Dulantziko danborradak, herrialdeko goiztiarrenak, eta Fernando Albizu Ruiz de Alegriak irakurritako pregoiak zabaldu dute San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren aurtengo jaien egitaraua. Betiko lez, Gasteizko erdialdean, Armentian eta Argandoñako Estibalizko santutegiaren zelaietan egingo dira Arabako Aldundiak antolatu dituen ekitaldi gehienak, 80tik gora. Alta, aukera izango dute herrialdeko beste hainbat herritan ere danborradez, gastronomia lehiaketez, dastaketez, herri kirolez eta kontzertuez gozatzeko. Hala nola, Oionen, Amurrion, Laudion, Aiaran edo Guardian bertako udalek, herriko elkarteekin batera, antolatzen dituzte urtero ospakizunak.
Gasteizen, berriz, apirilaren 27an, erretreta tradizionala eta nagusien danborrada egingo dituzte, eta erretretako joaldien artean, Algara dantza taldearen, Azirkarteren, eta Kai Nakairen emanaldiak izango dira. Danborrada nagusia 23:30ean hasiko da; gastronomia elkarteak Probintzia plazan bilduko dira, eta desfilea egingo dute Erdi Aroko hirigunean eta erdialdeko kaleetan.
Hilaren 28a Armentiara igotzeko egun tradizionala da, eta egun osoko egitaraua egongo da. 09:00etan, Araba Zortzikoa interpretatuko du Aldundiko txistularien eta tronpetarien bandak, Probintzia plazan; ondoren, Armentiako zelaietan, prozesioa, elizkizunak, dantzarien emanaldiak, haurrentzako jolasgunea, txarangak eta herri kirolak.
Hilaren 29an, hiri erdian, gastronomia lehiaketak, kuadrillen erakusketa eta XXXVII. Fanfarre Eguna izango dira, besteak beste; eta maiatzaren 1ean, Estibalizko erromeriarekin batera, Kalte Ordainen 4. Azoka, Erdi Aroko Araba elkartearen eskutik.
Danborren hotsa, eskualde batetik bestera
Danborradak eta erretretak hiriburuan ezik, Arabako Errioxan eta Aiaraldean ere egingo dituzte. Hala, hilaren 27an, Oionen, erretretaren ondoren, XXXI. danborrada egingo dute, San Bizente Ikastolak antolatuta; Amurrion, Beti Jai fanfarrearen eta herritarren laguntzarekin aterako da danborrada; eta Laudion, 22:00etan, aterako dira Aldai plazatik. Aiaran, berriz, ostiralean, egingo da haurren danborrada, Etxaurren ikastolak antolatuta. Herri kirolak, dastaketak eta dantzaldiak asteburu osoan luzatuko dira herri guztietan.
Askotariko musika, protagonista
Musikak protagonismo berezia izango du aurtengo jaietan. Erretretaren egunean bertan, gaueko herri dantzaldia animatuko du Joselu Anaiak taldeak, Arka plazan. San Prudentzio egunean, berriz, aldundiko txistularien bandak Arabako Zortzikoa joko du, esnatzeko orduan; eta Armentiako zelaietan, Berriztu musika taldearen emanaldia izango da, eguerdian. Larunbatean, Puro Relajo eta Neomak izango dira gaueko protagonistak; eta hurrengo egunean, hiru perkusio talde izango dira 18:00etatik aurrera Probintzia plazan.
Haur danborrada, eta gehiago
Apirilaren 28an, 150 txikik Gasteizko erdigunea beteko dute, danbor hotsekin. Haurren danborrada, 18:00etatik aurrera izango da, Armentiatik jaitsi ondoren hiriburuko kaleak animatzeko. Ibilbidea Probintzia plazatik abiatuko da, eta amaieran, Plaza Berrian, txokolatada izango da. Hori baino lehen, Armentian, haur animazioa eta haurrentzako jolasgunea prestatu dituzte. Igandean, haurren kategoriako Gasteizko dantza txapelketa egingo da; eta maiatzaren 1ean, Estibalizen, DJ Kaktusen emanaldia izango dute txikiek, besteak beste.
