta Kutxabanken K ikurra. Horiekin batera, lelo bat ageri da: Ongi eTourri. "Ekintza berezitzat" jo dute hiru erakundeetako ordezkariek babesletza. Gure Eskuk, bere aldetik, Euskal Herriak Erabaki – Basques decide leloa duten beste 60.000 ikurrin banatuko ditu bere aldarriak entzunarazteko. "Ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egiten diegu euskal herritarrei, guztion artean argi adierazteko gure etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar dela", Gure Eskukoen esanetan.