Euskadiko Filmategiak bere artxiboan daukan txirrindularitzari buruzko material guztia sarean jarri du. Hala, Frantziako Tourra Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzearekin bat eginik, "zinema eta txirrindularitza zaleak omendu nahi ditu" Filmategiak, eta bere artxiboan dauzkan kirol honi buruzko filmak bildu eta web orrian jarri ditu, guztien eskura.
Filmategiaren atariko Funtsak atalean kontsultatu ahal dira Txirrindularitza bilduma osatzen duten 90 film amateurrak, partikularrek filmatuak eta Euskadiko Filmategian digitalizatu, dokumentatu eta katalogatu direnak (https://filmoteka.eus/eu/funtsak/txirrindularitza ). Joan den mendeko 20 eta 80 urteen bitartean egindako filmazioak dira, eta bertan ikus daitezke amateurren lasterketak, Frantziako Tourreko etapak eta Euskadiko Sei Orduak, besteak beste.
Pelikula zaharrena 1920ko urteetakoa da –ez dakite zehatz zein urtetan grabatu zen–, eta Ricardo Bastida arkitektoaren familiak utzi du. Jendea mendate batean txirrindulariak noiz igaroko zain ikusten da irudi horietan. Aipagarria da, baita ere, V Gran Premio Bicicleta Eibarresa (1956) filma, Eibarko Udalak utzia eta Euskadiko Filmategiak zaharberritua.
Gainera, profesionalen, amateurren eta kadeteen lasterketen filmazio asko ikus daitezke; Donostian eta Lasarten 1965ean egindako munduko txirrindularitza txapelketetako irudi batzuk; Frantziako Tourreko etapak Euskal Herria eta Pirinioak zeharkatzen; edo Espainiako Itzuliko etapen irudiak Donostian bukatu zenean, besteak beste.