Eguraldiari lotutako hondamendi naturalak betidanik egon diren arren, aditu gehienak bat datoz klima aldaketarekin batera gero eta errepikakorragoak izango direla muturreko fenomenoak. Horiei hobeto aurre egin ahal izateko, edo, ahal den heinean, egoera berriari egokitzeko lanean ari dira eragile asko; baita meteorologoak ere.
Bada, Lur sisteman izaten diren fenomenoak hertsiki lotuta dauden modu berean, horiek landu eta ikertzeko elkarlana ere funtsezkoa izan daiteke. Arandak norabide horretan sakontzeko beharra azpimarratu du. "Euskalmet Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren barruan dago, baina URA agentziarekin, Ingurumen sailarekin, AZTIkoekin... jende andanarekin lanean ari gara, etengabean. Dena dela, esango nuke are gauza gehiago egin daitezkeela batera, dena integratuagoa egoteko". Euskalmeteko arduradunaren esanetan, horrek ahalbidetuko luke zientzia hobea egitea, eta, gainera, merkeago aterako litzateke. "Kontua ez da soilik meteorologiari buruzko datu gehiago eskuratzea, baizik eta atmosferaren zientziei buruzko datu gehiago lantzea", azpimarratu du. Nabarmendu duenez, meteorologia erakundearen aurrekontua lehenagokoa "baino dezente txikiagoa da" gaur egun. "Ez da kritika bat, ulertzen dudalako departamentu guztietan beharrezkoa dela dirua. Baina finantziazioak asko errazten du lana, eta, aurrean aipatu dudan bezala, inbertsio hori bueltan datorkio gizarteari, modu nabarmenean, gainera".
Momentuz ez dirudi estazioen sarean aldaketa asko egongo denik. Baina prezipitazioak igartzeko erabiltzen den Kapildui mendiko radarraren inguruan nobedadeak egon litezke bidean. Izan ere, Azazetako parke eolikoa eraikitzeko Jaurlaritzak jarri dituen baldintzen artean, parkeak radarrari egingo liokeen eragina aipatzen da. "Ingurumen txostenak dio parkeak gure datuen kalitatean inpaktu bat izango duela, errotekin gaizkiago 'ikusiko' genukeelako", azaldu du Arandak. "Horren truke, gure asmoa da konpentsazio bat egotea, eta orain hori guztia zehazteko lanean ari gara". Lantzen ari diren proposamenaren arabera, bigarren radar bat eraikiko lukete, batetik bitara pasata.