Lautada Ikastola

"Komunitatea sendotzeko balio izan dute urteko ekitaldiek"

Anakoz Amenabar 2023ko eka. 9a, 08:00

Salome Martinez de Ilarduia, Lautada ikastolako zuzendaria. Argazkia: ERLANTZ ANDA / ALEA

Berriz ere, Arabako ikastolek bat egingo dute euskararen erabilera sustatzeko eta ikastetxeetan beharrezko erreformak egiteko dirua biltzeko. Aurten lortutako dirua Aguraingo Lautada ikastetxerako izango da.

Iaz hartu zuen Lautada ikastolako zuzendari lana Salome Martinez de Ilarduiak (Gasteiz, 1974). Aurretik irakasle modura ere izan zen, 2008an ikastola jaio zenetik, eta baita lehenago ere, kooperatiba izan aurretik, ikastetxea mojek gidatzen zutenean; ikasle hasieran eta musika irakasle gero. Azken urtean, gidari lanak hartuta, Araba Euskarazekin buru-belarri izan da.

Nolakoa izan da azken urte hau, Arabako ikastolen jai handiari begira?

Polita izan da, gelditu gabe aritu gara azken hilabeteetan, baina ilusio handiarekin. Araba Euskaraz aitzaki hartuta, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditugu, beti euskara, euskal kultura eta ikastolaren balioak ardatz, eta pozik gaude emaitzarekin. Azaroan hasi ginen, Agurainen egin genuen aurkezpen ekitaldiarekin, eta hortik aurrera ez dugu etenik izan; maiatzaren 7an, esaterako, Elkarrekin Dantza ekitaldia izan genuen, jarduera arrakastatsua izan zen, eta azkena maiatzaren 26an izan genuen, Harresi aretoan, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna; pozik gaude izan den parte hartzearekin. Herriko lagun ugari ere elkartu dira.

Balio izan dute jarduera hauek Lautada ikastolako komunitatea batzeko?

Bai, ekitaldi hauei esker, familien eta orokorrean hezkuntza komunitate osoaren arteko harremanak sendotu ahal izan ditugu. Uste dut taldeko kide sentitzeko bultzada ona izan dela hau. Urtean zehar egindako ekintzetan, gainera, ikasleek bertatik bertara ikusi dute eta barneratu dute auzolana zer den, eta taldeko kide sentitu dira. Polita izan da hori ere ikustea. Egia da momentu batzuetan gauza ugari batera pilatu dela, lan asko izan dela, aldi berean eguneroko jarduerekin jarraitu behar izan dugulako, baina, era berean, luxu bat izan da ikastolaren alde egitea, euskararen alde, eta Araba Euskaraz gure alde izatea. Jende askok parte hartu du, eta oso pozik gaude komunitateak izan duen inplikazioarekin.

"Lautada Ikastola gaztea da, txikia, 252 ikaslerekin, eta familia baten modukoa"

Igande honetan, Olarizun, nolako lana izango duzue Lautadako kideek?

Lan guztiak batzordeetan banatu ditugu, zortzi ikastolen artean, eta, Lautadari dagokionez, besteak beste, aurreko prestaketa lan ugari eta trafikoa izango dira arduretako batzuk. Baina badakigu barru-barruraino sartuko garela, eta beharrezko hutsuneak bete beharko ditugula. Azken batean, Lautada ikastolari bultzada bat emateko izango da jasotakoa, eta ondo dakigu guri dagokigula erantzutea. 

Aurretik, hala ere, baduzue esperientzia Araba Euskaraz jaialdia antolatzen.

Bai. 2008an sortu genuen ikastola, eta 2010ean antolatu genuen lehendabiziko Araba Euskaraz, Gogo biziz goiburu. Gu ezagutzera ematea zuen helburu lehen jaialdi horrek. 2016an antolatu genuen bigarrena, Geroari begira lelopean; ordurako gure lekua bagenuen, ezagunak ginen, eta hauspoa eman nahi genion jaialdiarekin. Bi horietan lan karga handiagoa izan zen; azkeneko edizioak desberdinak izaten ari dira. Zortzi ikastolen artean antolatzen da orain, aurreko urteetan antolatu izan dena baino formatu txikiagoa da, eta horrek zama gutxiago esan nahi du. Iaz egin zen lehenengo aldiz Olarizun, Arabako ikastolen arteko elkarlanaren bitartez, eta balorazio ona egin zenez, berriro errepikatuko da Olarizuko zelaietan.   

