EUSKALMET

Eguraldiak dena kolokan jar ez dezan, zientzia

Juanma Gallego 2023ko eka. 18a, 06:00

Arabako Parke Teknologikoan du egoitza nagusia Euskalmetek, Tecnaliaren bulegoetan. Bertatik egiten dituzte zaintza zein iragarpena. Argazkia: J. G. / ALEA

Eguraldiaren iragarpenaren atzean datu, estazio, irudi eta formula matematiko asko daude, baina baita horiei guztiei modu koherente batean interpretazio bat emango dieten profesional asko ere. Gurean, Euskalmet da erabateko erreferentzia. Zirrikitu batetik kolatu gara, beren lanaren berri eman diezaguten.

Hiru hamarkada igaro dira Eusko Jaurlaritzak gaur egun Euskalmet gisa ezagutzen den erakundea martxan jarri zuenetik, eta, halere, oraindik badago jendea guztiz ondo kokatzen ez duena. "Klasiko bat da Euskaltelekin nahastea", dio txantxa eta seriotasunaren arteko muga lauso horretan zerbitzuko arduradun Jose Antonio Arandak. Erakundea ondo identifikatzen dutenen artean, berriz, badira ere bestelako nahasmenak, batez ere eguraldi iragarpen bakoitzaren jatorriari dagokionez. "Askotan jendeak galdetzen digu ea euria egingo duen, ikusi dutelako nonbaiten iragarri dugula. Bada, informazio hori askotan ez da gurea! Hedabide batean agian Madrilen euria egingo duela esan dute, eta gure iragarpenarekin nahastu egin dira".

"INBERTITZEN DEN EURO BAKOITZA BUELTAN DATOR HAMAR EDO EHUN ALDIZ BIDERKATUTA". JOSE ANTONIO ARANDA, EUSKALMET

Eta, egia esanda, zentzu batean normala izan daiteke nahastea. Izan ere, eguraldi iragarpenen berri izateko moduak biderkatu dira azken urteotan. Informazio gizarteen paradoxa da, eta, beste arlo askotan bezala, eguraldiaren munduan ere igartzen da: informazioaz itota bizi da egungo gizartea. Duela gutxira arte, irrati, telebista eta egunkarietan baino ez ziren ematen iragarpenak. Pixkanaka gehitu dira, baina, webguneak, sakelako telefonoak, SmartTV-ak, erloju adimenduak, mesanotxeko iratzargailu koloretsuak, autoetako pantailak, widget-ak, Alexa, Siri, Cortana eta Zaldiaran tontorreko arranopolaren ama ere.

Gauzak hala izanik ere, oso bestelako publikoek kontsumitzen dituzte eguraldiaren iragarpenak, Arandak berak azaldu duenez. "Populazioaren zati handi batek soilik jakin nahi du zer eguraldi egingo duen gaur eta bihar. Jende horri sakelako telefonoan edo web orrialde batean agertzen den informazioa nahikoa izan dakioke". Baina, noski, ez da berdina erabakitzea arratsaldeko paseoan aterkia eraman behar den ala ez, ala Buesa eraikinaren kupula mugitzeko egun aproposa aukeratzea. "Halako lanetarako, haizearekin tentu askorekin jardun beharra dago, nahitaez. Baina askotariko agertokietan gerta daiteke hori. Adibidez, errepide batean mundruna bota baino lehen, eta nekazaritza lan batzuk abiatu aurretik", azaldu du Arandak. "Halakoetan, daukagun informazioa eta tartean egon daitezkeen ziurgabetasunak oso ondo neurtu behar ditugu".

Eguraldiari begira hatzak gurutzatuta egoten dira ere aire zabaleko ekitaldi jendetsuenetako antolatzaileak. Duela gutxi izan dugu horren adibide argia Araba Euskaraz ekimenaren egun nagusian: festa hasteko unean ekaitzak busti zituen Olarizuko zelaiak; halako egoera batek behin betiko zapuztu ahal zituen urte osoko lanak, aurretik beste zenbait ospakizunetan gertatu den moduan. Zorionez, eta euriaren dantza egin behar izan gabe, gauzek onera jo zuten, eta horrek lagundu zuen egunean zehar gero eta jende gehiago animatu zedin festara hurbiltzen.

