Zelaia eta Barbadoren auzia asteazkenean iritsiko da Auzitegi Gorenera

Erredakzioa 2023ko api. 22a, 10:15

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, mobilizazio baten amaieran. / Argazkia: ANkerkeriari STOP

Auzitegi Gorena apirilaren 26an bilduko da Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren lau urteko espetxe zigorraren inguruko errekurtsoak aztertzeko. ANkerkeriari Stop plataformak mobilizazioak deitu ditu egun horretarako.

Aitor Zelaia gasteiztarra eta Galder Barbado amurrioarra "edozein unetan" espetxeratuak izan daitezke. Hala jakinarazi du bi gazteen askatasunaren alde lan egiten duen ANkerkeriari Stop plataformak. Izan ere, asteazkenean, apirilaren 26an, Espainiako Auzitegi Gorenak bi gazteei Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorraren aurkako errekurtsoak berrikusiko ditu.

Duela bi urte baino gehiago, 2021eko otsailaren 2an, Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien Zelaia eta Barbadori, "armak eta munizioak gorde" izana egotzita, 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira; Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen.

Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion, baina helegitean defentsako abokatuek absoluzioa eskatu zuten. Datozen egunetan, errekurtsoak aztertuta (epai irmoa eman aurreko urrats erabakigarria), behin betiko epaia ezagutaraziko du Gorenak.

Mobilizazioak herrietan

Bi urte baino gehiagoko itxaronaldiaren ostean, bi gazte arabarrekiko elkartasun eta babes dinamika berriro martxan jarri du ANkerkeriari Stop-ek, eta asteazkenerako, Auzitegi Gorenaren bileraren egunerako, hiru mobilizazio deitu dituzte, 19:00etan Agurainen, Amurrion eta Gasteizen.

"Prozesu bidegabe hau abiatu zenean egin genuen bezala, poliziaren jazarpen politikoak eragindako ankerkeria, Auzitegi Nazionalean epaiketa salbuespenezkoa izatea eta azken bi urte hauetan bizitza normala egiteko aukerarik ez izatea gogor salatzen dugu", adierazi du ANkerkeriari Stop dinamikak, larunbat goizean zabaldutako ohar batean.

"Beharrezkotzat jotzen dugu kasua agertoki publikora itzultzea eta elkartasun sareak indartzea. Izan ere, berrikuspenaren ondoren, Auzitegi Gorenak edozein unetan eman dezake Aitor eta Galder espetxeratuak izateko epaia", ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago