Lehia estua aurreikusten zen Gasteizen lehendabiziko lau alderdien artean, eta lehenengo bien artean izan da azkenik. Rocio Viterok gidatutako EH Bildu da lehen indarra, eta atzetik, 936 boto gutxiagorekin, Maider Etxebarria buru duen PSE-EE.
Laugarren indarra izatera igaro da EAJ, Gorka Urtaranen lekukoa hartu duen Beatriz Artolazabalekin alkatetza galduta. Hirugarren geratu da Ainhoa Domaika hautagai duen PP. Eta, oso atzetik, Garbiñe Ruiz buru duen Elkarrekin-Podemos.
Aldaketa historikoa
24.845 botorekin, 2019an izandakako datuak hobetu ditu EH Bilduk; hala, zazpi zinegotzi eskuratu ditu, hurrengo hiru alderdiek baino zinegotzi bat gehiago. Sozialistek, bigarren indarra, 23.909 boto eskuratu dituzte.
PPk ere galdutako indarraren parte bat berreskuratu du hauteskunde hauetan, orain arte baino zinegotzi bat gehiago izango du, eta hirugarren indar moduan geratuko da Gasteizko Udalean, 21.853 botorekin.
EAJren jaitsiera nabarmena izan da boz hauek utzi duten ondorio deigarrienetako bat. 6.787 boto galdu ditu Beatriz Artolazabal buru duen alderdiak, eta beraz, zinegotzi bat gutxiago izango du; 21.454 botorekin, laugarren indarra izatera pasa da.
Elkarrekin Podemosek, atzetik, 7.742 boto irabazi ditu, eta inkestek beherakada nabarmena iragartzen bazioten ere, zinegotzi bakarra galdu du talde moreak.
Aginte makila
Datuak mahai gainean, hurrengo egunetan erabakiko dute aginte makila noren esku geratzen den. Rocio Viteroren Boto zerrenda gainditzeko, 14 zinegotziren babesa beharrezkoa izango dute; Maider Etxebarriak bere burua aurkeztuz gero, EAJ eta PPren babesa ere beharko du. Alderdi Popularrak dagoeneko iragarri du "egin beharrekoak" egingo dituela EH Bildu agintean izan ez dadin; argitzear dago sozialista eta jeltzaleek zer egingo duten.
GRAFIKOAK
PAKTOMETROA
|
|