Herri kirolen erakustaldi bikoitza
Herri kirolen erakustaldiak jaietako bi egun nagusietan banatuko dira. Ohikoa den moduan, Armentian, toki pribilegiatua izango dute; izan ere, XXVI. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa egingo da bertan, baita Emakumezko Aizkolarien Txapelketa ere. Estibalizko santutegiaren inguruetan, berriz, gazte mailako Urrezko Aizkolarien Txapelketa eta Emakumezko Harrijasotzaileen Txapelketa jokatuko dituzte. Beste motako kirolak ere izango dira Argandoñako elizaren zelaietan, esate baterako, eskrima erakustaldia, 11:00etatik aurrera.
Tripa orroak isiltzeko aukera
Egun hauetan jakirik maitatuenak barraskiloak eta perretxikoak badira ere, bestelako platerei aukera ere ematen zaie jaien egutegian. Hala, apirilaren 29an, Probintzia plazan, bi gastronomia lehiaketa egingo dira: Arabako ohiko plateren LVI. lehiaketa; eta Arabako Errioxako ardo dastatzearen LII. lehiaketa. Ondoren, txistorra pintxoak banatuko dira. Maiatzaren 1ean, berriz, Estibalizen, XXIX. Arabako patataren sukaldaritza lehiaketa izango da; eta herri bazkaria, 14:00etan. Haragi gisatu eta pataten 1.500 errazio banatuko zaizkie bertaratutakoei.
Fanfarreek jotako martxak, kaleetan
XXXVII. Arabako Fanfarre Egunaren ospakizunak San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Maria Zuriaren jaiekin bat egiten du; eta Probintzia plazan eta hiriko kaleetan ibiliko dira herrialdeko musika taldeak larunbatean. Kilkir, Ezberdinak eta Sutan Txaranga taldeek animatuko dute 11:30ean hasiko den kalejira. 12:30ean, fanfarreak Probintzia plazan bilduko dira, eta hiriko plaza ezberdinetara joango dira. Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, 'Festara deituz' ikuskizuna eskainiko du Jare dantza taldeak, Probintzia plazatik abiatuta.
Liskarrak konpontzeko, Estibalizera
Estibalizko erromeria urte askotako tradizioa bada ere, ez da izan inoiz Armentiakoa bezain jendetsua. Halere, 2018an, Erdi Aroko Arabak ospakizunaren gidaritza hartu zuen, eta Kalte Ordainen Azoka berreskuratu zuen, XII. mendean egiten ziren merkatua eta Jaungoikoaren Epaiketak edo Kalte Ordainak gogoratzeko. Tradizio horrek baimena ematen zien arabarrei egun horretan beren arteko liskarrak konpontzeko. Aurten, merkatuarekin batera, Euskadiko aurresku eta dantza solteko XXX. txapelketa izango dira bertan, besteak beste.
Urrezko domina, saskibaloi izarrari
Aldundiak Pablo Laso saskibaloi jokalari ohi eta entrenatzaileari emango dio aurten Urrezko Domina. Aldunditik adierazi dutenez, bere ibilbide osoan transmititu dituen balio pertsonalak eta kirol balioak aintzatetsi nahi dituzte. Gauzak horrela, arabarrari, apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, emango diote saria. Modu horretan, Lasok herrialdeko beste pertsona eta erakunde garrantzitsu batzuekin bat egingo du; azken urteetan, Eduardo Anituak, Deportivo Alavesek, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Michelinek jaso dute domina.
Santuaren hilobian, erromeria
Kristauen tradizioaren arabera, Armentian jaio zen eta Laturcen (Errioxa) hobiratu zuten San Prudentzio, bere hilotza eramaten zuen mandoa bertan lehertu zelako. Haitzulo batean hobiratu zuten, eta gainean eliza bat eraiki. Gaur, eraikin horren erretaula Gorrebuston dago, santuaren erlikiak munduan sakabanatuta daude, eta Laturcen apenas geratzen da San Prudentzioren arrastorik, XII. mendeko elizaren hondarrak besterik ez. Alta, monasterioa salbatzeko kanpaina hasi dute inguruko bizilagunek, eta hilaren 29an, erromeria egingo dute.