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduraduna da. Haren esku dago Jaurlaritzarekiko koordinazioa. Argazkia: EUSKALMET

Ilusioak zapuzteaz gain, zulo ekonomiko handiak eragin ditzake zoriak. Hori ondotxo dakite ausaren eta gorabeheren negozioan jarduten duten aseguru konpainiek. Izan ere, eguraldiak kalte ekonomiko larriak eragin ditzake giza ondasunetan. "Aseguru konpainiek ondo neurtuta dituzte aldagai hauek guztiak", ohartarazi du Euskalmeteko arduradunak. "Oroitzen naiz eman genuen aurreneko alarma gorrienetako bat zabaldu eta gutxira aseguru konpainia handi bat etorri zitzaigula esanez beraiek zituzten kalteen datuak eta guk egindako iragarpena ez zetozela bat. Diru asko aurreztu zutela, baina ez zekitela zergatik. Beraiek bazuten kalkulu bat, kurba historikoetan oinarrituta, haizeen arabera zenbateko kalteak sortuko ziren. Eta aurreko aldietan baino kalte txikiagoak sortuak zirela konturatu ziren".

Auzi horretan, noski, prebentzioa izan zen gakoa, etorri daitekeenaz jakitun, jendeak bere burua babesteko neurriak har ditzakeelako. Horregatik Arandak babesten du meteorologian inbertitutako dirua hutsaren hurrengoa dela lortzen diren onurekin alderatuta.  "Batez beste, Jaurlaritzak urtean hiru milioi euro inbertitzen ditu meteorologian. Horrek esan nahi du herritar bakoitzeko euro bat izaten dela. Bada, benetan diotsut euro hori bueltan datorkiola herritarrari, baina hamar edo ehun aldiz biderkatuta", ziurtatu du Arandak. "Gero eta arazo gutxiago sortzen dira, gure abisuak gero eta hobeak direlako", babestu du. "Ondorioz, diru asko aurrezten da".

Zaintza eta iragarpena

Euskalmeten egoitza nagusia Arabako Parke Teknologikoan dago, Tecnaliaren bulegoetan. Izan ere, enpresa horren eskuetan dago aspalditik zerbitzuaren kudeaketa, Jaurlaritzak azpikontratatua duelako. Bertatik monitorizatzen dituzte uneoro egoera meteorologikoa osatuko duten parametro desberdinak, iragarpenak egiteaz gain, zaintza lanak ere egiteko. "Hiru txandatan lan egiten dugu, eta beti dago norbait adierazleei adi, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan", azaldu du Onintze Salazar meteorologoak. Euskal Herrian meteorologiari lotutako aurpegi ezagunetakoa da Salazar, baina ez soilik ETBn eguraldiaren berri eman izanagatik; meteorologiaren atzean dagoen zientziaren dibulgazioan buru-belarri ari da aspalditik.

Tenperatura, hezetasuna, haizea edo prezipitazioak dira aintzat hartzen dituzten parametro nagusiak. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan barreiatuta dauden ehun bat estazioetako datuak aztertzen dituzte, bai eta Meteosat sateliteko irudiak edo eta Kapildui mendiko (Bernedo) radarrarenak ere. "Euria espero denean, erreken emariei ere adi egoten gara", erantsi du Salazarrek. Dioenez, toki estrategikoetan daude ezarrita estazio horiek, eta hamar minutuan behin datuak automatikoki jasota geratzen dira. "Datu horiek guztiak, gainera, gure web orrialdera kargatzen dira automatikoki, edonoren esku".

