Arabako zinemagintzari "keinu argi" bat egin nahi izan dio Arabako Aldundiak aurten Fernando Albizu (Gasteiz, 1963) pregoilariarekin, "azken urteetan izandako arrakasta handia" dela eta. Ekoizpen ugaritan parte hartu dute lurraldeko zinegileek, eta sarietarako hautagaitza eta aitortzak ere hainbat izan dira. Besteak beste, aktore onenaren Goya sarirako izendatu zuten Albizu El buen patrón pelikulan egindako lanagatik.
Imajinatu zenuen noizbait San Prudentzioko pregoilari izango zinela?
Bai zera! Gainera gauza hauek ez zaizkit gehiegi gustatzen. Hasiera batean, nire agenteak esan zidanean Diputaziotik deitu zutela proposamena egiteko, ezetz esan nuen. Zer egingo nuen nik hor? Zer lotsa! Ofiziala izan zen arte, atzera eta aurrera ibili nintzen.
Lurraldeko zinemagintza gogoratu duzu pregoian. Osasuntsu al dago euskal zinemagintza?
Uste dut momentu ona dela, bai. Euskadin, batez ere, produkzio asko egiten ari dira, eta kalitate handikoak. Plataformen olatuak asko bultzatu du industria, eta hemen talentu asko eta gauzak egiteko gogo asko dago.
Plataformen ozeanoan ez al dira lanak gero eta galkorragoak?
Beti da lana, eta hori ondo dago. Kontuan izan gure ofizioaz bizi garen aktoreen portzentajea oso txikia dela, eta plataformek aukera ugari eman diete lagun askori. Gainera, plataformei pertsonaiak interesatzen zaizkie, eta ez horrenbeste izenak; aktore asko beste modu batera helduko ez ziren paperak egitera heldu dira plataforma hauei esker. Izan ere, Espainian askoz garrantzitsuagoa da izena, aktore ona edo txarra zaren baino. Eta, beharbada akatu egingo naute, baina horrela da: aktore txar asko dago etengabe lanean, eta oso onak euren etxeetan zain. Plataformek beste ate bat ireki dute; zuzendari ingeles bati berdin zaio nor zaren, egiten duzuna idatzi duen pertsonaia hori izatea nahi du bakarrik.
'Deviant' pelikularen filmazioa amaitu berri duzu Amurrion. Hori ere plataformetan ikusiko da?
Produkzio oso txikia da, Amania eta Kevin Iglesiasek ekoitzitakoa. Eta uste dut ibilbide luzekoa eta jaialdietarako pelikula dela, baina batek daki non amaituko duen. Ez dakit horren ostean plataformetan izango den.
"Gure ofizioaz bizi garen aktoreak gutxi gara, eta plataformek ateak ireki dituzte"
Gogoa zenuen etxe inguruko pelikula batean parte hartzeko?
Bai eta ez. Egia esan, azkenaldi honetan nahikotxo izan naiz Arabatik gertu, Intimidad seriea grabatzen edota film laburren batean; hain justu, saria eman berri diote Gasteizko Icoff jaialdian parte hartu nuen David Perez Sañudoren Artesanía laburrari. Burgosen filmatu genuen hori. Baina, egia esan, berdin zait, ez naiz oso lokalista. Abantaila bakarra da hemen etxean nagoela eta amatxok zaintzen nauela, kar-kar. Ez da gauza bera hotel galdu batean egotea...
Urte hasiera ona daramazu lanean, ezta? 'El buen patrón' pelikulan egindako lanagatik Goya sarirako hautagaia izan zinen ere...
Bai, tira. Izendapenak ez dira beste munduko ezer. Oso ondo daude, noski, aitortza direlako, baina oso zaila da Goya irabaztea... Aktoreen elkarteko kideek, halere, beti ematen didate kontsolazio sari bat, kar- kar; eta oso pozik, oso pozgarria da beste aktore batek zure lana aitortzea, produktore batek eman diezazukeen saria baino askoz garrantzitsuagoa.
Noiztik ez duzu Principaleko taula zapaldu?
Bitxia da, baina antzerki gutxi egin dut Euskadin, eta gutxien Gasteizen. Gertatzen dira halakoak... Oso bira luzea egin nuen Esperando a Godot obrarekin, eta urtebete daramat antzerkirik egin gabe; pandemian harrapatu gintuen, eta, hala ere, mundu guztia gaizki zegoenean, lan asko egin genuen, oso intentsoa izan zen.
Azkenaldian denboraldi lasaiagoa hartu dut, noizean behin behar dira horrelakoak, baina badut berriz ere taulara bueltatzeko gogoa.
Antzerkia da gehien gustatzen zaizuna?
Pertsonaiekin zerikusi handiagoa du. Abantaila bakarra da feedback-a berehalakoa dela antzerkian; publikoaren erantzuna unean bertan duzu, pozik barre egiten badute edota tentsioa badago... Sortzen den energia gertutik sentitzen duzu. Zineman ez duzu zure lanaren gaineko kontrolik; amaitu ondoren muntatzailea dator, pieza hau kendu, bestea jarri... oso ezberdina da. Baina lan egiteko orduan ere interesgarria da, desberdina da, askoz ere gehiago eutsi behar diozu barruan daramazunari, baina interesgarriagoa ere izan daiteke.
Itxaronaldi ugari izaten da lan baten zain?
Beti izaten dira itxaronaldiak aktoreen munduan, batez ere hasten zarenean. Ni lanbide honetara kasik konturatu gabe sartu nintzen, eta denbora behar izan nuen ofizioan leku bat egiteko. Ehunka aktorek bezala, nik ere zerbitzari modura lan egin behar izan nuen. Geldialdi momentuak izan dira, baina zorionez lortu dut honetaz bizitzea.
Pertsonaiaren bat duzu amets?
Ez, ez dut inoiz izan. Onena beti iristear dena dela uste dut. Pertsonaia guztiekin gozatzen saiatzen naiz, eta datorrena etorriko da. Bihar Ofeliarena egin behar badut, eta ez dut uste hala izango denik, Ofeliarena egingo dut, edo bi urteko ume batena ere, egin behar bada.
Lanak uzten duen tartean, nola bizi dituzu Arabako jaiak?
Gehienetan kanpoan izan naiz, baina beti ospatzen ditut: San Prudentzio, Blusaren eguna, Zeledonen jaitsiera... Nire sustraiak hemen daude, eta nagoen lekura eramango ditut. Lasai ospatzen dut, ez dut panpinarik botatzen leihotik kar-kar, baina modu batera edo bestera ospatu egiten dut. Aurten hemen izango naiz San Prudentzio bezperan, eta espero dut planen bat egitea, eta perretxikoak mahai gainean izatea, noski. Barraskiloekin, berriz, ezin, txikitako traumaren bat dudala uste dut...