Pandemia bat eta Ukrainako gerra tarteko, hasieran markatutako lehentasunak aldatu behar izan dituzte Arabako Batzar Nagusietan aritzen diren talde politikoek. Horrela aitortu du, bederen, azken lau urteetan ahaldun nagusiaren kargua bete duen EAJko Ramiro Gonzalezek: "Hauteskunde programan auditorioa edo futbol-zelai bat eraikitzea proposatzen genuen, besteak beste, eta pandemiarekin lehentasunak bideratzeko hausnarketa bat egitea beharrezkoa izan zen". Inbertsio horiek familiak eta enpresak laguntzeko bideratu zituztela azpimarratu du ahaldungai jelkideak, eta modu horretan ekonomiari eutsi diotela.
Halere, pandemiak zaintza eta osasun sisteman hutsune ugari agerian utzi zituen, eta horiek arintzeko konpromiso irmoa agertu du EH Bilduko ahaldungai Eva Lopez de Arroyabek. Zaintzetarako gune publiko bat sortzea proposatu du, "hor kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditugu, bai eta langileentzako baldintza duinak ere".
Krisi klimatikoaren inguruan ere zabal hitz egin dute Arabako bost alderdi politiko nagusien ahaldungaiek, aurreikusten diren proiektu energetikoen plaza nagusia bilakatu baita lurraldea. "Erakunde handietatik pedagogia egin behar dugu; nekazaritza eta abeltzaintza enpresekin batera lan egin, eta ikerketaz eta teknologiaz baliatu gutxiagorekin gehiago ekoizteko", esan du PSE-EEko Cristina Gonzalezek.
Podemoseko David Rodriguezek EAJ eta PSE "erregaien tradizio batetik" datozela esan du, eta faltan bota du berriztagarrien planifikazioa. "Gauza hauek aurretik planifikatu behar dira, ezin da onartu Iberdrola edo Statkraft bezalako enpresek izatea Araba beren interesetarako joko taula baten moduan".