Hain justu, abiapuntua beti da ezagutzea unean uneko egoera zein den. "Zenbat eta hobeto ezagutu oraingo egoera, orduan eta hobeto iragarri ahalko dugu egingo duen eguraldia". Behin datu horiek ezagututa, ondoren, eredu meteorologiko edo matematikoak erabiltzen dituzte tenperaturek, presioek, haizeek eta horrelako aldagaiek zer bide hartuko duten aurreikusi ahal izateko. Eredu horiek nazioarteko agentzia indartsuek sortzen dituzte, eta atmosferaren uneko egoera jasotzen dute, eskala zabalean, atmosfera gelaxkatan zatituz eta bertako baldintzak jasoz. "Baina beti ezin zara abiatu dauden datu eta eredu guztietatik, bestela denbora asko emango zenukeelako", argudiatu du Salazarrek. "Horregatik, nolabaiteko konpromiso batera iristea beharrezkoa izaten da, eta beti ibili behar zara neurtzen ereduari zer eskatuko diozun". Normalean Europa mailakoak edo eremu txikiagokoak aintzat hartzen dituzte. Horiei, datu propioak gehitzen dizkiete. "Ereduek esaten dutenaren arabera, ahalegintzen gara bi informazio multzo horiekin iragarpena egiten". 

Euskalmeten lan egiteaz gain, meteorologiaren dibulgazioan buru-belarri dabil Onintze Salazar. Argazkia: J. G. / ALEA

Beren jakintza alorrean datuak eta ereduak ezinbestekoak diren arren, bada hirugarren faktore bat nekez ordezkatu ahal izango dena: eskarmentua. Eta horretan datza, hain justu, orain horren zabalduta dauden iragarpen automatizatuen eta Euskalmeteko teknikariek egiten dituzten iragarpenen arteko aldea, meteorologoak nabarmendu duenez. "Gerta daiteke, demagun, ereduak igartzea prezipitazioa Euskadi osoan, baina guk badakigu ipar haizea ez dela oso indartsu ibiliko, eta, ondorioz, prezipitazioa ipar isurialdean geratuko da, Arabara iritsi gabe. Edo kontrako norabidean izan daiteke ere. Horregatik, ereduak esaten duenari gure esperientzia gehitzen diogu guk".

Eredu horietara sartzeko erraztasunak orokortu egin diren garai hauetan, gero eta meteorologia zaletu gehiagok jotzen dute zuzenean ereduetara, eta, sare sozialen bitartez ohikoak bihurtu dira oso epe luzerako aurreikuspenak iragartzea. Norainoko fidagarritasuna dute horiek? Salazarrek arras argi du kontua. "Ereduak beti erantzun bat emango dizu, baina, oso kontu bestelakoa da horren fidagarritasuna", erantzun du adituak. "Egoeraren arabera —adibidez, antizikloi bat dagoenean—, sei edo zazpi egunerako iragarpen nahiko fidagarria egin dezakezu lasai asko. Baina, batez ere udaberrian eta udazkenean, ezegonkortasun handia dagoenean, askoz jota bi edo hiru egunetarako aurreikuspenak egin daitezke. Oro har, Euskalmeten lau egunerako iragarpenak egiten ditugu, jakin badakigulako momentuz bederen laugarren egunetik aurrera fidagarritasuna erabat amiltzen dela".

"LAU EGUNETIK AURRERA EGINDAKO IRAGARPENETAN FIDAGARRITASUNA AMILTZEN DA". ONINTZE SALAZAR, EUSKALMET

Arrazoi indartsuak daude epe luzerako fidagarritasun falta horretan. "Atmosfera sistema kaotiko bat da, eta hasierako aldagaiek asko baldintzatzen dituzte ondorengo emaitzak. 12 gradu zentigradutan egon gaitezke orain, baina benetan 12,3 baldin badira, errore hori pilatuz joango da. Ezin dituzu jakin era perfektu batean zeintzuk diren atmosferaren baldintza horiek guztiak; hiru dimentsioetan, gainera". 

Gauzak hala, profesionalen lana ezinbestekoa da, baina baita zaletuen laguntza ere, Euskalmeteko bi kideek nabarmendu dutenez. "Euskal Herrian meteorologiarekin maitemindutako lagun asko gaude", esan du Arandak. "Informazio asko bidaltzen digute, eta, askotan, oso lagungarriak dira, batez ere muturreko fenomenoak daudenean. Horrek laguntzen digu iragarpenak fintzen, unean uneko egoeraren arabera". Modu horretan, "guztion artean zerbitzu hobea eman ahal diogu gizarteari".

Erlazionatuak

Bigarren radar bat aukeran

Juanma Gallego 2023 eka 18 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago