Araban eraiki asmo duten Cantoblanco parke eolikoaren proiektuaren eta bere ingurumen inpaktuaren adierazpenak argitaratu berri dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta horrekin batera hogeita hamar eguneko epea zabaldu du administrazioak proiektuaren kontrako alegazioak aurkezteko. Modu horretan, orain dela hamar urte, Arabako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko polemika instituzional bizia eta inguruko bizilagunen, udalen eta kontzejuen oposizioa sortu zuen proiektu eolikoa berpiztu du Bizkaiko Euskal Haizie S.L. enpresak.
Gesaltza Añana inguruko mendirik altuena da Cantoblanco. Bertan, eta Añanako, Erriberagoitiko, Iruña Okako eta Gasteizko 8,5 hektareako lur eremua okupatuz eraiki nahi dute 49,6 MWeko parke eolikoa, 115 metroko altuera izango duten zortzi aerosorgailurekin. Parke eolikoaren energia Jundizko azpiestazio elektrikora bideratzeko, hamazazpi kilometroko sare elektrikoa ezarriko dute, Baia eta Zadorra ibaiak lurpetik zeharkatuko dituzte, eta bi estazio elektriko berri egingo dituzte, bat Ormijanan, Erriberabeitin, eta beste bat Arinizen, Gasteizen.
Parke eolikoaren azpiegitura mantentzeko, gainera, bide sare berria eraikiko dute, eta egungo landa bide batzuk birmoldatu beharko dituzte. Hala, enpresaren txostenetan jasotzen dute Atiagan eta Ormijanan bide berriak zabaltzeko asmoa. "Cantoblancoko Parke Eolikorako sarbidea lehendik dauden bideak erabiliz egingo da, eta bide horiek behar bezala egokitu beharko dira. Era berean, barneko bideak egokituko dira haize-sorgailu guztietara sartzeko, bai eraikitze fasean, bai parkea ustiatzeko fasean ere".
Kokapen garrantzitsua
Cantoblanco parke eolikoaren proiektuaren diseinuarekin batera, ARC ingurumen aholkularitzak atxiki duen ingurumen txostenak azpiegiturak izango dituen inpaktuak aztertzen ditu. Mendiak Añanan duen kokapen "garrantzitsua" aipatzen dute azterketan. "Cantoblanco EAEko Naturagune Babestuen Saretik eta Natura 2000 Saretik kanpo badago ere, kokapen zentrala du babestuta dauden edo bere berezitasunagatik nabarmentzen diren beste naturagune batzuekiko". Hala, korridore ekologiko gisa duen garrantziaren erakusgarri da, ingurumen txostenaren araberan, "korridore horretatik igarotzen dira EAEko Azpiegitura Berdearen Sareko korridoreak, Arkamu (iparraldean), Raso mendia (mendebaldean), Tuyo mendilerroa (ekialdean) eta Arreo edo Caicedo-Yuso aintzira (hegoaldean) lotzen dituztenak"; eta EAEko Korridore Ekologikoen Sarean sartuta dagoela zehazten dute.
Hegaztientzat, eragin "larria"
Bestalde, inguruko hegaztien bizimoduan parke eolikoak eragin dezakeen kalteen tamaina –talkak eragindako hilkortasuna, desplazamenduetako eragozpenak, habitaten eta konektibitatearen galerak– neurtzen du azterketak, eta inpaktuak "moderatuak" eta "larriak" bezala kalifikatzen ditu. Hala, talkak eragindako galerak hegazti espezie batzuen populazioen berreskurapenari kalte egin liezaiokeela jaso dute, eta ildo horretan, nabarmendu dute Cantoblanco inguruan miru erreala (Milvus milvus) espezie babestua bizi dela, "EAEn kalteberatzat jotzen dena eta estatuan galtzeko arriskuan dagoena". Era berean, bestelako espezie zaurgarriak ere Cantoblanco inguruan hazten dira, "hala nola, arrano beltza (Aquila chrysaetos), belatz europarra (Falco subbuteo) eta belatz handia (Falco peregrinus)".
Saguzarren kasuan ere, parke eolikoak kalte handiak eragin ditzakeela ohartarazi dute txostenean, eta neurri zuzentzaileak proposatu dituzte horiek ekiditeko. "Proiektatutako zortzi aerosorgailuetatik, espero izatekoa da 1. eta 2. aerosorgailuek ez dutela eraginik izango detektatutako eremu horietan, ez ordea gainerako aerosorgailuetan, bereziki 4. eta 5. aerosorgailuetan; beraz, kontuan hartutako aldian prebentzio-neurriak hartu beharko dira".
Paisaia zaurgarria
Parke eolikoak paisaiari egingo dizkion kalteen artean "moderatuak" eta "larriak" daudela jaso du ingurumen txostenak. Batetik, azpimarratzen du Añanako Gatz Haranaren Monumentu Multzoaren adierazpenak ezartzen duen babes eremutik kanpo eraikiko direla aerosorgailuak; haatik, aitortzen du Añanako Gatz Haranetik lau bat kilometrora kokatuko dela parke eolikoa, eta espazio hori arreta berezia merezi duela "hauskortasun handia duelako". Izan ere, aipatzen du parkea gatzagetako zonalde batzuetatik ikusi ahal izango dela, "batez ere iturburuak dauden eremutik eta, inguratzen dituzten ibilbide balizatuen zati batzuetatik".