Zer helburu du aurtengo jaiak?

Aurtengo Araba Euskarazekin bultzada bat eman nahi diogu Lautada ikastolari. Azpiegiturei dagokienez, eraikina oso zaharra da, eta hainbat obra egin ditugun arren, beste zenbait egiteko dauzkagu oraindik. Kontuan izanda metodologia berriak ditugula abian, horiek ondo betetzeko oso garrantzitsua da espazioak berriro ere antolatzea eta obrak egitea, eta horretarako funtsak beharrezkoak dira. Iganderako, gainera, beste helburu garrantzitsu bat elkar ezagutzea eta saretzea izango da, harremanak egiteko topalekua izatea. Ikastolen proiektuak bultzatu eta ezagutarazi nahi ditugu, hori guztia festa giroan; euskal kultura eta euskarari eszenatoki bat eskaini nahi diogu. Eta dena auzolanaren bitartez, noski. Igandean urte osoko lanaren emaitza ikusiko dugu, eta horretarako adin guztietarako ekitaldiak prestatu ditugu; haurrentzako ekintzak, kontzertuak eta antzerkiak izango dira, besteak beste.

 

Arabako ikastoletako ordezkariak, Araba Euskaraz jaiaren aurkezpenean. Argazkia: E.A / ALEA

Zergatik da berezia Lautada ikastola? Zer ezaugarri ditu?

Lautada ikastola gaztea da, txikia, eta familia bat gara. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu; daukagun proiektu pedagogikoaz oso harro gaude.

Zuk zeuk bizi izan zenuen moja ikastetxe izatetik ikastola izatera aldaketa. Nolakoa izan zen?

Erabateko aldaketa. Ordukoak ez du zerikusirik gaur egungo ikastolarekin. Besteak beste, euskara irakasgai moduan baino ez zegoen mojen ikastetxean, eta D eredua eskaintzen dugu gaur egun. Guraso talde bati esker abian jarri zuten kooperatiba, eta sekulako aldaketa izan zen. Hasieran zailtasunak izan ziren, konplexua izan zen, baina ilusiorik ez da falta izan. Gure proiektu pedagokikoa hobetzen eta zabaltzen jarraitzen dugu gaur egun. Eta kontuan izan behar dugu gure ingurua ez dela bereziki euskalduna; uste dut eskertzekoa dela Agurainen ikastola sortu izana.

"Gure proiektu pedagogikoa garatu eta zabaltzen jarraitzea da erronka nagusia"

Aurrera begira, nolako erronkak ditu?

Erronka nagusia orain arte bezala lan egiten jarraitzea da. Gure proiektu pedagogikoa aurrera eramatea, eta, besteak beste, digitalizazioan ematen ari garen pausoak ematen jarraitzea. Eta, aldi berean, gure kultura eta hizkuntza sustatu nahi ditugu. Ezin dugu ukatu, halere, jaiotza tasa oso txikia dela eta hori ere erronka handi bat izango dela, horretara egokitzen jakin beharko dugu. 252 ikasle daude orain, 2 eta 16 urte bitartekoak, baina haur berrien beherakada nabarmena da azken bi urteetan, eta hori errealitate bat da. Mantendu egiten gara, momentuz, baina ikusiko dugu nolako bidea hartzen duen. Azken batean,  bide beretik jarraitu nahiko genuke, hurrengo urteetan ere lan egiten ari garen bezala lan egitea. Eta hezkuntza komunitate osoa elkarrekin aritzea, eta, era berean, Agurainen martxan dagoen euskalduntze prozesuan ekarpena egitea. 

Nolako osasuna du euskarak ikastolan?

Atzera begiratuta, asko nabaritzen da aldaketa. Halere, oraindik eskoletan euskaraz entzuten da, baina ikusten dugu jolastokian kostatu egiten zaiela, inguruan helduak ikusten badituzte bakarrik saiatzen dira euskaraz... Lanean jarraitu behar dugu. Egia da, halere, Agurainen euskararen erabilera asko handitu dela, eta horretan ekarpena egiten jarraitu behar dugu. Jaiotzetik herriari lotuta gaude. Lopez de Larrearekin batera ere, esate baterako, elkarlanean hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, Olentzero, Korrika edo bestelako jaiak direla, baina aurrerantzean ere bultzatzen jarraitu behar dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago